2017.11.07
AIZKORAK ZORROZTU: Arkitekto mental baten paranoia kronikoa
Bilboko hirukotea bere entsegu lokaleko estudioan grabatzen ari da bere bigarren diskoa. “Rock makrobiotiko-frenetikoa” deritzo taldeak abesti bilduma berriari. Diskoan hainbat kolaborazio esanguratsu izango ditu, tartean Zazkel taldearena eta Fermin Muguruzarena. Grabazioa urrian amaitu eta abenduan kaleratzea aurreikusten du taldeak.
ALBOKA: Lurra, ur, haize (Aztarna)
Oskorri desagertu ondoren, folk taldeen artean beteranoena da Alboka. Hamahiru urte igaro dira bere aurreko diskoa, Lau anaiak, argitaratu zuenetik. Joxan Goikoetxeak eta Alan Griffinek gidatzen duten taldeak amaitu berri du bosgarren lanaren grabazioa —alboan ohiko bi musikariak izan dituzte lagun: Xabi San Sebastian eta Juanjo Otxandorena—. Diskoak 17 pieza —doinu tradizionalak eta berriak, instrumentalak zein kantatuak— eta kolaboratzaile ugari bilduko ditu, tartean Fiachra MacGabbhan, Peter Maund, Iain McLeod, Juan Arriola, Arkaitz Miner eta Silvio eta Nanni Teot. Durangoko Azokarako argitaratu da diskoa, eta lehen kontzertuak 2018ko udaberrian izango dira. “Mundua ala gu” da aurrerapen kantua.
ANITA PARKER: Anita Parker (Mauka)
Gose taldeko zenbait kidek —Iñaki Bengoa eta Jon Osoron— sortutako proiektu berria da Anita Parker. Kasu honetan laukote bat da, eta elektronika, popa, swinga… batzen ditu. Azaroaren hasieran argitaratuko da haren lehen diskoa, eta Hatortxu Rock jaialdian aurkeztuko du abenduaren 16an, Atarrabian. “Michelle” da aurrerapen kantua.
ARKADA SOCIAL: Eromena besarkatzen (Mauka)
Hogei urte egin ditu Arrasaten sortutako street-punk taldeak, eta bosgarren diskoa argitaratuz ospatuko du. Lehen aldiz diskoko kantuz guztiak euskaraz izango dira —aurreko lanetan gaztelania eta euskara tartekatu dituzte—. Eromena besarkatzen ere Mauka diskoetxeak argitaratuko du.
ASKOREN ARTEAN: Mirailak (Bidehuts)
Zigiluaren hamargarren urtemugarekin bat eginez, Mirailak izenburuko bilduma iragarri du Bidehutsek. Zigiluko talde bakoitzak Bidehutseko beste talde edo abeslari baten kantu bat moldatu du disko horretarako. Abenduaren 1ean argitaratuko da CD eta LP formatuetan. Horrez gain, Audience taldearen Isla diskoa ere iragarri du Bidehutsek, urriaren 20rako.
BEÑAT IGERABIDE: Geldialdi bakoitzean (Elkar)
Urriaren 6an kaleratuko du Elkar diskoetxeak Beñat Igerabideren bigarren diskoa. Geldialdi bakoitzean Sonola estudioan grabatu du, Gorka Urra (gitarra), Matthieu Haranburu (baxua), David Etura (bateria) eta Peio Gorrotxategirekin (teklatuak). Diskoetxearen arabera,”aurreneko lanean aurkeztu zuen nortasunetik erabat aldendu gabe, Geldialdi bakoitzean izeneko hau aurrekoa baino aberatsagoa da. Funk, rock, folk, pop… eroso sentitzen baita Beñat, eta bere ahotsaren samurraz publikoa hurbil sentiarazten du. Gogoeta eta pentsamendu ezberdinak dituen 13 geldialdiko disko honetan, ausardia, gainditze pertsonala, maitasuna, natura, giza aldarrikapenak… bezalako gaiak agertzen baitira, lehenengo diskoko introspektibatik zertxobait urrunduz”. “Numinous” da aurrerapen abestia.
