Musika

badok

2021.04.29

badok

Ni bakarlariaren “Bakarrik” single berria estreinatu dugu

Xabi Agirre Arenaza mungiarraren bakarkako proiektua da Ni. Izen horrenpean grabatutako hirugarren lana, Hemen ez dago zorionik, aurkezten hasi da. Gaur “Bakarrik” izenburuko bigarren singlea estreinatu dugu.

Bost abestik osatzen dute Niren disko berria. Bertan “bilatu gabeko bakardade horri” abesten dio Agirrek. “Isiltasunaz, perfekzio ezaz eta ahotsaren laztasunaz baliaturik, abestiek barruko mina kanporatzen dute”, azaldu dute diskoaren aurkezpen-testuan. Gitarra eta ahotsetik abiatzen dira abestiak, eta gutxinaka-gutxinaka pianoa, biolina, biolontxeloa edota delay efektuak erantsi dizkiote estudioan. Grabazioaren zati bat Mungiako Abadetxe Sorlekuan egin du Agirrek, eta bestea —ahotsa eta gitarrak— Zumaiako San Jose komentuan. Hain zuzen, ahotsak pisu handia du Niren disko berrian, abesteko moduak eta nota luzeen erabilerak David Sylvian, Jason Molina (Songs: Ohia) edota Arvo Pärten minimalismo sakroa ekartzen baitute gogora.

Ni Hemen ez dago zorionik

‘Hemen ez dago zorionik’ diskoaren azala.

Diskoa osatzen duten beste hiru abestiak —”Mina”, “Agur” eta “Normalidadearen prozesua”— datozen hilabeteetan estreinatuko dira banaka. Hala ere, diskoa eskuragarri dago jada hala nahi duenarentzat Niren bandcamp plataforman.

ETIKETAK:Abadetxe SorlekuaNiXabi Agirre Arenaza