2014.11.19
Joxe Ripiau, The Solanos eta Esne Beltza taldeekin oholtza gainean hainbat urte eman ostean, Sergio Ordoñez bere proiektu propioan murgilduta dabil azken aldian. Hain zuzen, Esne Beltzaren Gora! diskoa (5 Gora, 2013) grabatu ondoren taldea utzi egin zuen —Gorka Suaiak hartu zuen haren lekua— Patxuko Nice taldearen disko berria prestatzeko. Iraila eta urria bitartean grabatu du Aieka estudioan eta datozen asteetan ikusiko du argia 435.0 izenburupean.
Sergio Ordoñez eta bere inguruan bildutako musikariak baskulan jarri, eta denek batutako kiloen kopuruak eman dio izenburua diskoari. Irungo musikariaren ondoan Ernesto Villar (gitarra), Dafnis Linares (baxua), Eneko Fernandez (bateria) eta Jon Mari Beasain (gitarra; Esne Beltza, Mal de Ojo…) elkartu dira Patxuko Nice osatzeko. Aurrez musika estilo anitzak jorratu dituzten musikariak dira, baina Patxukoren ukitu koloretsuaz, rock, ska, indie eta kunbia koktel bat osatu dute. Diskoak 12 kantu biltzen ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, eta hitzetan idazle eta poetak izan dituzte lagun, Oier Guillan, Jabier Muguruza, Quin Moya eta Jon Garmendia Txuria.
Hainbat musikariren kolaborazioa ere izan dute, Txus Aranburu, Pello Gorrotxategi, Igor Ruiz Fino, Flavio Finegiro eta Jabier Muguruza bera. Esne Beltzak sortutako 5 Gora zigiluarekin aterako da diskoa, eta Durangoko Azokako Ahotsenea gunean aurkeztuko dute abenduaren 6an, 15:00an.
Taldeak diskoa finantzatzeko crowdfunding kanpaina bat zabaldu du bere web orrian. Argitaratu bitartean, 1.000 bider aurrerapen kantua entzun dezakezu hemen.