BERRI TXARRAK: Infrasoinuak (Only in Dreams)
Denbora da poligrafo bakarra grabatu zutenetik hiru urtera, Coloradoko (AEB) The Blasting Room estudiora itzuli da hirukotea disko berria grabatzera. Lan hirukoitz hartako Xake-mate kultural bat ekoitzi zuen musikariarekin, Bill Stevensonekin, egin du berriz lan taldeak. Infrasoinuak azaroaren 24an kaleratuko da Only in Dreams zigiluarekin.
BI BALA: Arazo modernoak (Bonberenea Ekintzak)
Dagoeneko hirugarren diskora heldu da Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek abian jarritako taldea. Arazo modernoak Bonberenea estudioan grabatu dute, Karlos Osinagarekin, eta aurreko bi lanen ildo beretik jarraitzen du laukoteak: rock doinuak eta hitz zorrotz eta umoretsuak. “Ezku laztuak” da aurrerapen kantua.
BROKEN BROTHERS BRASS BAND: Txertaketa (Errabal Jazz)
Ildoa landuz bikaina argitaratu eta urtebetera Lanabe estudiora itzuli da Iruñeko brass band-a lan berria grabatzera. Oraingoz diskoaren izenburua baino ez da ezagutzen: Txertaketa.
DELOREAN: Mikel Laboa (Elkar)
Donostiako Udalak Mikel Laboari emandako Adarra sariaren harira jasotako enkargua diskoan jaso du Deloreanek. Ez da bertsioen ohiko disko bat, esan bailiteke Laboaren obra inspirazio iturri gisa erabili duela taldeak konposizio berriak sortzeko elektronikaren alorrean. Mikel Laboa azaroaren 15ean kaleratuko da, baina jada entzun daiteke aurrerapena, “Kantuz”.
EME: Beleak elurretan (Mauka)
Haritz Harreguy musikari eta soinu teknikariaren inguruan eraturiko proiektua da eMe. Nora Izagirrek (ahotsa) eta Ruben Caballerok (gitarra eta programazioak) osatzen dute hirukotea. Estudioko proiektu bat da, taldeak ez baitu zuzenekoak eskaintzeko asmorik. Beleak elurretan izeneko lanak pop elektronikoko zazpi kantu biltzen ditu, doinu guztiak Harreguyk sortutakoak dira, eta hitzak Josean Artze, Xabier Silveira eta Oier Guillanenak. Aurrerapen gisa, “2+2 lau” abestia entzun dezakezu hemen.
EN TOL SARMIENTO: Ametsetan (Baga Biga)
Gasteizko Andra Mari Zuriko jaien barruan Foruen plazan eskainitako kontzertuaren grabazioa argitaratuko du Arabako Errioxa taldeak CD-DVD formatuan. Bere ibilbide osoaren errepasoa egin zuen taldeak abuztuaren 6ko emanaldian, eta horren lekuko izango da zuzeneko diskoa. Horrez gain, DVDak taldearen historiari buruzko dokumentala jasoko du.
ERAUL: Iraultza (Egilea editore)
Asier Beramendi donostiarra buru duen taldeak urrian kaleratu du bere lehen disko luzea. Euskarazko eta ingelesezko abestiak bildu ditu Iraultza izenburuko diskoan, indie-folk ildokoak. Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena Donostiako Dabadaba aretoan egingo du, azaroaren 4an, eta gonbidatu gisa Nogen taldeak ere joko du.
FERMIN MUGURUZA: B-Map 1917 + 100 (El Segell del Primavera)
Aurtengo udaberrian Bartzelonako Sant Andreu auzoan egindako egonaldia hiri hartako The Suicide of Western Culture bikotearekin disko bat grabatzeko baliatu zuen Fermin Muguruzak. Euskal musikariaren ahotsa eta hitzak eta bikotearen doinu elektronikoak (gehi Karlos Osinagaren gitarra) batzen dira diskoko 10 kantuetan. Kantu bakoitzak B hizkiarekin hasten den hiri baten izena du: Berlin, Beirut, Brazzaville, Belfast, Belgrad, Bogota, Baton Rouge, Buenos Aires, Bartzelona eta Bilbo. Abenduaren 1ean argitaratuko da B-Map 1917+ 100.
