Musika

badok

2021.02.22

badok

Hainbat berrargitalpen, Esan Ozenkiren 30. urtemugan

Esan Ozenki zigilua sortu zela 30 urte betetzen direla eta, hainbat berrargitalpen iragarri ditu Elkar diskoetxeak datozen hilabeteetarako. Alde batetik, zigiluari hasiera eman zion Gure jarrera diskoaren edizio berezi bat kaleratuko du apirilaren 20an, binilo bikoitzean eta aspalditik deskatalogatuta dagoen Gora herria maxia ere barne hartuko dutela. Halaber, uda ondoren Negu Gorriak-en beste hiru disko berrargitaratuko ditu Elkar diskoetxeak: Hipokrisiari stop! Bilbo 93-X-30 zuzeneko lana, Ideia zabaldu eta Salam, agur. Horrekin Irungo taldearen diskografiaren berrargitalpena osatuko du Elkarrek.

Negu Gorriak Borreroak

Negu Gorriak-en diskografia osoa berrargitaratuko du Elkarrek.

Horrez gain, Anestesia taldearen Fenix Tour birarekin bat eginez, Toki berean lehen EParen “oso berragitalpen zaindua” kaleratuko du Elkarrek, hamabi hazbeteko biniloan. Diskoetxeak azaldu duenez, disko haren oso ale gutxi egin ziren, eta “zor historikoa” zen hura “berreskuratzea eta eguneratzea”.

Toki berean

‘Toki berean’ diskoaren azala

Esan Ozenkiren 30. urtemugako ospakizunak borobiltzeko, Youtuben kanal bat irekiko dute apirilean 20an, eta orain arte sarean egon ez den hainbat bideo eta material interesgarri jarriko dute bertan. Halaber, maiatzean eta ekainean Esan Ozenkiren katalogoaren zati zabal bat 3,95 euroko salneurrian jarriko du Elkarrek.

Elkar diskoetxeak beste bi nobedade iragarri ditu 2021eko lehen hilabeteetarako. Alde batetik, Serge bakarlariaren Leihotik mundura —dagoeneko kalean da Eraso! taldeko kidearen bigarren lana—, eta bestetik Habi eta Etxekalte taldeek partekaturiko singlea. Bira bat elkarrekin egin behar dutela eta, urtarrilean Elkar estudioan sartu ziren bi taldeetako musikariak eta elkarren artean nahasturik bi kantu grabatu zituzten Victor Sanchez soinu teknikariarekin. Elkarrek ez du argitaratze-data iragarri.

ETIKETAK:ElkarEsan OzenkiEtxekalteHabiNegu GorriakSerge