Elkarrizketa

Leire Palacios

2018.02.26

Leire Palacios

“Gustuko dut nire alde gozoa distortsioarekin ‘boikoteatzea’”

Elkarrizketa: Birkit

Eorann eta Red Carmine taldeak sortu ondoren, tartea hartu eta Emen bakarkako estreinako diskoa aurkeztu berri du Birkite Alonso gasteiztarrak Birkit izenpean. Kezkak, distortsioak, bizipenak, boikotak, poemak, hausnarketak eta egunerokotasunaren zaurgarritasuna topatuko ditu entzuleak ahots eta gitarra elektrikoak gidatuta.

Birkit berria

Bost urteko etenaren ostean agertokietara itzuli da Birkite Alonso. (Janire Usategi)

Zein da diskoa egin ondoren barruan geratu zaizun sentsazioa?
Diskoa amaitu bezain laster bake sentsazio bat izan nuen. Neure buruari zor nion zerbait itzuli izanaren bakea. Zainketa lanak, tarte batean bada ere, nire identitatearen beste alde bati uko egitea ekarri zuen. Orain badakit erabaki egokia hartu nuela: hasieran nire espazioa eta denbora haurrei eskaintzea garrantzitsua izan zen, ondoren, proiektu pertsonalarekin aurrera egitea bezain garrantzitsua. Bien arteko oreka lortzeak zoriontsuagoa egin nau eta baita ama hobea, edo behintzat egokiagoa, bihurtu ere. Horrela izan beharko luke amatasunak, haren irudi oso distortsionatua baitago gizartean, batez ere gazteen artean.

Zenbat denbora eman duzu disko Emen prestatzen?
Bi urte eta erdi eman dut diskoa prestatzen; hasieran abesti zahar batzuk moldatzen eta besteak sortzen. 2017ko ekainean Sonora Estudioetan sartu aurretik behin eta berriz moldatu nituen. Hasieran, orokorrean, folk kutsua zuten abestiek, Laura Marling, Angus & Julia Stone, Angel Olsen, Big Thief eta beste batzuen kantak entzuten hasi nintzelako, baina, ondoren, Warpaint, Jen Cloher, Courtney Barnett, Sharon Van Etten eta bestelako rocka entzutean nahiko aldatu nituen.

Nolakoa izan da sormen prozesua?
Sormen prozesua naturala da, ez ohi dut ezer idazten, hau da, hasierako bertsioa besterik ez dut grabatzen, batzuetan doinuarekin geratu arte. Ez dut ordenagailurik erabiltzen. Normalean gitarrarekin hasten naiz, ondoren ahotsaren melodia sartzen dut eta hitz solteak datoz burura. Horren arabera gaia aukeratzen dut eta orduan egunak igarotzen dira letra guztiz osatu arte. Eguneko edozein unetan datoz hitzak edo esaldiak, zerbait egiteari utzi eta idazten dut burura etorri zaidana. Azkenik, dena batu eta abestia moldatzen hasten naiz. Prozesuaz gehien gustatzen zaidana gitarrarekin sortzea da, esperimentazioa gustuko dut. Pedalekin jolastu dut beti, Eorannen ikasi nuen hori. Gustuko dut nire alde gozoa distortsioarekin “boikoteatzea”. Ahotsari dagokionez, berez ateratzen da, ez baitaukat inolako teknikarik, entzuten ditudan abeslariek inspiratzen naute baina nahigabe prozesatzen dut gero ateratzeko. Disko honetan euskal sena atera nahi izan dut, beti izan baitut barruan, eta taldean ez zegoen modu hori ateratzeko doinu-dinamikarik.

Zerk piztu zaitu letrak idazteko?
Letrak idazteko azken urteetan gertatu zaidan barne-iraultzan oinarritu naiz, adinak eman didan esperientziatik ondorioztatu ditudan berezko printzipioak, nire etorkizuna eta zahartzeko modua, nire amatasuna, nire bikote harremanaren garapena eraiki nahi dudala ondorioztatu dut gizarteak idatzi didanarekin bat ez natorrelako, batez ere emakume izanik. Bestetik, euskal erroetara itzuli naizela adierazten duten gaiak daude, taldean jotzen nuen etapan “munduko hiritar” bihurtu nintzelako erroak alde batera utziz. Bost urte hauetan itzuli naiz erroetara, haurrak hezteko prozesuarekin bat egin du euskara eta euskal kulturan sakontzeak, gizarte euskaldun eta feminista baten eraikuntzaren inguruan inoiz baino gehiago sinisteak, desinformatzearen beharra sentitzeak, eta nola ez, indarkeria matxistaren aurka egiteak. Horri buruz idatzi dut diskoan.

