Elkarrizketa

Urko Ansa

2020.12.01

Urko Ansa

“Bide paraleloetan ibili gara baina bakoitzak berea egin du”

Elkarrizketa: Esti eta Mikel Markez

Lehen maketarekin ezagutu genuen Mikel Markez, 1989an. Oihartzun handia izan zuen Errenteriako (Gipuzkoa) gaztearen lehen grabazio hark. Sakon-sakoneko kantu erromantiko haiek, bihotzera zuzenean zihoazenak, argibide edo ilusio berri bat eskaini zioten bere herriko gizarteari. Grabazio hark zeukan biluztasunak eta bere proposamenaren zintzotasunak konkistatu zuen lehen entzulegoa izan zen hura. Bigarren maketa iritsi zen gero, eta azkenik, 1992an, lehen lan luzea hastapenetan bere etxea izango zen Elkarren eskutik. Kantuen tratamenduak eta musikari andanaren kolaborazioak erabat aldatu eta jantzi zituzten jada ezagunak ziren konposizioak eta haiei gehitutako berriak: “Marinelaren bakardadea”, “Zure begiek”, “Itsu bati”, “Naturari buruz”… Profesionalizazio hark nolabaiteko debate bat ere ekarri zuen, biluztasun hori galtzean, maketazale eta diskoaren zaleen artean. Auzi horrek ez zuen asko iraun, eta Mikelen arrakasta meteorikoa izan zen, Euskal Herri osora laster zabaldu baitzen.

Esti eta Mikel Markez horizontala

Esti eta Mikel Markez, genetikoki enpastatuta.

Zoramen horren guztiaren erdian, 1995ean aita izatea erabaki zuen, parranda-kontzertu zurrunbilo hartatik nolabait jeisteko. Bigarren alaba, Esti, 1999an jaio zen. Bere karrerak gorenean segitu zuen, ordea, harik eta 1997a iritsi zen arte. Urte hartan, euskal kantagintzarentzat benetako balentria erdietsi zuen: hain ondo menderatzen zuen kantu erromantiko, filosofiko eta existentzialen mundua irauli eta Kantu erotikoak argitaratu baitzuen IZ diskoetxearekin. Gurean sekula egin gabeko disko kontzeptual eta, neurri batean, polemiko harekin ausardia eta arriskatzeko gogoa erakutsi zituen. Kantautore klasiko kontzeptua zuzena izan zitekeen ordura arte, baina (bera ados dagoen ez dakidan arren) geroztik abeslari eta konposatzaile aurrerakoi eta intelektualen traza sakonak ere landu dituela begi bistakoa da. Aurreiritzi eta tabu asko irauli ditu, eta horien guztien momenturik adierazgarrienetakoa 1997ko hura izan zen. 23 urte pasa dira eta grabaketa eta kolaborazio mordoa egin ditu geroztik. Jada 30 urte baino gehiago iraun duen ibilbide honetan, kantugile eta interprete paper horretatik harago joateko ekimenak bata bestearen atzetik landu ditu, hala nola: Pako Aristirekin bi disko eta zuzeneko andana; bertsolari zein kantari ezberdinekin kolaborazio ugari, Ameriketako abenturak (Noka taldearekin, besteak beste), berriz ere Pako Aristirekin Benito Lertxundiri egindako elkarrizketa liburua…

Horri bere irratsaioak gehitu behar zaizkio: 1994tik 2008ra Herri Irratian Ahobete hots saioa zuzendu zuen, eta 2010etik 2013 ingurura arte Euskadi Irratian Kaja Beltza. Biek ere autore irratia zuten ezaugarri komun eta baliagarriena. Hainbeste urte kantagintzan mantentze hutsa meritua bada, zer esan genezake 49 urte bakarrik dituen artistak jada 12 disko kaleratu izanari buruz? Grabazio horien guztien gailurra, seguru aski, 2013an erdietsi zuen Indar bat dabil hor (Elkar) lan borobilean. Hamarkada hartan egin zen lanik hunkigarrienetakoa izan zen, beharbada. Iritziak iritzi, Mikel bueltan da alabarekin egindako Azal berritzen lan berriarekin.

