Musika

‘Anai Arrebak’ (Anai Arrebak, 2015)

anai arrebak

‘Anai Arrebak’ (Anai Arrebak, Bonberenea Ekintzak, 2105)

Diskotekaren ateak berriz ere zabaldu dituzte. Ez da asteburuetan topatuko duzun horietako bat, zeharo ezberdina da. 1970eko hamarkadako disco eta funk musika gaurkotuta jartzen dute benetako diskoteka honetan. Dantzatzeko modua ezberdina da. Argien bola abiadura lauso zein bizietan mugitzen da. Larrosa kolorez argiztatu dute aretoa. Pasai Donibaneko Anai Arrebak taldeak ez du izenbururik behar lan berria izendatzeko. Izarrak, agurrak, aerobika, zortea, jolasak, erorketak eta astintzeak nahikoa dira horretarako. Koreografia proposamenik ere bada, baina gorputza mugitzeko saiakera norberak egin beharko du.

Hegazkinean sartuta bagoaz hegan. Bost urte dira Iñaki Matxet eta Marga Altolagirre anai-arrebek beraien hegaldi propioa hartu zutela. Rockaren muturrean ibili ondoren, kontrako norabidea hartu eta pop musikara begira jarri ziren. Etxarri anaiak prest agertu ziren laguntzeko, baita Ander The Commander ere. Kolaboratzaile gehiago izan dituzte zuzeneko eroak posible egiteko. Hegaldi laburrean maketa dibertigarri bat, disko urdin bat eta bigarren disko arrosa plazaratu dituzte. Sintetizadoreak eta 1980ko hamarkadako makinatxo bihurriak dituzte oinarri, erritmoz erritmo eta bi ahotsetara leloak eta melodiak jaurtitzeko.

Martziano arrosak sentitzen dira. Euskal Herrian dantzarako joerak bestelako soinu banda duenean —bertako talde tronpetazaleak zein tabernetako formula—, freskotasuna dute alde. Hasi zirenetik disco erronkari eutsi diote, eta badirudi orain arteko lanik borobilena atera dutela. Urdina interesgarria zen, eta arrosa oso interesgarria da. Sintetizadoreen erabilera, melodiak, letrak… finagoak dira, erakargarriagoak. Izarretan zehar abiatzeko orduan ñabardura berriak topa daitezke. Kabinako giroa bera da, baina ezberdina. Amodio eta desamodioa oso presente dute, gaua bezala. Agurtu nazazu” erreguka ari dira, baina funk doinuekin gerria gehiago mugituko bagenu akaso kasu gehiago egingo ligukete. Zorte ona opa dizut” izan zen aurrerapen kantua, haustura sanoa irudikatzen duena. Ez dut erori nahi” eta Astindu ezazu” abestiak ilunagoak dira, eta interpretazioa nahiko irekia da. Haur jolasak” nahiago izango ditu entzuleak.

Mugimendu aerobikoak ere badira diskoan. Bi saiakera on aipatu gerriak askatzeko. Bestela, azken saiakera bat gorde dute bukaerarako: “Atik Ara”. Ziur ereserki gisa erabiliko dutela beren zuzeneko-diskoteka partikularrean. Zorterik onena opa diegu, elkarrekin eta eromen maila berarekin. Gora Pasai Donibane!

(Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 15ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Anai ArrebakBonberenea EkintzakDiskoakHemerotekaKritikak