Musika

badok

2019.06.05

badok

Olatz Salvadorrek irekiko du ‘Baserriko Uzta’ berria

Baserriko Uzta ekimenaren bigarren ekitaldia aurkeztu berri dute. Kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batu nahi ditu ekimen honek. Horrela, saio bakoitzean baserri bat bisitatzeko, bertako ekoizleen lan egiteko modua bertatik bertara ezagutzeko, kontzertua entzuteko eta baserriko jakiak dastatzeko aukera ematen du. Aurreko aldietan, besteak beste, Anari, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin edota Fermin Balentziak hartu dute parte.

Hiru emanaldik osatuko dute Baserriko Uztaren aldi berria. Ekainaren 15ean, Olatz Salvador kantariak Anuzitako (Araba) Beltzitina baserrian eskainiko du kontzertua, Jagoba Salvador gitarristak lagunduta. Etxaldeko bisita —mermelada ekologikoak ekoizten dituzte Beltzitina baserrian—, kontzertua eta bazkari agroekologikorako txartela 20 eurotan da salgai (gaztetxoek 12 euro ordainduko dute). baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko.

Abuztuaren 31n Eñaut Elorrietak abestuko du Pagolan (Zuberoan) eta azaroaren 9an Ruper Ordorikak kontzertua emango du Eibarko (Gipuzkoa) Sosola baserrian. Ordorikaren emanaldirako txartel guztiak ordu gutxitan agortu ziren, eta antolatzaileek alternatibak eskaintzen saiatu diren arren, ezinezkoa izan da. Aldiz, oraindik geratzen dira Elorrietaren kontzerturako txartelak, eta kasu honetan ere baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko.

ETIKETAK:AnariEñaut ElorrietaFermin BalentziaMikel UrdangarinOlatz SalvadorRafa RuedaRuper Ordorika