Musika

Mikel Lizarralde

2016.01.06

Mikel Lizarralde

Arauetatik kanpokoak

Urtea amaitu berri, balantzeak eta zerrendak argitaratzeko garaia izan ohi da hau. Ohi bezala, aurten ere, azkeneko hamabi hilabeteek musikan eman dutena laburbiltzeko eskatu die BERRIAk egunkarian idazten duten lau kritikariei, Julen Azpitarte, Inaxio Esnaola, Ihintza Orbegozo eta Andoni Tolosari, eta horietako bakoitzak bost disko, hiru Euskal Herrian ekoitzitakoak eta bi nazioartekoak, hautatu ditu horretarako —Esnaolaren kasuan, atzerriko bakarra—. Jakinda argitaratzen den guztia entzutea ezinezkoa dela, eta izango direla, hemen agertu ez arren, nabarmendu beharreko lanak, bi lan nabarmendu dira batik bat, lau kritikarietatik bik aukeratu dituztelako: Joseba Ponceren (Dut, Kuraia) bakarkako estreinakoa, JP Lohian & Klonen Klana, eta Jupiter Jonen bigarren diskoa, Eta metaforak greba egin zeben… Biak ala biak, konbentzioei muzin egiten dieten lanak.

Julen Azpitarte-2

JULEN AZPITARTE (Musika kritikaria)

JP LOHIAN & KLONEN KLANA: JP Lohian & Klonen Klana (Lohian Records)
Joseba Poncek aurtengo euskal diskorik bikainena eta originalena ondu du ezbairik gabe. Askotariko soinu kosmosa eraikitzeko gai izan da, eta era berean, batasun trinko eta itzaltsua erakusten jakin du. Hala, eragin klasikoekin ondutako zortzi kantu bildu ditu, obra garaikidea osatzeko: Hard-rock klasikoaren indar sotila, punk-rock malenkoniatsua, giro psikodelikoak eta ahots melodia zainduak, ondoan, ia beti bezala, Karlos Osinaga izan duela.

jp lohian

JUPITER JON: Eta metaforak greba egin zeben… (Bidehuts)
Bidasoa inguruko taldea Euskal Herriko talde interesgarrienetarikoa iruditzen zait. Bigarren urrats honetan, gainera, aurreko lanean erakutsitako inkonformismoa areagotu du, eta lau taldekideen proposamenean bestelako sonoritateak gehitzeko ahalmena erakutsi dute: euskal folkloreko elementuak, lirismoa, rockabillya, perkusioak… Haien primitibismoan, banda ipurterrea da, aseezina, eta bigarren disko hau hazi eta hazi baino ez da egiten.

Jupiter Jon
LOS GRAVES: Supernova
Oraintsu iritsi naiz disko honetara. Iruñeko hirukoteak —aurretik Columpio Asesinoko Cristina Martinezek ere jo zuen eta grabazioan ere parte hartu du—, sustrai klasikodun rock-and-roll disko bikaina jaso du: Paisley underground, garage-rock, psikodelia, surf, power-pop, folk-rock, Gainsbourg eta Birkin… herrikide dituzten 90eko hamarkadako Los Bichos mitikoen ondorengo duinak dira. Dani Uleziak ekoitzi du, eta bere eskua nabarmena da.

ROYAL HEADACHE: High
Australiarrena aurten gehien entzun dudan diskoa da, Star Trip espainiarren lanarekin batera. Atzerriko hedabideetan ere sekulako laudorioak jaso ditu. Punk-rock disko bat dela esatea sinplekeria litzateke: Antipodetako punk tradizioaren (Victims, Eddy Current Supression Ring…) eta punk sustraidun rock amerikarraren (The Replacements…) ezaugarriekin bustitako doinu biribilak jaso dituzte, garage eta pop zertzeladak baztertu barik. Emozioz betetako lan grinatsua da, kirioak dantzan jartzen dituen horietakoa.

ZEBRA HUNT: City Sighs
Egunkari honetan aurten idatzi dudan azken iruzkinean jasotako diskoa da City Sighs. Ekainean Donostian jo zuten, baina diskoa berriki entzun dut, eta harrezkeroztik, bueltaka ari da nire disko-jogailuan. Estatubatuarrek, lantzean behin, pasarte lisergikoetan erortzen diren dozena bat pop gozoki idatzi dituzte. The Clean, The Chills, Velvet Underground, eta Boomgates taldeen jarraitzaile sutsuak dira, eta horrekin dena dago esanda. Urte berri on!

