Musika

badok

2015.09.21

badok

Entzulearengana bidean

Ez dira denak, etorriko dira gehiago, baina udazken honetako disko ekoizpenaren multzo mardul bat (42 lan berri) bildu dugu artikulu honetan. Aurten ere asko eta askotarikoak izango dira Durangoko Azokaren aurreko hilabeteetan plazaratuko diren diskoak. Hona hemen lan horietako batzuen inguruko zertzelada batzuk.

2ZIO: Bideak (Egilea editore)
Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olaskoagak osatzen duten rap hirukoteak asteon kaleratu du bere bigarren diskoa. Donibane Ziburuko gaztetxean grabatu dute Iñaki Plaa-rekin eta 16 kantu biltzen ditu. Bideak diskoko hitzetan “sentipen sakonak eta gizarte kritika ardatz duten gaiak” landu dituzte eta musikalki “argi ilunez beteriko melodiak” dakartza diskoak. Osorik entzun dezakezu hemen.

https://youtu.be/QS79i4ksI28

BI BALA: Gure eroyak (Bonberenea Ekintzak)
Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran bertsolarien inguruan sortutako rock taldeak Bonberenea estudioan grabatu du bigarren diskoa, Karlos Osinaga soinu teknikariarekin. Hamar kantu jasotzen ditu eta urriaren 17an aurkeztuko dute zuzenean Bonberenean bertan. “I Am Basque” da diskotik ateratako singlea.

https://youtu.be/TVhWx7gf4iU

BIDE ERTZEAN & METROKOADROKA: Nola belztu behar zuria (Elkar)
Joxean Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013) poesia liburuak oinarri hartuta Bide Ertzean hirukoteak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiko Asier Sarasola eta Oier Guillanek ondutako Nola belztu behar zuria emanaldiaren zuzeneko grabazioa jasotzen du DVD honek. Sorkuntza hainbat herritan aurkeztu ondoren, berau estreinatu zen leku berean, Usurbilgo Sutegi aretoan, egin zen zuzeneko grabazioa apirilaren 24an. Dagoeneko kalean da. Entzun “Mundua mundu denetik”.

nola

EH SUKARRA: Azken gezia (Oihuka)
Hogeita bost urte egin ditu Eibarko taldeak eta disko berri batekin ospatu du. EH Sukarraren bederatzigarren lanak urriaren 22an ikusiko du argia. Orain ere kantuen hitzak egiteko Asier Serrano idazlearen laguntza izan du Mikel Gorosabel Norton abeslari eta taldeburuak. Entzun “Aspaldiko loreak” aurrerapen kantua.

https://www.youtube.com/watch?v=Orc-57SgYpk

EKIZA: I. album (Bidehuts)
Willis Drummond-en geldialdia baliatu du taldeko abeslari Jurgi Ekizak bakarkako lehen diskoa grabatzeko. Bonberenea estudioan egin du Karlos Osinagarekin, eta crowdfunding bidez finantzatu ahal izan du. Diskoari buruzko informazio gehiago, Berria egunkariak argitaratutako artikuluan.

ekiza

Jurgi Ekizak prest du bakarkako lehen diskoa. (Jon Iraundegi)

EN TOL SARMIENTO: Beldurrik ez (Baga Biga)
Zure mundua diskoaren bira amaitu orduko hirugarren diskoa grabatzen hasi da Arabako Errioxako taldea. Disko honetako kantu guztiak —ska eta rock ildokoak, festazaleak— euskaraz izango dira. Azaroaren 11n kaleratuko da.

https://youtu.be/1wFuxAiXlSY

ENKORE: E (Baga Biga)
Urriaren 28an kaleratuko du talde bilbotarrak bere hirugarren diskoa. Baga Biga diskoetxeak argitaratuko du —Faktore komunak lehen diskoa argitaratu zuen berbera—, eta taldekideen hitzetan, ez dira sekula hain pozik geratu emaitzarekin. Entzun lehen aurrerapen kantua, “Bihotz ezkutua”.

enkore

Enkore taldea.

ERATU: Bidea (Mauka)
Oiartzungo Mecca estudioan ari da grabatzen Eratu taldea bere hirugarren diskoa. Keu Agirretxea, Fernando Apoa (Estricalla, Matxura…) eta Juantxo Arakama (Glaukoma) izango ditu kolaboratzaile, besteak beste. Entzun lehen aurrerapen kantua, “Heldu nazazu”.

eratu+fernando apoa

Eratu taldeko kidea Fer Apoarekin, Mecca estudioan.