Labetik atera berri bero-bero dagoen diskoa da Azal berritzen. Nobedadea da, zu Esti, sortzaile modura eta aitaren maila berean jarrita ateratzen zarelako.
ESTI MARKEZ: Niretzako kristoren plazera da aitarekin disko bat egin ahal izatea, parez pare. Mailei dagokienez, nire iritzi propioa daukat. Ez dut aitaren mailara iristen saiatu nahi. Ez nago ados mailekin, bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Baina bai, nire aitaren ibilbidea ikusita, plazer bat da disko bat erdibana atera ahal izatea.

Bion artean atera duzuen lehen lana den arren, aurreko diskoan piztu zen oraingoaren sugarra. Esperientzia hartatik fruitu asko atera direla esango nuke. Bestalde, Arkaitz Minerrek eta Julen Alonsok ere hor jarraitzen dute; beraz, aurrekoaren ondorioa izan dela esango nuke.
MIKEL MARKEZ: Neurri handi batean planifikatua, baina beste neurri handi batean berez etorri zaigun aukera bat izan da. Eta argituko dizut zergatik esaten dudan hau. Alde batetik, noski, erabaki nuenean Biribilean diskoa ateratzea, zuzeneko bat, errepaso moduko bat egin nahi nien nire ibilbideko zenbait kanturi. Erakutsi nahi nuen momentu hartan egiten ari ginena, eta hortatik dator Esti ere gurekin egotea, jada hasia baitzegoen gure kontzertuetara etortzen, ahotsa sartzen, eta berekin nire errepertorioko lehendabiziko kantuak prestatzen aritu ginen. Neurri batean ere izan zen modu bat Arkaitzek egindako eta ordura arte diskoetan ateratzen ez diren zenbait moldaketa erakusteko eta bilduta uzteko euskarri batean betirako gelditu daitezen. Bestetik, orduan Julen Alonso gurekin batu berria zen zuzenekoetara, eta horren erakusketa ere egin nahi genuen. Azken urteetan egin nuenaren lagin moduko bat bezala planteatu nuen Biribilean.

Zer gertatu da? Ba martxoa etorri dela, eta guk pentsatzen genuen urte osoan zehar jarraituko genuela diskoa aurkezten, baina denok etxean sartu behar izan genuen, pandemiaren asunto guzti horrengatik. Eta horren ondorioz, denbora libre dexente eduki genuen etxean, eta hau bai ez zela aurrez aldetik pentsatutakoa izan, eta Estik ere esango dizu: ni hasi nintzen kantuak sortzen, eta Esti ere bere aldetik kantuak sortzen hasi zen. Batak besteari kantuak bidaltzen hasi ginen. Berak egindakoak bidaltzen zizkidan, konfinamentua ez baikenuen etxe berean egin, eta nik berari nireak bidaltzen nizkion. Batak besteari gure iritziak bidaltzen genizkion: “entzun ezazu hau, ze polita hori eta hau irakurri” eta elkarri xaxatzen ibili ginen. Eta brometan hasi ginen esaten “zergatik ez dugu disko bat elkarrekin egiten?”. Estik hiru kantu zeuzkan eta nik beste hiru, eta hasi ginen esaten: “Bost eta bost egin behar ditugu konfinamenduan, eta diskoa aterako dugu”. Eta broma hortatik etorri da gerora diskoa. Orduan, alde batetik disko hau bada aurrekoaren ondorio, eta bestetik ez da ondorio, izan da konfinamenduaren ondorio. Eta Arkaitz eta Julenen aportazioa bai, aurreko diskotik dator.