GOVERNORS: Z.E.R.O. (Baga Biga)
Urrian ikusiko du argia Arrasateko taldearen lan berriak. Lau urte igaro dira Morphinapolis kaleratu zuenetik eta bi urte Su garaian zuzeneko diskoa grabatu zuenetik. Geroztik, emanaldi bakan batzuk baino ez ditu eman Governorsek. “Bizihilik” da lehen singlea.
HIBAI: TripTics I-II (Gaztelupeko Hotsak)
Hibai Etxebarria gernikarraren lehen diskoa plazaratuko du Gaztelupeko Hotsak zigiluak azaroan. Lan eklektikoa osatu du musikari bizkaitarrak, euskaraz, ingelesez eta italieraz abesturiko zortzi kantuetan rock, funk, pop eta folk doinuak aurkitu baitaitezke. Berrogeitik gora musikarik hartu dute parte grabazioan.
JABIER MUGURUZA: Leiho bat zabalik (Mara Mara)
Pianoaren soinu akustikoa utzi eta gitarra elektrikoak eta elektronikak hartu dute protagonismo osoa Jabier Muguruzak Ander Mujika eta Javier Carasueñorekin grabatu duen disko berrian. Urriaren 25ean argitaratuko du Muguruzak berak bere zigiluan, eta dagoeneko hemen entzun daiteke lehen singlea. Informazio gehiago, hemen.
JOSEBA IRAZOKI-BEÑAT AXIARI-JULEN AXIARI: Bas(h)oan (Elkar)
Aspaldiko asmo bat gauzatuko dute Joseba Irazokik eta Beñat Axiarik udazken honetan: Robbie Basho kantagile estatubatuarraren konposizioekin disko bat grabatzea. Hala ere, Axiarik diskorako sortutako zenbait pieza ere jasoko ditu lan honek. Julen Axiarik ere parte hartuko du diskoan. Elkar diskoetxeak argitaratuko du.
JOSEBA TAPIA: Besamotzak (Gaztelupeko Hotsak)
Duela urtebete inguru zuzenekoetarako abian jarritako Besamotzak egitasmoa diskoan jaso du Joseba Tapiak. Egitasmo horretan bere kantutegiko hainbat abesti rock formatura egokitu zituen Tapiak, talde baten laguntzaz: Iñigo Telletxea (baxua), Iker Uriarte (bateria) eta Dani Narbarte (gitarra eta trikitixa). Diskoan Tapiak berak grabatu ditu tresna gehienak, baxu eta bateria batzuk kenduta. Azken hiru diskoak —Real politik (2006), Eta tira eta tunba (2010), Tximela kapitainaren izarrak (2013)— Zakurraren Biolina zigilu propioaren bidez argitaratu ondoren, Gaztelupeko Hotsak diskoetxera itzuli da Tapia lan berriarekin. “Putzuz putzu” singlea hemen entzun dezakezu.
KEU AGIRRETXEA: Improphono (Mauka)
Bere bakarkako ibilbideko 11. diskoa argitaratuko du Keu Agirretxeak abenduan. Oraingoan bazterrean utzi du kantagintza, eta gitarra hutsezko lan bat dakarkigu. Inprobisazioan oinarrituriko zortzi konposizio biltzen ditu Improphono-k eta horietako bat, “Bidaiak” izenekoa, estreinatu dugu BADOK atarian.
LA BASU: Ni naiz izotz erregina
Urtea bukatu baino lehen aterako da La Basuren euskarazko lehen diskoa. Euskal emakume baten lehen rap diskoa izango da. Kolaboratzaileak ere emakumezkoak izango dira: Maria Rivero (Siroka, Kintsukoroi…), Natalia Garmendia (Humus)… Hainbat estilo jaso ditu Elena Caballerok diskoan, rapaz gain dancehall eta swing doinuak ere entzungo baitira.