ESNE BELTZA
Bosgarren diskoa grabatzen ari da Esne Beltza Bardozen (Lapurdi), Paxkal Etxepareren estudioan. Beste behin Jon Garmendia Txuria-k idatzi ditu kantuen letrak eta taldekideen artean bi aurpegi berri daude: Pini abeslaria eta Aitor Valcarlos tronpetista.

xabiesne

Xabi Solano, Esne Beltzaren disko berriaren grabazioan. (Gaizka Peñafiel)

ESTANKONA: Ardatza (Egilea editore)
Borja Estankona arratiarrak bakarkako hirugarren diskoa kaleratuko du urriaren amaieran. Ia ibilbide osoan, hala Inizione eta Arean taldeetan nola bakarkakoan, hirukote formatuari (gitarra, baxua, bateria) atxiki zaio Estankona, eta oraingoan ere horrela egin du. Taldea eraberritu du, eta Jimmy Arrabit eta Itsaso Etxebesteren ordez, Koldo de Miguel (Arean-eko kide ohia) eta Iñaki Alonso izan ditu lagun Ardatza diskoan. Lan honetan “musika konplexuago bat” bilatu duela dio Estankonak promozio orrian, “mardultasun, bihurgune eta ertz gehiago” ditu  aurreko biak baino. Eta diskoaren sentsazio orokorra irudi batean jasotzerik balego, “basoarena” izango litzatekeela dio. Entzun “Kate arina”.

ESTANKONA horizontala

Koldo de Miguel, Borja Estankona eta Iñaki Alonso. (Diego Ruiz de Gauna)

GLAUKOMA TA BAD SOUND: Sua zaintzen (Bonberenea Ekintzak)
Urriaren 29rako iragarri du Bonberenea Ekintzak-ek Glaukoma eta Bad Sounden arteko kolaborazioa. Bi kantuz osaturiko singlea grabatu dute bi taldeok, “reggaearen sugarrak zaindu eta Euskal Herrian zabaltzeko asmoarekin”. Entzun “Bizitzaren antzerkia”.

glaukoma bad sound

Glaukoma eta Bad Sound, elkarrekin.

HAN!: Han (Bonberenea Ekintzak)
Elorrioko rock taldearen estreinako diskoa plazaratuko du Bonberenea Ekintzak-ek urriaren 22an. Aurrerapen gisa, “Muxuak” kantua zabaldu dute.

Captura de pantalla 2015-08-13 a las 20.36.57

HUTSA: Amnesia (Taupaka)
Bilboko pop bikote akustikoak —Maria Rivero eta Eriz Perez— laugarren diskoa grabatu du, eta bertan Josu Bergara kantariak kolaboratu du. Crowdfunding kanpaina zabaldu du taldeak gastuei aurre egin ahal izateko. Entzun “Amnesia” lehen singlea.

hutsa

IGELAREN BANDA: Debalde festa (Elkar)
Elkar estudioan grabatu dute Bixente Martinezek, Amaiur Cajaravillek eta Hasier Oleagak Igelaren Bandaren hirugarren diskoa. Xenpelarrek Iparragirreri zuzendutako Iparragirre abila dela bertsoetatik hartu dute diskorako izenburua, izan ere bertso-doinu ezagunen bertsio instrumentalak dira Debalde festa osatzen dutenak. Urriaren 16an argitaratuko da diskoa. Entzun aurrerapena: “Puntuka”.

https://youtu.be/MpPvAGIHl_4

IHESKIDE: Garaitu ez gaituztelako (Mauka)
Elorrioko taldearen seigarren diskoak azaroan ikusiko du argia. Aurreko bi diskoak bezala, Higain estudioan grabatu eta nahastu dute, Harritz Harreguy soinu teknikariarekin. Beti bezain zorrotz eta zuzen ageri da taldea kantu berrietan. Entzun aurrerapen abestia, “Sugarretan”.

IMUNTZO ETA BELOKI: Egurre (Elkar)
Imuntzo eta Belokik beren kantu ezagunenetako batzuk berriz grabatu dituzte eta abesti berriak gehituz osatu dute trikitilari bikotearen zortzigarren diskoa. Urriaren 8an aurkeztuko da. Entzun aurrerapen abestia, “Urolako trena”.