Joseba Sarrionandiaren poema bat eta The Cure taldearen adaptazioa gehitu dituzu. Zergatik aukeratu zenituen?
Joseba Sarrionandiarekin lotura polita daukat, Eorann nire lehen taldearen izena bere olerki batetik hartu nuelako, eta omenalditxo bat egin nahi izan diot orain. Desinformatzearen beharrari buruzko letra idaztean trabatuta nenbilela, Olentzerok Tempo de Exilio bere poema bilduma ekarri zidan eta irekitako lehen orrian topatu nuen “Munduan gertatzen den guztia”, orduan jakin nuen abestiaren letra izango zela. Diskoko beste moldaketari dagokionez, The Cure taldea 16 urte nituenetik jarraitzen dut eta “Lovesong” nire abesti kutunetakoa izanik, 2016an BECen ikusi nituenean otu zitzaidan bertsioa egitea. Oso harro nago gitarra linea horiez. Ahotsa egiteko Tori Amosen pianozko bertsioan oinarritu naiz.

“Letrak idazteko azken urteetan gertatu zaidan barne-iraultzan oinarritu naiz: nire etorkizuna eta zahartzeko modua, nire amatasuna, nire bikote harremanaren garapena…”

Non jaio dira diskoko kantuak?
Kantuak etxean egin ditut, anpliari entxufatuta eta kaskoekin beti. Bakardadean egin dut, ez bainuen inolako kanpo eraginik nahi. Konzentratzea ez zait kostatzen, baina bakea behar nuen testuinguru nahiko “zaratatsua” delako nire etxea, kar, kar, kar. Gainera, nahiko perfekzionista naiz, ez nion inori erakusten, ezta gertuen nituen musikariei ere, haien iritziak nire ideiaren bat baztertuko zuelakoan. Oso prozesu motela izan da, askotan lur jota eta etsituta sentitu naiz denbora falta zela eta, edo ez nuelako argi sortutakoa gauzatzeko aukera izango nuen, ezta kontzertuak emateko denbora edo aukera izango zenik ere… zalantza asko izan ditut bidean. Horrelakoetan senide eta lagunen animoak heltzen zitzaizkidan, asko lagundu didate.

Estudiora sartu zinenean argi zeneukan nolakoak izan behar zuten kantuek? Utzi al zenion norbaiti kantuak entzuten diskoa amaitu aurretik? Aldatu al zenituen gauzak esandakoen arabera?
2017ko ekainean Iñaki Alonsorekin grabatzera sartu nintzen Gasteizko Sonoran, berarekin grabatu genituen Eorannen bi diskoak eta gure “soinu horma” bikain islatu zuela kontuan izanik, zikintasun kutsu hori eman nahi nien abestiei. Mikrofonoak kokatzen ditu estudioan zehar, soinu anbientala lortzeko. Gainera, Iñakirekin lan egitea oso erraza da, askatasun osoa ematen dizu arlo kreatiboari dagokionez. Galdetu ezean ez dizu ezer esango, eta galdetzean behar zenuen erantzuna emango dizu, zoragarria da. Estudiora gitarra linea bakarra eraman nuen, etxean oraindik ez bainuen looperrarekin lan egiten. Estudioan sortu nahi nituen beste geruzak, buruan dantzan izan nituen azken hilabeteetan eta hantxe atera ziren, lehenengoan. Pianoarekin berdin gertatu zitzaidan. Oso piano gutxi nahi nuen, batez ere ez naizelako aditua pianoan, baina pianodun musika asko entzun ohi dut eta nozioak nituen, beste instrumentuen falta pianoarekin betetzea otu zitzaidan. Gon Caraballori bi abestitan baxua sartzeko eskatu nion, alde batetik keinu gisa, beti elkarrekin sortu dugulako, eta bestetik, abestien homogeneotasuna apur bat apurtzeko.

