BADOK BLOGA

Zuriñe Hidalgo

2014.06.17

Zuriñe Hidalgo

Amets bat

Abesti baten bertsioa egin nahi izatea ez da erronka makala musikari edo musika talde batentzat, eta are gehiago, bertsionatu nahi den kantu hori, denbora luzean zehar oso abesti mitikoa izan denean.

Abesti batzuk gure haurtzaroa, gaztaroa… beno, orokorrean, gure bizitzako etapa jakin bat markatzen digute, eta kantu hura erreferente dugularik, ez dugu beste modu batean imajinatzen. Zaila egiten zaigu beste ahots batekin entzutea, erritmoa aldatu dela ikustea, instrumentuek marrazki ezberdinak egiten dituztelaz ohartzea… Normalean, lehenengo entzunaldiko erreakzioa “ez dut gustoko” edo “originalarekin gelditzen naiz” esatea izaten da, jatorrizko abestiaren nondik norakoak barruraino sartuta ditugulako eta beraz, ez dugu bestelako moldaketarik onartzen.
Arrotza egiten zaigu kanta berria. Gure belarrientzat, lehenengo entzunaldia ez da erraza izaten. Baina bigarren, hirugarren… entzunaldietan iritzia alda daiteke.

Gehienetan, abesti originalarekin gelditzen gara, baina nik diot, alderaketekin sartu baino lehen (zein den hobeagoa baloratzera sartu baino lehen), zergatik ez bakoitzaren xarma eta berezitasunarekin gelditu? Argi dago kantu originala beti izango dela “lehena”, erreferentea, berezia eta nola ez, meritua duena, azken finean, kantu horretan oinarritzen garelako bertsioa egiterako orduan. Baina bertsioek ere, zerbait berria transmititu ahal digute.

Duela gutxi, Hesian-eko taldekideok, erronka polita hartu genuen esku artean. Gasteizko Hala Bedi irratiak, bere 30. urteurrenerako disko bilduma bat kaleratu behar zuen, eta guri, Euskal Herriko beste 14 talderi bezala, bilduma horretarako kantu baten bertsioa egitea proposatu zigun. Lehen momentutik, guztiok nahiko argi izan genuen: emakume musikariz osaturiko talde bat aukeratu nahi genuen eta hautabide ezberdinak kontuan hartu ondoren, aho betez hartu genuen erabakia. Guztiok ongi ezagutzen genuen eta guztiontzat erreferente izan ziren bi emakumeen kantu bat aukeratu genuen, Alaitz eta Maiderren “Amets bat” kantua, hain zuzen ere. 90. hamarkadako abesti oso mitikoa, lasaia, goxo-goxo abestuta dagoena eta milaka aldiz, gustu handiz, xurgatu duguna.

Guk abestiari buelta eman genion eta gure eremura eraman genuen. Gainera, pertsona askoren desioa (baita nirea pertsonala ere) betetzea lortu genuen, izan ere, bi artista hauen ahotsa, aspaldidanik zuzenean entzun gabe genuena, estudiora ekarri genuen. Alaitz eta Maiderrek, guk abestiaren bertsioa egiteko baimena eskatu eta haien baiezkoa jaso ostean, gurekin kolaboratzeko proposamena bota genien eta zelako sorpresa, haiek izugarrizko poztasunarekin baiezkoa eman zigutela. Ohore bat izan zen beraiekin kontatzea eta argi dago lan honen emaitzaren berezitasun nabarmenena hori izan dela.

Amets bat” kantuaren bertsioa egin dugu, nahiko ezberdina dena, sentsazio eta sentimendu ezberdinak transmititu ahal dituena, baina zatitxo batean besterik ez bada ere, kantu originalaren esentzia guztiz bizirik mantentzen duena: bi emakume hauen ahotsa.

Hemendik, MILA ESKER Alaitz eta Maiderri! Plazer bat izan da erronka honi esker, zuek ezagutzea!

Hementxe duzue emaitza entzungai. Gozatu belarriak! ;)

ETIKETAK:Alaitz eta MaiderHala BediHesianKantuak