Captura de pantalla 2015-10-07 a las 14.21.58

IZAKI GARDENAK: Aurri gara (Oihuka)
Jon Basaguren buru duen pop rock eta country alternatiboko taldeak Elkar estudioan grabatu du bere hirugarren lana. Elkar diskoetxetik azaldu dutenez, “hats eta indarrez beteriko kantuak ditugu, nortasun berezkoak, ameslariak eta telurikoak era berean, urratzaileak eta samurrak batera”. Azaroaren 5etik aurrera entzun ahal izango da. Entzun aurrerapen kantua, “Hibernazioa”.

aurrigara

JABIER MUGURUZA: Tonetti anaiak (Resistencia)
Azaroan ikusiko du argia Jabier Muguruzaren 14. diskoak. Jazz ukituko doinuetara itzuli da irundarra Tonetti anaiak izeneko lan honetan, bateria (David Gomez), saxofoia (Gorka Benitez), kontrabaxua (Ignasi Gonzalez) eta pianoa eta hammond organoa (Mikel Azpiroz) erabili baititu kantuak janzteko. Kantuen hitz gehienak Muguruzak berak idatzi ditu, baina Harkaitz Cano, Iñaki Irazu, Lourdes Oñederra era Gerardo Markuletaren aleak ere baditu diskoak. Kolaboratzaileen artean, Gari, Pablo Guerrero eta Sonia Yaben. Entzun lehen singlea, “Kathrine Switzer”.

jabierazala

JEAN MIXEL BEDAXAGAR: Belatxa (Elkar)
Sei urte igaro dira Urdiñarbeko kantariak Auñamendi kaleratu zuenetik. Mixel Etxekoparren laguntzaz grabatu du Belatxa, Zuberoako kantutegiaren itsaso zabalean egindako murgiltze berria. Urriaren 15erako aurreikusita dago haren argitalpena. Entzun “Maitea non zirade”.

https://youtu.be/_LarCtfFyX8

JOSU BERGARA: Kanta txikien indarra (Taupaka)
Bilboko Kafe Antzokian ekainaren 18an zuzenean grabatutako diskoa argitaratuko du Josu Bergarak udazkenean. Zortzi musikarik lagundu zioten Eako (Bizkaia) kantariari eszenatokian, hari laukote bat barne. Urritik aurrera zuzenean aurkeztuko du Kanta txikien indarra, bi formatutan: hirukotean (pianoa, gitarra eta biolina) edo banda osoarekin (hari laukotea, bateria, gitarra, pianoa eta baxua).

josu1

Josu Bergarak Bilboko Kafe Antzokian grabatu zuen zuzeneko diskoa, ekainean.

JUPITER JON: Eta metaforak greba egin zeben… (Bidehuts)
Uda osterako agindu du Jupiter Jonek bigarren diskoa, dagoeneko urrun geratzen den Pleistozenoko astelehenak (Bidehuts, 2011) goraipatuaren ondorengoa. Entzun lehen aurrerapen kantua, “Satanak”.

Captura de pantalla 2015-09-28 a las 9.23.19

KEN ZAZPI: Phoenicoperus (Elkar/Argiak)
Azaroaren 27an aurkeztuko du Elkarrek Ken Zazpiren disko berria. Usurbilgo Higain estudioan Ricky Falkner ekoizlearekin grabatu dute hamar kantuz osatutako lana —Berri Txarrak-en Denbora da poligrafo bakarra grabatu zuten hiru ekoizleetako bat da Falkner—. Diskoa aurkezteko lehen kontzertuak 2016an izango dira. Urtarrilaren 8an eta 9an Bilboko Arriaga antzokian, 15ean eta 16an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta 30ean Iruñeko Zentral aretoan joko du Gernikako taldeak. Diskoari buruzko informazio gehiago, Berria egunkariak argitaratutako artikuluan. Entzun lehen singlea, “Zuhaitz adarlotuak”.

https://youtu.be/STN7g8xrngg

KORRONTZI: Korrontzi dantzan (Baga Biga)
Hainbat urte dira Mungiako taldea zuzenekoetan dantzak sartzen hasi zenetik. Geroztik hainbat dantzarik egin dituzte Korrontziren kantuentzako koreografiak. Zuzeneko emanaldi batean grabatutako koreografiak jasoko ditu talde bizkaitarraren seigarren lanak, CD-DVD formatuan. Azaroaren 18an kaleratuko da.