Estreinako aldia da prozesua bakarka egiten duzula? Izan ere, Eorann eta Red Carmine taldeetan aritu zara. Nola sortu zen Eorann?
1999an Gasteizen bizi nintzenean gitarra klasikoko ikasketak bertan behera utzi ondoren gitarra elektrikoa erosteko grina sortu zitzaidan, Cranberries, Radiohead, Skunk Anansie, Smashing Pumpkins edo Pearl Jam taldeen doinuek eraginda. Ricardo Urrutia gitarristarekin eta beste irakasle pare batekin ikasi ondoren Katanga faktoriak antolatzen zuen udako ikastaroan izena eman eta jam sesioetan jo orduko sortu zitzaidan taldea osatzeko grina. Hasieran, Gasteizen probatu nituen baxu eta bateria jotzaile gutxi batzuk, baina 2001ean Bilboko Gon Caraballo ezagutu bezain laster jakin nuen harekin izango zela. Gasteizen ez genuen beste inor topatu, hortaz, Bilbora mugitu nintzen ni, bertan musika alternatiboaren eragina askoz zabalagoa zelako. Beste urtebete kostatu zitzaigun Adrian Bilbao bateria jotzailea aurkitzea eta bi urte horietan sortu genituen Eorann izango zenaren maketako abestiak. 2004an Sergio Hoyuelos batu zitzaigun gitarran, 70. hamarkadako rock eta psikodelia ekarri ziguna, eta tartean Gon eta biok post-rockean murgildu ginen, Mogwai, 12Twelve, Monochrome, Lisabö eta horrelakoak entzuten. 2007an Rober Somavillak Adrian ordezkatu zuen eta azken etapan Irune Unzetak teklatuetan lagundu zigun.

Ondoren Red Carmine, aurrekoarekin konparatuta bestelako ikuspegiarekin sortu zenuten. Zergatik izan zuen horren ibilbide laburra?
Bost urteren ondoren Eorann higatu egin zen, musikalki ez genuen aurrera jarraitzeko gogorik eta Sergiok bakarkako proiektu bati ekin nahi ziola esatean argi ikusi nuen etapa berri bat hastear zela. Gon eta Roberri galdetu eta 2008an Red Carmine sortu genuen, shoegaze-rock moduan etiketatu gintuzten Mondosonoro aldizkarian, ez daukat argi zer egiten genuen… Nire eraginak garaian Blonde Redhead, The Organ, Yo La Tengo, Madee, Velveteen, Radiohead kutunak eta beste hainbat ziren. Taldeak ibilbide laburra izango zuela hasieratik banekien, argi bainuen etapa horrek haur bat izateko asmoarekin bat egingo zuela, eta 2010ean gertatu zen hori, Carlos Boulandier gitarristarekin bigarren lana prestatzen ari ginelarik. Gogorra egin zitzaidan uztea, baina argi neukan lehentasuna amatasunak zuela. Musika egiteko ondorengo bizitza osoa izango nuela pentsatu nuen. Gitarra “kokatzeko” arazoak izan nituen arte jo nuen Red Carminen, kar kar… Azken kontzertua lau hilabetez nengoela eman nuen, gero pausa.

Zer ikasi duzu Eorann eta Red Carmine taldeetatik?
Taldean lan egiten ikasi nuen. Ohituta nengoen kantuak bakarrik egiten, gero Gonek inolako arazorik gabe bat egiten zuen melodiarekin eta ez genuen inoiz arazorik izan elkarrekin sortzeko orduan. Baina lau edo bost izanda, ikasi behar duzu zenbait ikuspunturi uko egiten eta besteen ekarpenak onartzen abestiaren mesederako; era berean, izugarri ikasi nuen musikalki Sergiok aportatu zidanarekin. Benetan miresten nuen berak egiten zuena. Gauza bera gertatu zitzaidan Carlosekin, oso gitarrista ona zen hura ere. Bestetik, taldea jo izan ez banu ez dut uste gaur abestiek zikintasun hori izango luketenik, ezta gitarrarekin barne-erritmoak sortzeko trebezia izango nuenik ere. Gainera, inguruko talde bikainetako musikariak ezagutzeko aukera izan nuen garaian: Capsula, The Sinclairs, Ya Te Digo (Sonic Trash), Le Noise, Eten, Nun, Loan

