Musika

Ainhoa Larrabe

2017.11.25

Ainhoa Larrabe

Entzuten ez dena aditzeko deia

“Nire galdera da ea rocka eta, oro har, kultura ez ote den infrasoinu mota bat; hor dagoena, baina askok jaramon egiten ez diotena”. Entzuten ez diren soinuen eta gizarteko deiadarren arteko analogia egin du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen azken lanari erreferentzia egiteko. Izena ere hortik datorkio: Infrasoinuak (Only In Dreams). Hamar abestirekin osatu dute lana, eta musika taldearen DNAren soinu guztiak biltzen dituela uste dute Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek. «Propio erabaki genuen horrelako lana egitea; hasi eta buka entzun daitekeen diskoa da, entzun ondoren gehiagorako gogoz uzten zaituen horietakoa». Atzo aurkeztu zuten lana, Bilboko Kafe Antzokian. Iragarri dutenez, 2018ko martxoaren 17an egingo dute Infrasoinuak lanaren aurkezpena Euskal Herrian; Barakaldoko BECen (Bizkaia). Emanaldi «bakarra» izango dela aurreratu dute, eta sarrerak salgai dituzte webgunean.

BERRI_TXARRAK-4

Diskoaren aurkepenean saio akustiko bat eskaini zuen taldeak. (Monika del Valle / Argazki Press)

Abagune berezian sortu dute diskoa. Izan ere, hiru urte dira musika taldearen hogeigarren urtemuga ospatzeko Denbora da poligrafo bakarra lan hirukoitza argitaratu zutenetik, eta disko bakoitzeko bira urte bat igaro dute. Bada, lokalean sartu eta sorkuntzan murgiltzeko gogoak bat egin zuen Bill Stevenson ekoizle estatubatuarrak egindako eskaintza batekin. Hala azaldu du Gonzalezek: «Descendents musika taldearekin Hego Amerikan egiten ari ginen bira bukatu, eta agurtzera gindoazela esan zigun Billek [ Stevensonek] ea noiz itzuliko ginen bere etxera grabazioa egitera. Nola esan ezetz eskaintza horri?».

Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzeko Xake-mate kultural bat atalaren ekoizlea izan zen Stevenson. Orduko hura zortzi egunetan grabatu zuten, ordea, eta denbora hartuta osatu dute Infrasoinuak lana, beraien erara. Urbizu: «Errepikatu dugu ekoizlea, baina ez grabatzeko modua». 2016ko abenduan jaso zuten ekoizle estatubatuarraren proposamena, eta abuztuan egin dituzte grabazioak The Blasting Room estudioetan (Fort Collins, Colorado, AEB). «Masterclass» gisa izendatu ditu hango irakaspenak Izagirrek, taldeko bateria jotzaileak. «Oso prozesu berezia izan da. Orain arte egin ez ditugun gauzak probatu ditugu. Aberasgarria izan da, ikusita zein modu lotsagabean egiten dieten aurre halako prozesuei. Grabatzeko ortodoxiari eta erritmoei muzin egin, eta ekoizteko modu berriak sortzen dituzte».

Errealitatearen jiran
Argi azaldu du Urbizuk oraingo lana ez dela aurrekoaren ispilua. «Denbora da poligrafo bakarra lan berezia izan zen; urtemuga ospatzekoa. Badakigu askok aurreko lanari begiratzen diotela eta ispilu gisa jartzen dutela. Lehen erreakzioan hori pentsa dezakete: hogei kantuko lan batetik gatozela eta lan laburragoa egin dugula oraingoan. Har liteke zerbait txikiagoa izango balitz bezala, baina musikalki ez dago hausturarik Infrasoinuak diskoan, oinarri eta zutabe sendoak dituen lana da».

Jaio.Musika.Hil (2005) lanarekin sortutako efektua ekarri du gogora Urbizuk. «Zale berriak erakarri zituen lanak, eta, ondoren etorri zen espektatiba horren aurrean, lokalean sartzeko jarrera hartu genuen: tripetatik ateratzen zenari tira egitea». Bestelako abagunean dator bederatzigarren lana. Baina antzeko sentipenetik sortu dutela azaldu du.

Ez dute hala moduz aukeratu diskoari izena emateko hitza. «Gure inguruan egonagatik entzuten ez ditugun soinuak dira infrasoinuak; jaramonik egiten ez diegun hots horiek. Irudi adierazgarria iruditu zitzaidan gizartea edo gure jarrera apur bat kritikatzeko: zenbat eta zenbat norbanako eta kolektibo, zenbat herri dagoen munduan alarma hotsa botatzen, eta zenbat borroka egin behar den entzuna izan ahal izateko».

“Jaramonik egiten ez diegun hots horiek dira infrasoinuak. Irudi adierazgarria iruditu zitzaidan gizartea edo gure jarrera apur bat kritikatzeko”

Harago ere jo du Urbizuk. «Infra horrek ere badu esangura propioa: apur bat azpitik egotea, nolabait. Kultura txiki edo txikitu honetatik gatozenak badakigu zerbait horretaz. Biktimismoan erori gabe, baina badakigu azpian egoteak zer esan nahi duen». Errealitate horren jiran dabiltza diskoan bildu dituzten abestiak, besteak beste.

2018an abiatuko dute diskoa aurkezteko bira, «etxetik urrun»; Asian, alegia. Australiara egingo dute gero. Iragarri dutenez, emanaldi «berezia eta bakarra» egingo dute 2018ko martxoaren 17an BECen. Entzuleek egindako eskaera bati erantzungo diote emanaldiarekin. Hala aitortu du Urbizuk, umorez. «Azken urteetan egin ditugun kontzertuetan jende asko sarrerarik gabe geratu da, eta jarraitzaile asko kexatu dira horregatik. Sarritan aipatu digute zaleek ea zergatik ez dugun areto handiagoetan jo. Bada, areto handirik bada, BEC da».

Rockaren egunerokoei
BECeko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi ere iragarri dituzte: Bartzelonako Razzmatazz aretoan 2018ko martxoaren 10ean, eta Madrilgo La Rivieran apirilaren 14an. Hiru kontzertuetarako sarrerak www.berritxarrak.net webgunean jarri dituzte salgai.

Hiru kontzertu berezi egingo badituzte ere, rockaren egunerokoan, areto eta espazioak aldarrikatu ditu Urbizuk. Halako guneak goratzeko sortu dute Infrasoinuak diskoaren seigarren abestia: “Beude”. Hala dio: «Beude Hori Bai, Psilocybe eta Lekunberriko Kantina/ Beude Ttattola, Akelarre eta Bilboko Kafe Antzokia/ Beude neguan epela eman ziguten doinuak/ zurekin bizitako kontzertuak».

ETIKETAK:Berri TxarrakBill StevensonDavid GonzalezGalder IzagirreGorka UrbizuOnly in Dreams