LIBE: Ilargia erori da (Bonberenea Ekintzak)
Libe Garcia de Kortazarrek (Neubat, Sorkun, Izaki Gardenak) gidaturiko proiektuaren bigarren lana urriaren 17an iritsiko da. Aurretik ere taldean ziren Txus Billalabeitia eta Dani Arrizabalagari Karlos Osinaga batu zaie oraingoan kantuak lantzeko eta grabatzeko orduan. Urriaren 27an Tolosako Bonberenean aurkeztuko du zuzenean. “Bizia atzetik” da lehen singlea.
MICE: MICE (Egilea editore)
Azken hamabi urteetan Ander Mujika gitarristarekin osatu duen Napoka Iria taldea desegin ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio Miren Narbaizak. MICE izen artistikoa hartu du horretarako, eta lehen diskoa prest dauka jada. Lan horretako “Buelteri eusten” abestia entzun dezakezu hemen. Berako Atala estudioan grabatu du MICEk diskoa, hirukote formatuan, Joseba Baleztena (gitarrak, teklatuak, baxua, perkusioak…) eta Ilargi Agirrerekin (bateria, perkusioa). Joseba Baleztena bera arduratu da ekoizpen artistikoaz. Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena datorren ostiralean, hilak 27, Tolosako Bonberenea gaztetxean egingo du MICEk —kontzertu berean Libek ere lan berria aurkeztuko du, Ilargia erori da—, eta hilaren 31n Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko du. Aurrerago, azaroaren 23an, Bartzelonako EH Sona jaialdian parte hartuko du.
MUGALDEKOAK: Galdemoduen trilogia (Gaztelupeko Hotsak)
Bost urteko isiltasunaren ondoren hirugarren lanarekin itzuliko da Beñardo Goietxek, Raul Garciak eta Edu Zelaietak osatutako taldea. Oraingoan ere Zelaietaren poesiaren eta Goietxek eta Garciak sortutako folk-rock doinuen arteko uztarketa dakar hirukoteak. Hainbat musikari izan dituzte lagun grabazioan, eta ahotsetan Morauk, Pettik eta Idoia Gilleneak kolaboratu dute. “Onddo bila” da aurrerapen kantua.
ODOLAREN MINTZOA: Etsipenaren aurka (Egilea editore)
Inoiz joan ez bazen ere, bueltan da Usurbilgo laukotea. Lehen diskotik lau urtera, autoekoizpenaren bidea hartu du Etsipenaren aurka bigarren lana argitaratzeko. Modu analogikoan grabatu dute Garate estudioan, “instrumentuen zein ahotsen gordintasun eta naturaltasunak abesti oro zipriztindu” zezaten. Pop-rockaren melodia gazi-gozoak, hardcore eta metalaren zutabeak eta gaurkotasunari erreparatzen dioten hitzak dira Odolaren Mintzoak diskoan erabilitako osagaiak. Irailaren 29an Usurbilgo Sutegi kultur etxean aurkeztuko du diskoa, eta urriaren 14an Tolosako Bonberenean.
PATXUKO NICE: Hego haizea, ego querido (Mauka)
Sergio Ordoñez Patxuko (Joxe Ripiau eta Esne Beltza ohia) buru duen taldeak bere bigarren diskoa plazaratuko du urriko lehen egunetan. Aurreko diskotik hona hainbat aldaketa izan dira taldekideen artean, baina reggae eta pop doinu alai eta dantzagarriei eusten die Patxuko Nicek. Horren lekuko, uda hasieran aurkeztutako “Hego haizea” abestia, Juantxo Arakamaren (Glaukoma) kolaborazioarekin.
PELAX: Talkak egiten du didaktika (Egilea editore)
Telmo Trenor elektronikako musikariarekin lau kantuz osatutako EPa kaleratu ondoren, irailaren 28an plazaratuko du disko berria kantari donostiarrak, eta urriaren 15ean Donostiako Le Bukowski aretoan aurkeztuko du zuzenean. Berako Atala estudioan grabatu du, Iñigo Irazokirekin. “Sua dela badio?” da aurrerapen abestia.