Diskoa erdibana egin duzue, eta bakoitzak berak konposatutakoak kantatu ditu. Dena den, batak bestearen kantu batzuetan ahotsa ere sartu duzue, bigarren maila batean bederen. Batak bestearen konposizioan nolabaiteko parte hartzea izan al du? Elkarlanik egon al da?
E.M.: Bakoitzak bere abestiak sortu ditu, beraz, konposizioan ez nuke esango elkarlanik egon denik. Nik aitari bere konposizioetan eta egokitzapenetan ez diot ezertan lagundu, baina berak niri, gitarra ez dudanez oso ondo menderatzen, abesti batzuk egokitzen lagundu dit. Nik bere abesti batzutan duo batzuk sartu ditut, baita berak nire batzuetan ere.
M.M.: Esan behar da bakoitza izan garela bestearen kantak lehenengo entzun ditugunak. Egia baita prozesua egin dugunean bata bestearen ondoan egon garela, baina esan dugun bezala, bakoitza bere etxean. Sorkuntza aldetik, bakoitzak berea egin du, maila guztietan gainera. Estik adibidez, bere bi testu ditu, berak idatzitakoak. Bi kantu erabat bereak dira. Gero, poemak hautatu ditu baina ez nik proposatutakoak. Eta nik berdin. Egia da Estik eta biok, aita-alabak izanda, egunero elkarrekin egoten garelarik, badakigula elkarren berri. Adibidez, ni Alaia Martinen testua musikatzen ari nintzenean, Estik bazekien zertan nenbilen, nik bera zertan zebilen nekien moduan. Bide paraleloetan ibili gara sorkuntza mailan, baina nik azpimarratuko nuke sorkuntza bakoitzarena, berea izan dela erabat. Gero egon da elkartze bat kantuak jartzeko garaian. Lehendabiziko janzketa bat egin ondoren, gitarrak eta duoak eta abar landu ditugu.
E.M.: Abesti batzuk lantzerako orduan lagundu dit Mikelek. Gero bere abestietan galdetzen zidan adibidez, ea mandolina ikusten nuen zati batean, edo biolina… baina bakoitzak erabaki du zer sartu nahi duen bere abestietan.
M.M.: Ni gehiago joan naiz Arkaitz eta Julenen bide hortatik, aurreko diskotik lan egiteko modu bat bagenuelako konponketekin eta guzti horrekin, eta Estik beste batzuk aukeratu ditu bere kantuak era desberdinean jantzi nahi zituelako.
E.M.: Bateria eta baxua sartu nahi nituen abesti batzuetan. Ane Bastida aspalditik ezagutzen dudan pertsona da, eta berari eskatu nion baxua sartzeko, bere estiloa asko gustatzen zaidalako. Iker Laurobak bateria batzuk sartuko zituela esan zidan. Gero, abesti batean Olaia Inziarteren ahotsa abestiarekin bereziki ondo geratzen zela ikusi nuen. Beste abesti baten azkeneko momentuan Olaia eta Eneritz Aulestiak abesten dute. Eneritzek nire aitaren “Bila nazazu” kantuan ere parte hartu du, eta hori aprobetxatuz hiru ahotsetan kantatzeko eskatu nien nire kanta baterako. Julen eta Arkaitzi dagokionez, nire aitaren betiko musikariak dira, eta ez nuen dudan jartzen horiek diskoan nahi nituela.
M.M.: Arkaitzek biekin egin du lan, eta gehiago da nire belaunaldikoa. Esango nuke nire aportazioa dela, baina Julenek beti izan du harreman handiagoa Estirekin, eta aurreko diskoan nirekin jotzen hasi bazen, neurri handi batean Estirengatik izan zen. Bi belaunaldiak lotzen dira maila hortan ere.
E.M.: Zuzenekoetan ikusiko da nire aitaren estilotik pixka bat aterako garela, Arkaitzek momentu batzuetan gitarra elektriko batzuk joko dituelako, eta Julenek pianoa. Ez da ohikoa aitaren kontzertuetan bi instrumentu horiek jotzea.
M.M.: Hori da Estiren partetik etorri den aportazio bat, bere kantuen bidez etorri baitira. Sonoritate aldetik ere aberastua sentitzen naiz ni.

