Musika

badok

2021.04.16

badok

Pikowskyren lehen bideoklipa estreinatu dugu, “Ziklikoa”

Ander Pikowsky musikariak, Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeko abeslari eta gitarristak, bakarkako bideari ekin dio. Oraingoz abesti bakarra grabatu du, “Ziklikoa”, eta horren bideoklipa estreinatu dugu gaur. Pikowskyk berak grabatu du bideoklipa, etxeko egongelan, bertan apailatu baitu bere estudio eta entsegu lokala. Halaber, bateria izan ezik, berak jo ditu instrumentu guztiak.

Haritz Harreguy soinu teknikariaren estudioan grabatu du Pikowskyk abestia, eta esperientziak erabat asetu du musikari bilbotarra. Harreguyren lana nabarmendu du modu sutsuan. “Esperientzia ikaragarria izan da. Etxean egongo banintz bezala sentitu naiz, eta asko ikasi dut. Kantaren soinu paisaia liluragarrien arduraduna Haritz da, moldaketa batzuk ere egin ditu, eta ni hain kaotikoa izanda, harekin gidaritzapean grabatzea izan da jaso nezakeen bultzadarik handiena”. Ondorioz, bideoklipean Harreguy bera agertzea erabaki du.

Aizkorak Zorrozturen etenaldia zela eta, iazko konfinamenduan Naia Lesder izeneko proiektua sortu zuen Pikowskyk Ales Ordunarekin batera. Hiru kanta eta beste horrenbeste bideoklip grabatu zituen bikoteak, baina urte honen hasieran bere abestiei “espazio propioa” ematea erabaki zuen Pikowskyk. “Kantuak egiten jarraitu dut, nire bizitzan funtsezkoa delako. Behar dut buruan ditudan zurrumurru guztiak kanpora bota, eta musikaren bitartez egiten dut, terapiarik hoberena da”.

Laster beste hiru abesti grabatzeko asmoa du Pikowskyk, eta udazkenerako bere bakarkako lehen diskoa kaleratu nahi luke.

ETIKETAK:Aizkorak ZorroztuAnder PikowskyHaritz Harreguy