Musika

Nora Arbelbide

2018.05.06

Nora Arbelbide

Soul musikaren erritmoan

Soul doinuen kolorez jantzi du 2ziok kaleratu berri duen hirugarren diskoa: Orain eta hemen. Jo Olaskoaga taldeko beatmaker-ak mundu horretan ditu aurkitu sampler gehienak, eta haien arabera konposatu dituzte beren hitzak Gorka Rodriguezek eta Odei Barrosok. Horren ondorioz disko honetan «argi» gehiago aurki daitekeela uste du Barrosok. Oro har, estilo «ilun»gisa kalifikatu baitateke 2zioren estiloa, eta hau beste lanak baino «alaiagoa» da, haren ustez.

2zio Bob Edme

Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olaskoaga 2zio taldeko kideak, kontzertu batean. (Bob Edme)

Musika aldetik, gainera, Barrosok dio «garapen» bat badagoela disko honetan. Olaskoagak aitzinekoetan baino gehiago jotzen duela. «Zuzenago da». Eta soul doinu horien berotasunaren jariotik isurtzen direla hitzak: «Musikak iradokitzen digu gai bat edo gaikera bat». Hori bai, nahiz eta alaitasunari ate bat ireki, «2zio da beti», abisatu du Barrosok. Hirukotearen musikaren bereizgarriak aurkituko ditu 2ziozaleak hirugarren honetan ere.

Hamabi kantuk osatzen dute lana, eta «bide baten segida» dela azaldu du Barrosok: «Lehen diskoa atera genuenean, rapean ez ginen sobera arituak. Esperientzia txiki bat zen. Bigarren diskoa gehiago landu genuen. Gehiago hurbiltzen ginen, beharbada, egin nahi genuen horretara. Eta errango nuke aldi honetan, oraino, gehiago hurbildu garela nahi dugun horretara». 

Edukia eta forma, biak batzea ezinbestekoa zaie orain ere. «Rap kontzientea» du gustuko Barrosok, eta burura ezina egiten zaio horrelakorik ez egitea. Baina hori, flow-a galdu gabe: «Bada lan anitz flow-etan. Hor egin dugula urratsa iruditzen zait». Forma landu, edukia galdu gabe: «Hori da rapa idaztearen lana. Oreka bat atzematea. Hori da interesgarria». Errima aldetik ere, erraztasunetan ez erortzen saiatu dira: «Kantu bat hartu, eta, beharbada, 80 errima badira, orotara. Hamar, familia ezberdinekoak. Anitz maite dut gurutzatzea errimak».

“Mozorroturik” kantuan aurki daiteke horren adibide bat. 2zioren estiloa identifika daiteke irudien josteko modu zirkular horretan: «Ez naiz txikitan amesten nuen hori/ baina oraindik amesten dut txikitan bezala». Barrosok baieztatzen du: «Bada harilkatze bat. Horrela ateratzen zait. Ez da beti xerkatua». Baina beste batzuetan, berriz, bilaketa baten emaitza da. Garrantzitsua zaiona da dena ez harrapatzea lehen kolpean.

Barruragotik
Mami aldetik, lehen diskoan «salaketa soziala» baldin bazen nagusi, eta bigarrenean beren «barne mundua» gehiago azaltzen bazuten, hirugarren lanean sakonago jo dute joera horretan, kritika soziala baztertu gabe. «Gure barne munduak leku gehiago du, eta oraino barnerago doa. Gauza anitz idazten ditugu oso pertsonalak direnak». Barrosorentzat, rapa «terapia» bat da. «Badu alde hori ere. Niri buruz idazteak laguntzen nau ni ere».

“Mozorroturik” izan daiteke berriz ere adibide. «Oso barnekoa da. Idatzi dudalarik pentsatzen egon naiz ea utziko dudan jendea hori entzuten. Hain nirea da… Biluzten gara».

Baina, azkenean, ingurua kritikatzeko modu bat ere badela barne munduari begira jartzea pentsatzen du Barrosok. «Badira jokabide batzuk gizarteak inposatzen dizkigunak. Gauza bat da kritika sozial zuzena egitea, etorkinen egoera salatuz, adibidez, eta beste bat erratea, nire itxurak kezkatzen nauela. Zergatik kezkatzen nau nire itxurak? Hori ere kritika soziala da, nahiz eta sotilagoa izan. Horretarik gehiago badu disko honek».

“Kendu maskara” kantuko hitz hauek ilustra dezakete agian miraila joko hori: «Begirada bitxi delikatuak, elikatuak/aurreiritziz, barne krisi konplikatua, korapilatuak biziz,/ autoestima makilatuak, konplexu operatuak, nola ez».

Maiatzaren 11n du lehen aurkezpen kontzertua hirukoteak, Hondarribiko Psilocybenean (Gipuzkoa). Ondotik, Herri Urratsera, maiatzaren 13an. Izan ere, aurtengo kantua 2ziori eskatu dio Seaskak. “Prefosta” du izena kantak, jaialdiaren aurtengo leloa hori baita. Iruñeko Zentralen eta Miarritzeko Atabalen (Lapurdi) izango dira, maiatzaren 18an eta 19an. Fermin Muguruzaren emanaldien lehen partea eginen dute.

ETIKETAK:2zioFermin MuguruzaGorka RodriguezJo OlaskoagaOdei Barroso