Badaukate kantu askok halako dirdira atenporal bat. Aurreko diskoan ikusi zen bion artean sortzen duzuen magia.
M.M.: Eskerrik asko. Nik uste dut lehenengo magia hori “Aurrera Altsasu” kantuarekin izan zela.
E.M.: Altsasuko gazteei dedikatuta grabatu genuen bideoa. Jendeari asko gustatu zitzaiola ikusi genuen, bai gaiarengatik baita kantua beragatik ere. Jendeak ez gintuen imaginatzen…
M.M.: “Bi ahotsetara ze ondo elkar hartzen duzuen, bi ahotsek ze ondo enpastatzen duten”. Normala da, genetikoki ere enpastatuta gaude. Kar-kar.

Esti, nola hasi zinen, zein izan zen jauzi egitea erabaki zenuen momentua?
E.M.: Duela bospasei urte hasi nintzen. Txikitatik etxean abesten nuen, baina lehenengo aldiz aitarekin kontzertu batean duela bospasei urte abestu nuen. Gustura, baina gazteagoa nintzen eta ez neukan oso argi musika munduan zer egin nahi nuen. Zuzenekoan gustura sentitzen nintzen. Egia esan, aurrerapausua nire kantak sortzen hasi naizenean eman dut. Uste dut abestiak sortzeko, batetik, esateko zerbait eduki behar duzula, eta bestetik sortzeko beharra edo gogoa. Aurreko diskoan ahotsak sartu nituenean, ez neukan sortzeko gogo hori. Jendeak galdetzen zidan ea diskoa noiz aterako nuen, baina ez nuen atera behar nuenik sentitzen. Konfinamenduan, aldiz, oso lasai nengoen etxean, eta giro horretan gitarra hartu eta sortzen hasi nintzen.

Zure ahotsak inpresio handia egiten du. Tonu altuak oso intentsuak dira. Bestalde, “Ez da bizitza” bezalako kantuetan daukazun tinbrea, tonu batzuk baxuagoa, oso pertsonala da.
E.M.: Normalean tonu altu edo agudoetan abesten dut. Nire eztarria eta ni erosoago sentitzen gara, berezko tonua delako. Tonu baxuagoak egitea gehiago kostatzen zait eta ez naiz hain ondo sentitzen. Baina “Ez da bizitza” abestia horrelaxe egin nuen, tonu hortan. Kantu horretan oso gustura sentitu nintzen. Tonu altuagoekin probatu nuen baina asko galtzen zuen abesti bezala, eta horrelaxe utzi nuen.

Esti Markez: “Esateko zerbait eduki behar duzu abestiak sortzeko, eta beharra edo gogoa. Konfinamenduan gitarra hartu eta sortzen hasi nintzen”

Hitzei buruz, hainbat letragile daude, baina badut sentsazioa zuengan pentsatzen idatzi dituztela… Tematika eta enfoke aldetik, Mikel, zure azken urteotako ibilbidearen trazak antzematen ditut. Filosofia eta espiritualtasuna, letra sakon askatzaileak… Pako Aristirekin Benito Lertxundi ardatz zenutela idatzitako liburua gogora ekartzen dute.
M.M.: Nire kantuetan, badaude bi Toti Martinez de Lezearenak. Niri bidali zizkidan, ez bereziki nik eskatu nizkiolako. Biok lagunak gara, eta bazkari batean aipatu nion elkarrekin zer edo zer egiteko neukan gogoa. Euskaraz idatzitako poema pare bat zeuzkala esan zidan. Gustatu zitzaizkidan eta musikatu nituen. Gero, Jon Maiaren testu hori ezagutzen nuen ["Maitasun kanta bat"], Garik kantatu zuelako. Baina Joni hitz haiek errima aldetik egokitzeko eskatu nion eta horretarako nik egindako doinua bidali nion. Errimak kopla modura egokitu zituen.

Gero, Alaia Martinen bi daude: “Zenbat denbora da hondartza”; denborari buruz eta zain egoteari buruz oso irudi eta hausnarketa politak egiten ditu, kontraesankorrak eta era berean oso ederrak. Bestetik, “Zer nahi dugun jakitea” dago. Kantu tremendo bat da. Nik uste gizateriaren historian horrela sentitu izan den jende asko egongo zela. Hor irudikatzen dena da pertsona bat ilusioa galdu duena, erreta dagoena, jende guztiarekin lilura edo xarma galdu duena. Azkenean bere barnean ezkutatzen da eta ez du ezer jakin nahi gizartearekin. Neurri batean soziopata bihurtzen da, eta horren kronika da. Ez dira bereziki gurekin pentsatzen egindakoak. Nire kantuetan, eginda zeuzkaten hitz batzuk izan dira, nik aukeratu ditudanak.