KUDAI: VII (Egilea editore) 
Gipuzkoako bandak bere ibilbideko bosgarren diskoa plazaratuko du datorren hilabetean. Infernura bidaiatzeko proposamena prestatu du laukoteak. Zazpi deabru ditu protagonista, eta horien inguruko istorioa kontatzen du kantu bakoitzak. Musikalki, metal industrialari eutsi dio taldeak pasarte melodiko eta atmosferikoei garrantzia emanez. Grabazio, nahasketa eta masterizazio lanak Espartzako Sonido XXI estudioetan egin dituzte, aurreko lan guztiak bezala. “Leviathan” eta “Mammon” kantuak entzun ditzakezu hemen.

LARREGI: Pantomima (Baga Biga)
Banden Lehia irabazi zuen iaz Lemoako taldeak, eta horri esker Bartzelonako EH Sona jaialdian aurkeztuko du bere bigarren diskoa, azaroan. Higain estudioan grabatu du PantomimaHaritz Harregirekin. Bederatzi kantu berriek, laburrak eta zuzenak, rock eta punk-rock melodikora jotzen dute, baina baxu, bateria eta gitarraz gain teklatuez eta biolontxeloaz jantzi dituzte oraingoan.

https://youtu.be/-RKVsW3kgoE

LENAO: Lenao (Egilea editore)
70eko hamarkadako country rockaren lurrina (Creedence Clearwater Revival, Gram Parsons, The Band…) duten kantuak bildu ditu Oñatiko laukote honek bere lehen diskoan. Taldekideen artean Iker Martinez de Zuazo dago, Latzen eta Potemkin taldeetako kide ohia. Diskoa osorik entzun dezakezu hemen.

lenao

Lenao taldeko kideak.

LOU TOPET: Abesti bat gutxiago (Egilea editore)
Hainbat kantu egile estatubatuarren abestiak euskarara ekarrita moldatzeko ahaleginaren emaitza argitaratuko dute Lou Topet taldeak eta Harkaitz Cano idazleak. John Hiatt, Wilco, Jeff Tweedy, Will Oldham, Pete Seeger edota Damien Juradoren abestiak bere egin ditu Zarauzko laukoteak. Urriaren amaieran argitaratuko da Abesti bat gutxiago, disko-liburu formatuan. Entzun lehen singlea: “Loreak non dira”.

LOU TOPET

Lou Topet taldeko kideak eta Harkaitz Cano idazlea.

MANUGAITZ: Txapela barruan darabilt mundua (Egilea editore)
Selektah Kolektiboan aritutako Iñigo Goikoetxeandia Wanka-ren egitasmo berria da Manugaitz. Mutrikuko AME estudioan grabatu du bere bakarkako lehen diskoa, Axular Arizmendirekin eta Selektak Kolektiboan taldekide izandako DJ DZren laguntzarekin. Rap eta elektronika doinuak ezkondu ditu Manugaitzek lan honetan. “Abegikortasuna” eta “Banoa” kantuak entzun ditzakezu hemen.

manugaitz

MCONAK: Galarrena (Mauka)
Urte amaierarako espero da McOnaken lan berria. Mungiako Muxikon eta Aulestiko Altxatune estudioetan ari dira grabatzen Jorge Etxebarrieta Txortx-ekin, eta aurreko lanen ildoari jarraituz folk-rock zeltiarra eta punk jarrera batuko dituzte kantu berriek. Banjoak presentzia nabaria izango du diskoan, beste folk instrumentuekin batera. Diskoaren 200 aleko edizio berezi bat argitaratuko du taldeak. Ale berezi eta bakar horietako bakoitzean ilustratzaile baten mural zati bat jasoko du erosleak. Entzun “Hitz gordiñak” aurrerapen kantua.

mconak

McOnak taldea.

MIKEL URAKEN: Neguaren ostean (Egilea editore)
Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin eta Javi Letamendia ekoizlearekin (We Are Standard, El Inquilino Comunista) grabatu du Bilboko kantariak zazpi kantuz osaturiko bilduma berria. “Abesti biluziak eta gordinak. Folk euskalduna ulertzeko beste era bat, folk euskaldun(berria), alegia”, dio promozioko orriak. Entzun aurrerapen kantua, “Anabasak aina”.

mikeluraken

Mikel Uraken kantari bilbotarra. (Jon Iraundegi)

MIKEL URDANGARIN: Mikel Urdangarin (Elkar)
Berezia izango da oso Zornotzako kantariaren lan berria. Izan ere, udaberrian bakarka eman dituen kontzertuetan eta urriaren 4an Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko duen emanaldian grabatutako kantuek osatuko dute diskoa. Lan honekin Elkar diskoetxera itzuliko da Mikel Urdangarin. Azaroaren 20an izango da kalean. Entzun “Bazkalosteko kafea” aurrerapen kantua.

