Musika

Gorka Erostarbe

2015.12.05

Gorka Erostarbe

Pilulaz pilula, «loraldi txiki bat»

Jakitun dira. Ez rocka, ez popa —zentzurik tradiziozko eta zabalenean—, ez paperean ondutako agerkariak ez daude sasoirik oparoenean. Ez, behintzat, zale edo kontsumitzaile gazteei erreparatuz gero, baina, era berean, tinko eusten diote langintzari. «Badago zulo moduko bat. Ez badira gerturatzen, izango da kontu hauek gazteei ez zaizkielako interesatzen. Baina ez diogu errealitateari begirada nostalgikoz erreparatzen. Guk gustukoa dugu hau, eta egin egiten dugu». Julen Azpitarte kultur kazetaria da, eta saltsa askotako perrexila. Besteak beste, bi urte daramatza Pop pilulak fanzinea koordinatzen, zuzentzen eta plazaratzen. Urtean pare bat zenbaki ateratzen dira pop kultura ardatz izanik, eta euskara hutsean. Xabier Sagardiak hamarkada pasatxo darama Entzun! musika agerkarian lanean. Hilabetekaria izan zen urte luzez, eta duela zortzi urtetik urtekaria da, nahiz eta Interneterako webgune bat ere baduten (www.entzun.com) eta aldiro-aldiro edukiz biziberritzen duten. «Guri ere oso zaila egiten zaigu publiko gazteenarengana iristea, baina ez dugu penaz hartzen hori. Guretzat musika oso garrantzitsua izan zen gazte ginenean, aisialdi eta bizi arnasgune modura. Egun, aisialdirako aukera asko dituzte gazteek, Internet, bideo jokoak eta beste… Garai bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta nork egin dezala garaian garaikoa, beharrezko sentitzen duena».

Durangoko_Azoka._Julen_Azpitarte_eta_Xabier_Sagardia

Julen Azpitarte eta Xabier Sagardia, ‘Pop Pilulak’ eta ‘Entzun!’ argitalpenen arduradunak. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Edonola ere, eta musika aldizkari eta kultur fanzineen egoera irrintzika hasteko modukoa ez den arren, «loraldi txiki» batean dagoela uste du Sagardiak. Eta, preseski, loraldi horren nondik norakoak biltzen ditu Entzun! urtekariaren zenbaki plazaratu berriak, Fantzineen berpiztea garai digitalean izeneko artikulu zabal eta landuan. «Sistema digitalaren baitako pitzadurak bailiran, paperezko argitalpen andana agertu da gauzak beste modu batera egin daitezkeela aldarrikatzeko», dio artikuluaren sarreran. «Paradoxikoa da, baina garai digitalean ugaritu egin dira fantzine moldeko agerkariak». Berpizte eta loraldi horren zati eta adibidetzat jartzen ditu Ana Aldama eta Diego Grisaleña bilbotarrek sortutako La Touretteskinhead kulturaren alderdi beltzena jasotzen duen Run Together, underground kultura islatzen duen IruñekoToki Leza Limits, eta musika afroamerikarra ardatz duen Historia de la Música Afroamericana. Aurrekoak bezala, azken horrek ere gaztelania darabil gaur egun, nahiz eta lehen bi zenbakiak euskaraz ere argitaratu zituzten. Euskara hutsezkoak dira, ordea, Izu giroa punk eta hardcore fanzinea eta arestian aipaturiko Pop pilulak.

Kolaboratzaile berriak
Durangoko Azokarako doi-doi prestaturik heldu da Pop pilulak. Bosgarren zenbakia da Entzun!-en erakusmahai berean salgai egongo dena. Ohiko duen moduan, formatu eta gai desberdineko artikuluak dakartza, betiere pop kulturari loturikoak. Azpitarte gidaria zerbaitek pozten badu, kolaboratzaile sare zabala izateak pozten du: «Zenbakitik zenbakira kolaboratzaile berriak animatzen zaizkigu, eta oso harro egotekoa da hori. Fanzine txikia da, baina artikulu interesgarriak egoten dira beti, eta ondo idatzita egoten dira gainera». Pop pilulak-en berriak dakartzan nobedadeen artean, besteak beste, Santi Leonek idatzitako Breaking Bad-eko Gretchenfrange-a artikulua, Ana I. Moralesek ondutako Atlas / Rocky / Brooklyn, Aritz Galarragak Kiko Amat idazle eta musikazale kataluniarrari egindako elkarrizketa eta Antton Iturbek Servando Rocha idazle espainiarrari egindakoa nabarmendu ditu fanzinearen koordinatzaileak.

Azpitartek berak Raymond Pettibon artistaren inguruko artikulua idatzi du Entzun!-en. Bestalde, urteko musika gertakari nagusiak biltzen dituelarik, Oskorriren agurra profitatuz talde horren ibilbidearen erreportaje kritikoa osatu du Ibon Rodriguezek. Blaxploitationi buruz Iñigo Basagurenek egindako txosten landua, Ion Etxeberriak Jurgi Ekizari eta Antton Iturbek Anari eta Akauzazteri egindako elkarrizketa sakonak, euskal black metalaz Iñaxio Esnaolak egindako erreportajea edo Urko Ansak osatutako historiako euskal heavy balada onenen zerrenda ere azpimarratzekoak ditu ale berriak. 15 euroan, liburukia eta 18 kantuz osaturiko CDa —urteon plazaraturiko diskoetatik hautatuak— eskura daitezke.

(Berria egunkarian, 2015eko abenduaren 5ean argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:AkauzazteAnariEntzun!Julen AzpitarteJurgi EkizaOskorriPop PilulakXabier Sagardia