Aurrerapen kantu bat argitaratu zenuten urrian, “Oroitzapenek esnatu naute”. Bideoklipa Estik zuzendutakoa da, Iker Arangurenekin batera. Bakarlari batena dirudi, Mikel soilik plano batzuetan agertzen da, gitarra jo eta koruak kantatu arren. Azaroan iritsi zen bigarren singlea, “Bila nazazu”.
E.M.: Diskoa bi zatitan banatua dago. Oso bat egiten duten bi erdi gara. Abesti hori nirea denez, nire izenean argitaratu nuen, baina nola proiektua biona den, nire aitak nirekin abesten zuena aukeratu nuen, proiektu irudia emateko. Errealitatea hori baita, koruak eta gitarrak berak egin dituelako diskoan ere. Berdina gertatzen da aitaren “Bila nazazu” abestian.
M.M.: Lehen singlean Estiren sorkuntza den kantu bat erakutsi nahi genuen, baina biok azaltzen ginena. Eta bigarrenean nire kantu bat aukeratu genuen, baina koralagoa izan zedin nahi izan genuen: Arkaitz, Julen, Eneritz Aulestia… Horrelaxe, bi kolpe ematea pentsatu genuen. Esti bakarlari bezala azaltzen da bakarlaria delako. Eta ni ere horrela agertzen naiz beste bideoklipean. Diskoa, beraz, Esti eta Mikel Markezena izango da, baina Esti Markez kantariaren bost kantu egongo dira eta Mikel Markez kantariaren beste bost. Zuzenekoetan batean egingo ditugu, baina bereziko ditugu bakoitzaren bostak, eta gero nire kantu zahar batzuk eta herrikoi batzuk joko ditugu.

Kantu batzuk zuk, Mikel, grabatu dituzu Orion, eta beste batzuk Mutrikuko AME estudioan, Axular Arizmendiren eskutik. Dena den, Victor Sanchez berriro ageri da, nahasketa eta masterizazioan alegia.
M.M.: Grabaketen % 90a nik egin dut, Orion daukadan estudioan. Bi kantutako baxuak eta bateriak Mutrikun grabatu ditugu. Victor Sanchezen lana, dudarik gabe, azpimarratu behar da. Elkar estudioan egin dugu nahasketa eta masterizazioa. Nik uste Victor momentu honetan Euskal Herrian dugun teknikari onenetarikoa dela. Ni grabatzera ausartzen naiz; grabazio tekniken berri badaukat, mikrofono onak baditugu, Previo onak. Etxean (edo gure estudioan) grabatzearen lasaitasuna izan dugu. Ez diogu denborari begiratu behar, nahi adina toma egin daitezke. Nik uste ematen diola halako freskura bat, ez baikaude presiopean. Eta gero, nahasketa eta masterizazioa bai, dudarik gabe Victorrekin. Konfiantzako teknikaria da, eta hauek hortara daude, beti dauzkate azken plugging-ak, azken berrikuntzak… eta haien lanik gabe soinua ez litzateke berdina izango. Izugarri aberasten du. Gainera, Victor zuzenekoetan ere gure teknikaria izango da.