Captura de pantalla 2015-09-24 a las 12.29.00

NEKEZ: Lokatzetako igela (Egilea editore)
Talde nafarraren hirugarren diskoa “aurrekoak baino gogorragoa baina aldi berean landuagoa eta erakargarriagoa” dela uste dute taldekideek. Ahotsaren melodiari garrantzi berezia eman diote Lokatzetako igela osatzen duten 11 kantuetan. Zure esku (2013) Maldito Records zigiluarekin atera ostean, autoekoizpenera joko du taldeak lan berria kaleratzeko. Entzun lehen singlea, “E.H.raikitzen”.

https://youtu.be/4-alKQk5k1k

NIRE: Hamabost (Bidehuts)
Ivan Zabalegi Lisabö-ko bateria jotzaile ohiaren bakarkako proiektua da Nire. Talde harekin zerikusirik ez du honek, country alternatiboari heldu baitio Zabalegik, baina rocka ahaztu gabe. Bateria albo batera utzi eta “gitarra akustiko batekin, faxistak hiltzen zituen hura bezalakoa, eta lagun gutxi batzuekin, disko laburra baina istorio txikiz beteta oparitzen digu. Nahi handirik gabe, gustatzen zaiona egiteagatik soilik”, dio promozio orriak. Zortzi kantuk osatzen dute diskoa, eta besteak beste Ander Zabalegik (Sacco) eta Lisaböko Karlos Osinagak eta Javi Manterolak hartu dute parte. Entzun “Sombrero Man” aurkezpen kantua.

nire

OLATZ ZUGASTI: Ur goiena, ur barrena (Elkar) 
Gau hotzenean ere azken diskoa kaleratu zuenetik bost urte igaro ostean, eskaintza berri batekin dator Hernaniko harpa jotzailea. Izan ere, disko berria Zarauzko Buffalo rock taldeko kideekin —David Gorospe eta Ander eta Joanes Ederra anaiak— eta Julen Alonso musikari gaztearekin (19 urte) grabatu du. Urriaren 29an argitaratuko du Ur goiena ur barrena, eta azaroan aurkeztuko du Bilboko Campos antzokian (21ean) eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian (29an). Halaber, Durangoko Plateruenan izango da abenduaren 6an. Entzun “Bakean ala otzandua” aurrerapen kantua.

PAM: Hurrengoan bai (Egilea editore)
Datozen egunetan kaleratuko du Puto Amoak Matematiketan PAM taldeak bere lan berria, seigarrena. Rock klasikoa, glam kutsukoa eta new wave tankerako pop kantuak biltzen ditu Hurrengoan bai-k. “Kantu batek ez du aurrekoa gogorarazten, bakoitzak badu bere nortasuna, bere berezitasuna”, azaldu du taldeak. Irailaren 26an bere herrian, Ermuan, aurkeztuko du  kontzertu berezi baten bidez. Disko berria osorik joko dute, eta luntxaren ostean, kantu zaharrak eta bertsioak emango dituzte. “Bi heren” eta “Einize jan” kantuak entzun ditzakezu hemen.

Hurrengoan bai

PIER PAUL BERZAITZ: Egunsentiaren kantak (Aztarna)
Egunsentiaren esku izoztuak Xabier Lete zenaren azken poema liburuko zenbait olerki musikatu ditu kantari zuberotarrak bere disko berrian: “Eternitatea”, “Hiri maiteak”, “Nire aita zenari” eta “Esku hutsik”, besteak beste. Halaber, bere ibilbideko zenbait kantu ezagun berriz grabatu ditu (“Eki eder”, “Geroa esperantzaz beterik”) eta zenbait klasikoren moldaketak (“Avec le temps”, “Le temps des cerises”) gehitu dizkio Joxan Goikoetxearen musika zuzendaritzapean ondutako bildumari.

