Musika

badok

2015.03.18

badok

Kilometroak jaiaren abestia aurkeztu dute

2015eko urriaren 4an Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaiak badu dagoeneko abestia. Usurbilgo hainbat musikariren artean osatu dute, Jakoba Errekondoren hitzak oinarri hartuta. Aurkezpena egiteko, Potxoenea kultur etxean bildu dira Mariaje Imaz Udarregi Ikastolako zuzendaria, Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea, Eñaut Telleria Ikastolen Elkarteko ordezkaria, Jakoba Errekondo abestiaren hitzen egilea eta kanta egiten duten musikarietako bi, Ixak Arruti (Mendeku Itxua, Izeberg) eta Labrit Zabala. Gattunk da aurtengo Kilometroen leloa, eta hori da kantaren izenburua ere.

https://youtu.be/vHkj2CjyDnc

Jakoba Errekondok egin du abestiaren letra, eta horren inguruko azalpenak eman ditu prentsaurrean. “Euskaraz ari bagara, ikastola baldin badugu, hari batek lotzen gaituelako ari gara. Euskararen historiaren lokarri luzearen hari gara: iazko Orioko txikotarekin lotzen dugu geure soka, lokarria, lixta, haria”.

Abestiaren letra, bi ideia nagusiren ildotik dator: batetik, komunitaterik gabe ez dagoela hizkuntzarik, eta bestetik, heldu diogulako eta bertara josi garelako, (h)ari garelako bada hizkuntza. Errekondok azaldu duenez, komunitatea emea da: “Baloreen transmisioa, kulturarena, hizkuntzarena baita ere emea da. Hortik bertako, Usurbilgo hika emearen, nokaren aditzen erabilera: Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan, gatoztin”.

Ixak Arruti eta Labrit Zabala musikariek azaldu dutenez, herriko musikariek sortu dute abestia: “Bakoitzak bere ideiak elkarbanatu ostean, abestia osatzeari ekin genion. Aipatzekoa da,abestiaren letrak shock egoeran utzi gintuela hasiera batean, ezohikoa eta irregularra baita, baina hori guztia gaindituta, letraren magiak bizia hartu zuen”. Abestiaren sortze prozesua esperientzia berria izan da musikarientzat, haiek aitortu dutenez: “Dena izan da berria guztiontzat, ez baikenuen sekula elkarrekin jo; hortaz, hasierako pausuetatik estudioko orduetaraino, gozatu egin dugu elkarrekin”.

ETIKETAK:EuskaraIzebergKilometroakLabritMendeku Itxua