Musika

badok

2019.11.28

badok

‘Il cercatore di perle’, Inoren Ero Niren lan berria

Bidehuts zigiluak Inoren Ero Ni taldearen lan berriaren argitalpena iragarri du. Il cercatore di perle (Harribitxien bilatzailea) du izenburu eta Garate estudioan grabaturiko lau kantu biltzen ditu. Xabier Montoia idazle eta musikariaren iritziz, “taldearen orain arteko emaitzarik bikainena da eta, batez ere, pertsonalena”. Diskoa Durangoko Azokan jarriko dute salgai, eta ondoren Bidehutsen web orrian, dendetan eta zuzenekoetan erosi ahal izango da. Aurrerapen gisa, ondoko bideo hau zabaldu du Bidehutsek.

Hauxe da, osorik, Inoren Ero Niren disko berria azaltzeko Xabier Montoiak idatzitako testua:

Duela hamasei urte hasitako bidean, Inoren ero nik egindako azken urratsa dugu oraingo “Il Cercatore di perle” hau. Urrats bat gehiago, gero eta izendatzeko zailagoa den bide beharbada bihurri, baina, edozein kasutan, guztiz koherente batean. Hasierako Inoren ero ni izeneko LPaz mintzatzean, hardcorea aipa bazitekeen ere, hurrengo diskoetan rock mota horretatik urrundu eta bide propioa urratu du taldeak. Diskoz disko egin du aurrera, “Il Cercatore di perle” honetara heldu arte. Tartean kide aldaketa garrantzitsuak (Mariano Drakeren ordez, Guantxe Mikelen partez) eta saio asko egon dira. Hasierako erritmo azkarrak moteldu eta biderkatu egin dira musikaren nabardurak, ugaritu giro aldaketak. Bilakaera horren ondorio zuzena da “Il Cercatore”, nire ustez, taldearen orain arteko emaitzarik bikainena eta, batez ere, pertsonalena. Eta nago kantu sorta honi eman dioten izena nahita eta propio eman diotela, inola ere ez halabeharrez, ederki jasotzen baitu taldearen funtsezko filosofia, sorkuntzari dagokionez: Il cercatore, bilatzailea, alegia. Bila eta bila aritu ondoren, lau perla eder aurkitu ditu taldeak, lau ale distiratsu, horietako bakoitzaren distira ezberdina izanagatik. Ikus ditzagun banan-banan.

“Amen eta orain” du izena diskoaren lehendabiziko kantuak. Berehala arreta eskatzen digun sarrera indartsu baten ondoren, hizketan hasten zaigu Okene. Hizketan, bai, horixe egiten baitu hemen, kantuan baino gehiago. Ahotsak gora eta behera egiten du (orain xuxurla, orain oihu), bukaerako tronpetarekin bat egin arte, taldeak sortzen duen giro beti aldakorrarekin batera.

“Minaren gauzatzea” dugu hurrengo kanta. Charles Bukowskiren poema bat oinarritzat harturik, kantu patxadat-sua osatu dute, malenkoniatsua kasik. Badirudi doinua, ahotsa batik bat, oso urrundik heltzen zaigula, laino artetik edo. Hitzak ia banan-banan datoz eta, sarri, luzatu ere egiten dira, harik eta kantua bere erpinera iritsi eta, bat-batean, isiltzen den arte

Diskoaren beste aldea zabaltzeko “il Cercatore di perle” bera aurkitzen dugu. Italieraz kantaturik, hemengo lau kantuetatik taldearen sustrai musikalak agerien uzten dituena da, niri iritziz. Kantu oldarkorra da, bizi-bizia, guztietatik egokiena jauzi eta dantza egiteko.

“Zerria” deritza diskoaren laugarren eta azkenak. Kanta iradokitzailea da, inondik ere, oihartzunez betea. Hasie-rako akordeen segidak, kantaerak, giroak Mikel Laboa ekarri didate niri gogora, entzun dudan aldi bakoitzean.

Ederra. il cercatore pozik itzul daiteke ur-azalera, beraz, baditu-eta lau perla eder sakelan.

ETIKETAK:BidehutsInoren Ero NiXabier Montoia