https://youtu.be/L3grjBPlNVI

SORKUN: Ziklomorphosia
Hona hemen beste itzulera bat. Zazpi urte igaro dira Sorkun Rubiok Vice Presidentes taldearekin Estatu Batuetan grabatutako diskoa kaleratu zuenetik. Azken aldian berriz, Kashbad taldearekin Arrakala diskoa (2014) grabatu eta zuzenean aurkezten ibili da, eta iaz DJ Patarekin egindako Turn on The Radio.The Mixtape bilduma plazaratu zuen, baita emanaldi gutxi batzuetan aurkeztu ere. Azaroan aldiz, bere bakarkako laugarren diskoa plazaratuko du Sorkunek, Ziklomorphosia izenburukoa, funk, soul, reggae eta, oro har, dantzarako doinuez beterikoa. Eider Rodriguez idazleak egin ditu hainbat kanturen letrak. Azaroaren 26an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du (+ Libe) eta azaroaren 28an, Iruñeko Zentral aretoan (+ Zea Mays).

https://youtu.be/siK3KQy6n04

THE USKI’S: The Uski’s (Baga Biga)
Ibarrangelu eta Elantxobeko rock&roll bandak “Mr. Bajoi” kantua plazaratu zuen uda aurretik, udazkenean etorriko den diskoaren aurrerapen gisa. Sustraiak dituen rock aldera jo du taldeak, melodien koru finak ahaztu gabe. Urriaren 15ean argitaratuko da diskoa.

uski azala

VOLTAIA: Medusa (Mauka)
Udan hamar kantu “bortitz, sendo eta fresko” grabatu ditu Zumaiako stone-rock hirukoteak Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan, eta urrian argitaratuko ditu Medusa izenburupean. Entzun “Uholdea”.

Captura de pantalla 2015-10-13 a las 19.27.29

XUTIK: Hameka begirada (Mukaki Produkzioak)
Dagoeneko kalean da Xutiken lan berria. Zpeiz Mukakiren izpirituak oso present segitzen du Lapurdi eta Nafarroa Behereko Xutik taldean. Erritmoekin jolastuz, sustrai beltzak egokituz, eta besteen hitzak jantziz (Amets Arzallus, Jon Maia edota Josu Martinezenak) iritsi dira Hameka begirada hirugarren lanera. Reggaea, hip hopa, runba edota folk-punka entzun daiteke lan koloretsu honetan. Irailaren 25ean Miarritzeko Atabal aretoan aurkeztuko dute zuzenean.

Captura de pantalla 2015-07-02 a las 15.50.08

ZE ESATEK!: Inoiz egin dugun diskorik onena (Bonberenea Ekintzak)
Bonberenea estudioa eta Karlos Osinaga soinu teknikaria aukeratu ditu Azpeitiko ska-rock taldeak bere bosgarren diskoa grabatzeko —azken lanak Haritz Harregirekin grabatu zituen—. Haize atalak pisu handiagoa hartu du Ze Esatek!-en hamar kantu berrietan, eta horrek ekarri du diskoa Ibuprofeno baino “alaiagoa eta dantzagarriagoa” izatea. Izenburuagatik ematen du gustura gelditu direla. Entzun lehen singlea, “Zapaiatik zintzilik”.

ze esatek

ZURA: Egunkari ezkutua (Oihuka)
Hainbat urtez isilik egon den Zura taldeak Egunkari ezkutua kaleratuko du urriaren 2an, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberrian oinarritutako diskoa. “Txillardegiren liburua birpentsatu egin dute, bereganatu, eguneratu, bete-betean rockaren estetikan kokatu dutelarik”, azaldu du Oihuka diskoetxeak. Izan ere, Kiribil diskoan (2008) bossanovara gerturatu ostean, Dut taldearen rock doinu sendoetara itzuli da Xabi Strubell gitarrista. Horrela dio berak: “90. hamarkadan Bidasoa aldean bizitu genuen rock gogor eta berri haren bigarren jaiotza izango balitz bezala, disko sakona da, askotan entzun beharrekoa, baina argitsua, rockaren aurpegi guztiak zeharkatzeko gonbidapena”. Entzun lehen singlea, “Paris”.

zura

Zura taldea. (Irantzu Pastor)

ETIKETAK:2zioBi BalaBide ErtzeanEh SukarraEkizaEn Tol SarmientoEnkoreEratuEsne BeltzaGlaukomaHanHutsaIgelaren BandaImuntzo eta BelokiIzaki GardenakJabier MuguruzaJean Mixel BedaxagarJosu BergaraJupiter JonKen ZazpiKudaiLarregiLenaoLou TopetManugaitzMcOnakMikel UrakenNekezNireOlatz ZugastiPAMSorkunThe Uski'sVoltaiaXutikZe Esatek!Zura