Bi taldeetan ibili ondoren tarte bat hartu zenuen. Berriz ere eszenara itzultzeko grina piztu zitzaizun edo ez zenuen sekula gogoa galdu?
Bost urte eta erdiko etena egin nuen, 2013an beste haur bat izan nuelako. Amatasunaren lehen fasetik atera bezain laster esparru pertsonala zabalduz joan zen eta horrekin batera musika egiteko denbora. Hasieran argi nuen pausa bat izango zela, baina musika berez joan zen lehen etapa horretan, era natural batean desagertuz joan zen beste zerbaitetan zentratu behar nintzelako, pentsatzen dut. Izan ere, gitarra elektrikoa ez nuen zorrotik atera tarte horretan, aurrera egin ezinik amorratuta nengoelako agian… 2015ean akustikoa jotzen hasi nintzen noizean behin eta uda partean sortu nuen “Barrutik, barrurantz”, etapa honen lehen abestia esperientzia hori deskribatuz. Gero kantu zaharrak moldatzeko ideia etorri zen eta 2016rako baneukan argi disko bat osatuko nuela, jendaurrean berriz jotzeko “beharra” sentitu nuen, musika itzuli zen.

“Argi neukan bakarka itzuli nahi nuela, nire esentzia gorde nahi nuen, batez ere etorkizunari begira”

Bakarkako bideari ekin nahi zeniola argi zeneukan?
Argi neukan bakarka itzuli nahi nuela, taldean lan egitea zer den ezagutzen nuelako eta beste arlo hau probatu nahi nuelako. Nire esentzia gorde nahi nuen, batez ere etorkizunari begira. Argi daukat etorkizunean taldekide bila joango naizela, baina nire soinua aurkitu behar nuen lehenago, besteekin fusionatzean gal ez zedin.

Nolakoa izan da berriz ere eszenatokira igotzea? Zer sentitu duzu?
Eszenatokira itzultzea oso esperientzia ederra izan da. Bakarka entzulearekin bat egitearen sentsazioa ikaragarria da, baina baita gogorra ere. Ohitzen noa, geroz eta lasaiago noa. Ahotsenea erronka handia izan zen niretzat, oinak lurrean jarri zizkidan nolabait. Gero Errekaleorren Liberekin jotzea… neure buruari asko eskatu diot horrelakoetan, kontzertu bat lasaitasunez emateko gogoa daukat, kar, kar…

Erantzutea posible bada, zure ustez, zer galdu eta zer irabazi duzu bakarka?
Taldearen babes falta sumatzen dut, orain hanka sartzen badut berehala sumatzen denaren sentsazioa daukat, baina merezi du. Bateria jotzaile baten falta sumatzen dut, hurrengo diskoan behintzat bateria sartu nahi dut eta hortik ateratzen dena ikusteko gogoa daukat. Bakarka aritzeak indarra, adorea eman dit eta entzulearekiko intimitate hori taldean ez da modu berean sentitzen. Zu entzutera etorri dira, gustuko dutelako barruan duzun hori. Esperientzia izugarri ederra da.

Hainbat gitarra geruzekin jositako kanta biluziak ageri zaizkigu diskoan, pertsonalak, batez ere elektrikoa da entzuten duguna. Gitarra elektrikoaren aldeko hautu horretan ba al da zerbait lortzeko gogorik, hau da, akustikoarekin lortzen ez duzuna?
Gitarra elektrikoak melodiak sortzeko aukera ematen dit, akustikoa ahotsari laguntzeko erabili izan dut etxean, baina ez dut inoiz jende aurrean akustikoan jo. Melodiak sortu, efektuekin jolastu eta elkarren arteko geruzak sortzeko joera daukat, ez dut beste modutan ulertzen sormen prozesua. Zenbait abestik kutsu elektroakustikoa dute, eta hala ere arpegiodun “irlak” sortzeari ekiten diot abestiaren erdian, berez ateratzen da. Homogeneotasunak aspertzen nauelakoan edo, ez dakit. Bestetik, beste baten ahots bat akustikoarekin lagunduta entzuteak ez nau aspertzen, baina ahotsak arreta deitu behar dit. Eneritz Furyak, Ekiza, Olatz Salvador edo Estankonaren kasuan, adibidez.

Ba al da bereziki zaindu duzun elementurik kantuetan?
Dena zaindu dudala uste dut. Xehetasunez sortzen dut, den-dena ongi lotuta egon arte ez dut amaitutzat hartzen. Distortsioa eta garbia partekatzea nahita egiten dut zuzenean soinua matizatzeko. Akorde eta arpegio guztiak zaindu ditut, horretan banaiz perfekzionista…

Zein da ahotsaren presentziak duen pisua diskoan?
Pentsatzen dut abesti hauetan ahotsak eta gitarrak elkar osotzen dutela, abesteko nire modu hori gabe gitarrak indarra galduko lukeela. Ahotsak abestia entzuten jarraitzeko grina pizten du entzulearengan, batez ere gitarra guztiz “ulertzen” ez duen batengan. Ahotsak egiten du diskoa ulergarri, horrela ikusten dut.