INAXIO ESNAOLA

INAXIO ESNAOLA ARANZADI (Musika kritikaria)

2ZIO: Bideak (Egilea editore)
Euskal rapa bizirik dagoela berretsi du 2zio hirukoak. Urteko ezusteko handiena da haien bigarren diskoa. Lehen entzunaldian txundituta geratu nintzen, baina bigarren baten beharra izan nuen kantuen hitzak segitzeko. Sentituak, kritikoak nahiz existentzialak. Oraindik ezin dira hitzak inon irakurri, eta ez dakit ez ote den abestiak gehiagotan entzuteko. Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olaskoagak definitu duten hip hop ilunak merezi du.

2zio
JP LOHIAN & KLONEN KLANA: JP Lohian & Klonen Klana (Lohian Records)
Joseba Ponce hondarribiarraren musika curriculuma gustuko dugunok esperotakoa baino gehiago topatu dugu bere bakarkako aurreneko pausoan. Dena bere kabuz egin izanak emaitza borobiltzen du. Musika tresna guztiak berak grabatu dituenean jakin dut, berez, bateria jotzailea dela. Erronka pertsonaletik harago doa sortu duen kantu bilduma. Euskarazko rock disko onena da, eta ez aurtengoa bakarrik.

IZAKI GARDENAK: Aurri gara (Oihuka)
Americana jantzi gabe, soinean daramate. Erritmoa lausotu du Gasteiz eta Iruñea bitarteko bandak. Itsasargiak estreinako disko labur hartatik rock eta folk proposamena asko aberastu dute. Kantu lasaiagoak ditu bigarren lan luzeak, baina baita ñabardura gehiago ere. Jon Basaguren erosoago nabari dut kantuan, erosoago kantuekin. Hurbiletik segitu duzun musikaria nola hazi den ikustea pozgarria da.

izaki gardenak aurri gara

GHOST: Meliora
Mozorroaren atzean ezkutatzen dena ona bada, aitzakia komertzialek ez dute balio. Suediako rock banda mainstream bihurtu dute, bere onena eman duenean. Hirugarren diskoa da orain arte egin duten osoena. Rock gogorretik abiatu baziren ere, eragin ilun guztiak bateratu, eta melodiak puntu gorenera eraman dituzte. “He Is” abestia da, zalantzarik gabe, aurten gehien entzun dudana.

Ihintza Orbegozo

IHINTZA ORBEGOZO (Musika kritikaria)

ANARI: Zure aurrekari penalak (Bidehuts)
Anariren diskoez ari garenean askotan bertako hitzez jarduten dugu, jakina baita azkoitiarraren hitzak entzun, irakurri eta hausnartzekoak direla. Aurten argitaratu duen Zure aurrekari penalak diskoan ere hala gertatzen da, izugarri hitz mamitsuak baitaude, baina aipatzekoa da horiek guztiak nola uztartu dituen musikalitate bikain batekin, inoiz baino piano gehiago erabiliz eta gitarren intentsitatea behar denean aldatuz. Disko biribila, inondik ere.

ANARI_ZAP
ZURA: Egunkari ezkutua (Oihuka)
Xabi Strubellek egiten duen guztiak itzela behar du izan, jende askoren iritziz, eta Zuraren azkena entzunda, arrazoirik ez zaiela falta uste dut. Izugarri disko erabatekoa da, rockaren barneko estilo ezberdinetako abestiak tartekatuz, ahots erlaxatu melodikoagoz nahastuta, eta guztia distortsioz inguraturik. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua ardatz hartuta, eleberriari errepaso egiten dio lau urtarotan banatuz, eta hango egoera, pasarte eta sentimenduei men eginez.

zura

VOLTAIA: Medusa (Mauka)
Zumaiatik datorren talde gazteak bigarren diskoarekin konkistatu gaitu bat baino gehiago. Lehen taldeari itxura ona hartu bagenion, oraingoarekin zale bihurtzea lortu dute. Rock eta stoner doinuak maite dituztenek kontuan hartu beharreko diskoa da honako hau; melodia itsaskorrekin, behin eta berriz entzunaraztea lortzen duena, eta urte amaieran argitaraturik ere, aipamen berezia merezi duena.

Voltaia Medusa
ALABAMA SHAKES: Sound & Colour
Bigarren diskoa dute Alabama Shakes talde estatubatuarreko kideek, eta sari eta aipamen ugari irabazi dituzte honekin. Ez da gutxiagorako, 2015. urtean argitaratu den lanik onenetako bat baita ene irudiz. Brittany Howard abeslariaren ahots izugarriak rock, garage, blues eta soul doinu zikinak bikain koloreztatu ditu. Estilo eta gustu guztietatik haratago, musikazalea den orok bere apalean izan beharreko lana da honako hau.

METZ: II
Noise rock eta hardcore doinuekin, eta zarata ateratzeko gogoz plazaratu zuten Metz kanadarrek aurtengo udaberrian II izeneko lana. Ordu erdi eskas irauten duen diskoan, gitarren distortsioa da nagusi, oihuz eta ahots urratuz, eta bateria indartsuez lagunduta. Ez da lehen entzunaldian erraz sartzen den horietakoa, baina estiloa gustuko dugunok izugarri gozatu dugu entzuten; beraz, eman aukera bat, merezi du eta.