RAFA RUEDA: Hiri kristalezkoa (Elkar)
Mungiako bakarlariak Elkar estudioan grabatu du bere bosgarren diskoa, Enaren geometria argitaratu zuenetik sei urtera. Hiri kristalezkoa du izenburu, eta hiria da diskoaren ardatz. Jon Agirrezabalaga (WAS) arduratu da ekoizpenaz, eta musikarien artean Ander Zulaika (bateria, Lou Topet) eta Jaime Nieto (baxua, Atom Rhumba) daude. Azaroaren hasieran argitaratuko du Elkar diskoetxeak, eta azaroaren 24an aurkeztuko du Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
TENPORA: Itzulika (Egilea editore)
Juantxo Zeberio pianista eta teklatu jotzailearen inguruan sortutako taldeak urriaren 10ean argitaratuko du hamar kantu berriz osatutako auto-ekoizpena. Lehen diskoan bezala popa eta jazza dira abestien ardatza, baina oraingoan elektronika eta rock progresiboa bezalako eremuetan ere sartu da taldea. Diskoa Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute, Fredi Pelaez musikari eta soinu teknikariarekin, eta boskoteak Karlos Linazasoro eta Harkaitz Cano idazleen elkarlana izan du kantuen hitzetarako. “Hitz guztiak aspaldi esan ziren” abestiaren bideoklipa aurkeztu du taldeak.
THE FRIDAY’S CREW: Harresien gainetik (Mauka)
Azpeitiko punk-oi! taldeak Higain estudioan grabatu du bere laugarren diskoa, Harresien gainetik. Bertan The Guilty Brigade taldeko Gartxotek kolaboratu du.
TXUMA MURUGARREN: Marmokak eta itsas izarrak (Gaztelupeko Hotsak)
Binilo formatuko singleak argitaratzeari ekingo dio Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Horretarako, Lokatzetan play izeneko saila sortu du. Txuma Murugarrenek jarriko du lehen alea, bi kantuz osatutako grabazio batekin.
XABI SAN SEBASTIAN: Zuhaitzak ez du beldurrik (Egilea editore)
Irailaren 21ean kaleratuko du Xabi San Sebastianek bere laugarren diskoa. Inaxio Esnaola kazetariak idatzitako promozio orriak dioenez, “sustraidun hats eta hotsak naturalki bildu ditu Xabi San Sebastian sortzaile finak. Hurbileko mendi eta zelaietako folka, zein urruneko desertu eta errepideetako rocka. Bidaia natural, heze eta idorra. Ahots bereizgarria bidaide, freskotasuna emanez”. “Zuhaitza” da aurrerapen abestia.
XABIER MONTOIA: Gorraizea (Gaztelupeko Hotsak)
Hari laukote batekin grabatu du Xabier Montoiak disko berria. Informazio gehiago, hemen.
Itziar Lertxundi, Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, Pottoko estudioan. (Andoni Canellada / Argazki Press)
ZAZKEL: Ez entzun (Baga-Biga)
Bilboko taldeak irailaren 26an aurkeztuko du bere bigarren diskoa. Lehenengoa bezala, Garate estudioan grabatu du eta Kaki Arkarazo arduratu da ekoizpenaz. Abestien artean, Hertzainak taldearen “Infernuko atea” moldatu du Zazkelek. Baga-Biga diskoetxeak argitaratuko du “Ez entzun”, Banden Lehia irabazi izanaren sari gisa.
ZEA MAYS: 20 urte (Garden)
Taldearen hogeigarren urteurrena ospatzeko CD-DVD bat argitaratuko du Zea Maysek azaroan. Bilboko laukoteak ez du diskoaren edukiaz azalpenik eman, baina urtemugaren harira hainbat talderi (WAS, Empty Files, DZ, Grises, Belako taldeko Josu Ximun Billelabeitia…) eskatutako erremixak zabaldu ditu urtean zehar sare sozialetan. Baliteke horiek izatea Zea Maysen argitalpen berria osatuko dutenak…
ZE ESATEK!: Ibilita ikasten da erortzen (Baga Biga)
Seigarren diskoa du ska-rock taldeak, Baga Biga diskoetxearekin argitaratzen duen lehenengoa. “Zapatak gastatu arren” da aurrerapen abestia.