“Pentsatzen dut abesti hauetan ahotsak eta gitarrak elkar osotzen dutela, abesteko nire modu hori gabe gitarrak indarra galduko lukeela”

Zer da eszenatokian egoteaz gehien atsegin duzuna?
Gehien gustuko dudana kontzertu bakoitzaren ezaugarri bereizleak dira. Kontzertuak ezberdinak dira euren artean, lekua eta publikoaren arabera aldatzen da nire jotzeko edo hitz egiteko modua. Horrelako kontzertu intimoetan nahiko entzule hotzak gara euskaldunak, beste herrialde batzuetan ez bezala. Hori aldatuko nuke, irribarre gehiago ikusi nahi nituzke. Hala ere, hobetuz goaz, lehen latzagoa zen…

Nola sentitzen zara kazetariok zure musika adjektiboez bete edo deskribatzen dugunean? Hau da, beste sortzaile batzuekin konparatzen zaituztenean edo zure musika nolakoa den esaten dutenean, eroso sentitzen al zara?
Egia esan, orain arte egin duten deskribapenekin eroso nago, Abereh edo Mikel Urakenekin egindako konparazioa ez nuen espero baina ulertu nuen, taldeko distortsiotik gatozen bakarlariak garelako. Ainara Legardonekin ez naute zuzenean erlazionatu baina bai elkarren gitarra biluzien krudeltasuna, eta egia esan, gustatu zitzaidan entzutea, oso gustuko dudan musikaria baita. Ez zait inporta jendeak nire musika adjektibatzea, gehiegi urruntzen ez bada behintzat. Dena den, ohartu naiz ez dagoela ni modu estandarrean etiketatzeko joerarik, berezitasun hori ona da.

Kilometroak, errepidea… Nola bizi duzu musikariaren parte nomada, hau da, batetik bestera ibiltzeak?
Egia esan, ez naiz nomada izatera heldu oraindik, kontzertu eskaintzak heltzen ari dira eta baten bati ezetz esan behar izan diot, une honetan ezinezkoa zaidalako guztiari baietz esatea. Helduko da errepidean ibiltzeko eguna, eta gogoz hartuko dut.

Nola uste duzu aldatu dela eszena musika jotzen ari zaren urte hauetan? Plaza nahikorik al dago? Musika estiloek eboluzionatu al dute? Jendea kontzertuetara joaten al da?
Gehien aldatu dena musika promozionatzeko modua da, era autonomo batean egiten baitugu Internet eta sare sozialei esker. Autoekoizpen ugari dago, hori ere ona da. Sortzaileak “askatu” egin gara zentzu horretan. Orain 10-15 urte diskoetxe eta promotoreen eskuetan zegoen dena, estudio on batean grabatzeko aukera zailagoa zen eta horietara heltzen ez ginenak ez genuen entzulearengana heltzeko erraztasunik. Prentsa espezializatua ere anitzagoa da, Interneten fanzine eta aldizkari ugari dago, hori ona da. Hala ere, jendeak jarraitzen du kontzertuetara joan gabe, hori ez dut ulertzen. Beste herrialdeetan ez da gertatzen, musika berria ezagutzeko joera dago haietan, edozein talderekin gozatzeko borondatea dute eta ez bakarrik gehien entzuten denarekin edo promozio handiagoa duenarekin. Eta neskak… hori ere gai potoloa da. Neska gehiago behar ditugu publiko artean, gehiengoak gizonezkoa izaten jarraitzen du. Eskertzen diet hala ere, emakume bat entzutera doan gizonak ikuspegia ireki egin duela pentsatzen dut, emakumeak entzuteko gogoa dagoela uste dut.

Zer egiteko gogoa daukazu orain?
Orain sortzen jarraitzeko gogoa daukat, tartean kontzertuak emanez. 2019an bigarren diskoa grabatzea espero dut eta dagoeneko hasi naiz kantu pare bat egiten.

ETIKETAK:AberehAdrian BilbaoAinara LeGardonBirkitBirkite AlonsoCarlos BoulandierEkizaEneritz FuryakEorannEstankonaEtenGon CaraballoIñaki AlonsoIrune UnzetaJoseba SarrionandiaLibeLisaböMikel UrakenOlatz SalvadorRed CarmineRober SomavillaSergio Hoyuelos