ANDONI_TOLOSA_'MORAU'

ANDONI TOLOSA (Musika kritikaria)

LOU TOPET ETA HARKAITZ CANO: Abesti bat gutxiago (Kalaportu Sare Bideak / Garoa Kultur Lab)
Pentsa daitekeen baino askoz ere zailagoa da bertsio disko duin bat egitea. Kantu originalek duten zailtasuna da oztopo nagusietako bat, eta kantu horiek bertsio egilearen mundura ekartzea da bigarrena. Bi oztopoak oso modu txukunean gainditu ditu Oier Arantzabalek disko honetan. Jeff Tweedy, Damien Jurado, Will Oldham… ez dirudite oso artista erosoak haien bertsioak egiteko; are gehiago, ez du lan erraza izan behar kantuak modu esanguratsuan euskarara ekartzea. Eta ez naiz hitzez bakarrik ari. Erronkari aurre egin diote, eta urteko poz musikalik handienetako bat eman digute.

Lou Topet
JUPITER JON: Eta metaforak greba egin zeben… (Bidehuts)
Irudimena armarik onenetakoa da musikariarentzat, eta irudimenez gainezka dator Jupiter Jonen bigarren lan luzea. Alboka psikodelikoak —Satanak” kantua disko oso bat balio duten hit horietako bat da—, erritmo tribalak han-hemenka (Navajo kodigoan” surrealista samarra) eta chicha apur bat diskoa ixten duen Joaquín” dibertigarrian. Entsalada galanta. Horretaz gain, 1980ko new wavetik zuzen-zuzenean edaten duen kantu bilduma koloretsu (beltza nagusi bada ere), umoretsu eta freskoa da. Zoritxarrez, euskal pop-rock talderen baten diskoren batez hitz egiterakoan, oso gutxitan erabiltzen ditugun adjektiboak..

MADDI OIHENART & SOKAHOTS ORKESTRA: Doi (Reseda Diskak)
Maddi Oihenarten ahots eta kantaeraz zer esan? Seigarren diskoa du Doi hau, eta ez du zertan ezer erakutsi beharrik, Euskal Herriko kantaririk finenetakoa delako, eta kito. Hala eta guztiz ere, aipagarria da Zuberoako herri musika eta hizkuntz musikal garaikideak uztartzeko bidean disko honekin egin duen urrats berria, ez baita lehenengoa izan, ezta gutxiagorik ere. Oraingo honetan Jeremie Garat musikariarekin lan egin du, musika garaikidearen, herri musikaren eta jazz anbientalaren bidegurutzean koka daiteken Doi honetaz erditzeko. Ez da lan erraza, lehorra ere gerta daiteke hainbatetan, baina edertasunak beti du prezioren bat.

Captura de pantalla 2015-11-23 a las 11.10.26

NIÑO DE ELCHE: Voces del extremo
Nortasuna eta nortasuna, horixe da disko honek erakusten duena, nortasuna akorde, hitz eta lelo bakoitzean, nortasuna kantu bakoitzak aipatzen duen istorio/hausnarketa/kritikan. Irakurketa oso zabaleko rocka eta flamenkoa dira bi zutabe nagusiak, eta bi horien gainean munduaren miseriak modu kritikoan aletzen duen kantu bilduma. Poesia gutxi dagoela disko honetan? Kontrakoa uste dut, une jakin batzuetan mingarria ere izan daitekeen poesiaz beteta egotea izan daitekeelako disko honen erakargarritasunik nagusietakoa.

RICHARD THOMPSON: Still
Kultuko kantari, konpositore eta gitarra jotzailea, ziurrenik, Thompson jauna izango da itzal luzeenetakoa duen musikari ingelesa —herri musikak eta pop-rockak bat egiten duten esparruaz ari bagara, behintzat—. Joan den urteko familia-diskoak ederki gogoratu zigun hori, eta baita erakutsi ere oraindik urruti egon daitekeela erretirotik. Jeff Tweedyk ekoitzitako Still honek, berriz, artistaren mailarik bikainena erakutsi digu Chicagoko musikariaren laguntzarekin. Maisulantzat jo daitekeela uste dugu, baina hori ez da harritzekoa Thompson jaunaz ari garenean.

(Berria egunkarian, 2016ko urtarrilaren 5ean argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:2zioAnariAndoni TolosaDiskoakHarkaitz CanoIhintza OrbegozoInaxio EsnaolaIzaki GardenakJoseba PonceJP Lohian & Klonen KlanaJulen AzpitarteJupiter JonKarlos OsinagaLou TopetMaddi OihenartVoltaia