Musika

‘Zirkulutik espiralera’ (Anestesia, 2015)

Anestesia-2

“Zirkuluan bueltaka, abiadura bizkortu espiral bihurtu arte, infiniturako bidai amaigabean…». Azalpena liburuxkan irakur daiteke. Zarauzko Anestesia talde beteranoak ia hamarkada bateko menia isila hautsi du Zirkulutik espiralera diskoarekin. Hamahiru kolpe ditu esperotako itzulerak. Gordinagoa da, lehorra eta eraginkorra. Laukoak muturrera egin du, baina ahots urratua ohikoa da: ezkorra, kritikoa eta autokritikoa. Munduaren dekadentzia ere presente dute. Terapia diskoan birusa ginen, eta oraingoan zaborra gara. Trash eta thrash, ondo bereizi behar dira. Urola Kostakoek hardcorearen mugetan jarraitzen dute. Grind, doom eta death metal zertzeladekin. Riff pausatuak eta bizkorrak, kantu bakoitzaren tamainaren arabera.

Hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko asmoz, kontzertu bira berezi bat abiatu zuten 2013ko udan. Kontzertu seinalatuak eta gogoangarriak eskaini zituzten. Bereziki, Donostiako Antigua auzoko frontoian eskaini zutena bikaina izan zen. Ahaztezina. Danbor hotsak iristeko bi egun falta zirela, zarataren oihartzuna nahiko ozena izan zen pilotalekuan. Askok arnasa galdu genuen, ubeldurak egin genituen, baina gustura. Harra ederki piztu zuten eta ziguten. Bi hilabetera iragarri zuten zortzi urteko sormenik ezaren ondoren kantu berriak sortzen hasiak zirela. Ordea, ezin esan denbora horretan sormena aparte izan zutenik ere. Mikelek Matxura banda sortu zuen, eta Ibonek eta Danik The Brutal Band taldea jarri zuten martxan.

“Inoiz baino gehiago” behar genituen dosi berriak. Oldarkor hasten da diskoa, espiralean biraka. Riff ilunekin laster batean doa “Korapiloak”, aurretik pasarte motelagoak ditu “Noraino versus nondik” abestiak. Zuzenekoetarako ereserki berri izendatu beharko dugu “Maite zaitut, hil nazazu”. Bi abiaduren nahasketa eta mezua. Fermin Muguruzarenak dira “Droneak, gerra makurra” kantuaren hitzak. Ordea, riffak inoizko hiltzaileenak dira. Muturreko metalera asko hurbiltzen dira, zorionez. “Epaia” eta “Zaborra gara” abestiak batuta ez da minutua egiten: «Etxez etxe, atez ate, zaborra gara». Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak merezi duen kantua da “Amets fabrika”. Zaratatsua, behar den bezala. Aldiz, esperimentalagoak eta oso interesgarriak dira “Abdikazio” eta “Espirala”. «Ni banoa zirkulutik espiralera, infinitura». Gonbidapena onartzeko modukoa da.

Hogeita sei urte beteta, seigarren diskoa aurkezten hasiak dira. Etxean abiatu zuten kontzertu birak espiral itxura hartuko du. Bilbo, Miarritze, Gasteiz, Tolosa, Azkoitia eta Viveiron (Galizia) dituzte hurrengo emanaldiak.

(Berria egunkarian, 2015eko otsailaren 15ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AnestesiaBonberenea EkintzakDiskoakKritikakZirkulutik espiralera