Mikel Markez: “Sentimendu eta karga batzuk gainetik kentzea, azala mudatzea eta kantari berri bezala azaltzea dagokit berriz ere”

Euskal literaturan badaude erotismoa eta lizunkeriari buruzko obra batzuk. Musikan, aldiz, oso gutxi dira eta are gutxiago gai horri buruzko disko osoak, bakarra baitago, zuk 1997an egin zenuena alegia. Horrek, eta zure garai hartako zuzenekoetan egon ziren erreakzio batzuek, zer pentsatua eman dizute?
M.M.: Egia da disko hori nik, nolabait esateko, abisatu gabe egin nuen lan bat izan zela. Erotismoari buruz ez da gehiegi egin Euskal Herrian. Kantagintza tradizionalean biltzaileak apaizak izan zirelarik, normalean hori dena ezkutatu izan dute. Horregatik ez genuen hainbeste tradiziorik, agian beste kultura batzuetan dagoen bezalakoa, baina esan behar da disko hori atera nuela aurreko hiru diskoen ondoren, non kantagintza erromantikoa lantzen nuen, neurri batean soziala ere bazena, baina herri kantuetatik pixka bat urrunago zegoen lan bat zen, eta kantu erotikoekin zenbait jende momenturen batean deseroso sentitu zen, soilik joaten zarelako kantaldi bat ikustera pentsatuz gauza bat ikusiko duzula eta bapatean kantu erotikoak kantatzen hasten nintzelako. Ondo hartu ez zuen zenbait jende egon zen. Nik ikusi dut jendea nire kantaldietan kanturen baten ostean jeiki eta alde egiten. Tira, horrelako gauzak ere gertatzen dira.

Bigarren zati bat egingo bazenu, diskoak eduki zuen inpaktu berdina izango lukeela uste dut. Hau da, arauetatik zeharo irteten den lana izango litzatekeela.
M.M.: Ez dakit, ez diot egia esan nire buruari planteatu horrelako zerbait egitea, baina gauza guziek badaute buelta bat. Momentu honetan inpaktua edukiko luketen beste gai batzuk ere bururatzen zaizkit, kar-kar. Eta agian momentua da beste leku batzuetatik jotzeko, baina ideia eskertzen da.

Hamabigarren estudioko diskoa duzu hau, Nokarekin atera zenuena kontuan hartzen badugu. Oso artista gutxi iritsi dira dozena bat lan grabatzera! Ehundik gora kantu egin dituzu, eta kontzertuak ia bi mila. Oso gazte hasi zinen, eta orain, 31 urteko ibilbidea egina duzula, soilik 49 urte dauzkazu!
M.M.: Hain gazte hastea abantaila bat izan zen. Nik ere badaukat sentsazioa urte dexente daramatzadala hemen bueltaka, batera eta bestera. Ibilbide bat egin dudala, eta kantu batzuk gizartean gelditu direla. 17 urterekin lehenengo maketa grabatzen ari nintzen. “Zure begiek” eta kantu horiek denak herriz herri kantatzen ari nintzen. Oso garai aztoratuak bizi izan genituen 90. hamarkada hartan, gero 2000. hamarkadan estilo ezberdinen eztanda bat etorri zen, talde oso ezberdinen bizikide izan ginen. Trikitixaren booma ere oso gertutik bizi izan dut. Bertsolariekin, literaturako jendearekin… egia esan, nire ibilbidean bidelagun handiak izan ditut: Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta, orain Esti, Pako Aristi… emanaldi koralak ere egin ditut. Errepaso azkar bat egin dut burura etorri zaizkidan dozena erdi bat argazkirekin, baina bai daukat sentsazioa, eta gure disko berri honen izenari begiratuko diogu, Azal berritzen jarri dugunez, badirudi ia nire 50. urtemugara heldu naizen honetan, tokatzen zaidala azalberritzea. Egindako gauza batzuk, sentimendu eta karga batzuk gainetik kentzea, azala mudatzea, azala gainetik kendu eta kantari berri bezala azaltzea berriro ere. Nik uste dut hori dela irauteko modua: errepikatu eta errepikatu egiten baduzu, lehendabizi nazkatzen dena norbera da, eta gero jendea. Beti buelta berri bat eman behar zaio sorkuntzari, eta garai berrietara egokitzen asmatzen ez bada, normalean hil egiten da artista.

ETIKETAK:Arkaitz MinerBenito LertxundiEñaut ElorrietaEneritz AulestiaErramun MartikorenaEsti MarkezIker LaurobaJulen AlonsoMikel MarkezOlaia InziartePako AristiVictor Sanchez