Elkarrizketa

Mikel Izarra

2021.11.09

Mikel Izarra

“Musikaren ahalmen katartikoaren defendatzaile sutsua naiz”

Elkarrizketa: Urtzi Iza (Otoi)

Aspalditik ezagutzen dut Urtzi Iza, musika kontuen bidez harekin harreman handia edukitzeko zortea izan dut. Biok dugu hizketarako erraztasuna, bekatura artekoa batzuetan. Beraz, musikari buruz mila ikuspuntutik egin dugu berba. Musika eszenaren trago eder zein garratzak partekatu ditugu. Hortaz, aldez aurretik barkamena eskatuko dut ez dakidalako nondik hasi Urtzi Izarekin musikari eta bere lanari buruz hitz egiten. Oraingoan bakarkako proiektu berria dakar, behintzat.

OTOI

Urtiz Izaren bakarkako proiektu berria da Otoi.

Ez ezazue kontuan hartu sarrera inozo eta negargarri hau, ez delako hype soila: asko dago ikasteko Urtziren lanaz. Enkore taldean eskarmentu handia hartu zuen konpositore gisa Xabi Hooren tankerako sortzaile batekin aritzean, eta baita errepideko eta estudioko lanean ere. Gerora, Empty Files punta-puntako taldean aritu da, teknologia eta soinu aldetik hemen zuzenekorik berritzaileenean parte hartuz. Eta bitartean, estudioan lanean etengabe ari da euskal talde esanguratsuenetako batzuekin. Hildako taldeak zein jaioberriak grabatu ditu, horregatik erreferente eta mugarri da gaur egungo Euskal Herriko soinuan.

Egun proiektu berria aurkezten dabil: landu dituen giro ezberdinen erdibidekoa, melodikoa baina astuna eta industriala, Otoi. Horretarako bere burua jarri du erdigunean. Konposatu, ekoiztu, abestu… denetarik egin du, baita bideoan aurpegia eman ere. Horrela, agerian utzi du urte askoren gutxikako lana eta baita zenbait ezinegon eta beldur gainditu ere.

Enkore taldean gitarra jotzeagatik ezaguna egin zinen, baina zure bizitza musikala askoz aberatsagoa da. Zer da zuretzat musika? Zer gauza egin dituzu? Zer izan zen Enkore zuretzat?
Galdera hauek guztiek erantzun bera daukate, bizitza. Musikaren ikuspegi irekia izan dut beti, bai Enkoren bai kanpoko proiektuetan. Saiatu izan naiz askatasun pertsonala bermatzen, beti ere inguruko musikari edota laguntzaileena ere bermatuz. Hori izan zen Enkoreren abiapuntua, eta bidaia horretan aurkitutako bizipen eta pertsonek guztia irakatsi didate.

Zelan izan zen Enkore uztea? Geroztik gauza ezberdin asko egiten hasi zinen. Nahita?
Momentu kolektiboa zen, inoiz ez aukera unilaterala. Bidegurutze bat da taldearen kontzeptua, lau sokak tiratzen duten erdiko zapia. Zapi horrek aske nahi zuen ibili eta bakoitzak bere soka zatia beretzat gorde zuen, hurrengo proiektuei gogor eusteko. Beti izan ditut “beste” proiektu eta lan batzuk musikaren arloan, eta gogoratu behar dugu 2020ko urtarrileko azken kontzertuaren ostean birus bat egon zela; hortaz, ez da hainbeste aukerarik egon “gauza asko egiteko”, grabaketa eta zuzeneko jakin batzuez aparte. Orain hasi naiz, gogoeta askoren ondoren batutako indarrekin, Otoi den proiektu honi bultzada ematen.

Ekoizle bezala ere zure estiloa definitu duzu, eta Euskal Herrikoa garatzen lagundu. Zer garapen egon da hemen soinu aldetik azken urteetan? Zelan bizi izan duzu estudiotik? Zer eragin dituzte zurekin grabatzen duten taldeek?
Nik beti uste izan dut taldeek fabore handiagoa egiten didatela nik haiei baino, grabaketa edota zuzenekoetan. Haiek dakarten sua eta grina nire proiektuen gasolina da, haien ausardiak inspiratzen nau. Armonietan eta soinuen prozesamenduan nolabaiteko inpronta pertsonala utzi ahal dut, baina azkenean taldearen momentu konkretu horren “argazkia” baino ez dut ateratzen, baliabide desberdinak erabiliz.

“Nirekin lan egiten duten taldeek fabore handiagoa egiten didate nik haiei baino. Haiek dakarten sua eta grina nire proiektuen gasolina da, haien ausardiak inspiratzen nau”

Estudio berria ireki duzu apustu handia eginda. Zelan heldu zara edo zarete ausartzera? Zein da estudioarekin duzuen erronka nagusiena? Zeintzuk beldurrak edo oztopoak?
Espero dut apustua izatea, eta ez zapustua, kar, kar… Beldurrak beste edozein disziplina artistikotan ematen diren berberak dira: “maila egokia izango al du?”, “nik kontsumitzen dudan kultura bezain esanguratsua al da nik proposatzen dudan ekoizpen modeloa?”, “logikoagoa izango litzateke lan finko bat lortzea” eta abar. Baina azken urte honetan beldurraz hausnarketa sakon bat egin dut, eta konturatu naiz beldurrak sormenean leku bat izango duela beti. Are gehiago, esango nuke beldur horrek erne eta fresko mantentzen gaituela.

Talde askoren zuzeneko teknikari ibili zara. Estudioarekin alderatuta ezberdina da, ziur. Zelan bereizi daiteke taldeen estiloen arteko ezberdintasuna zuzenekoan lan egiteko? Zuzeneko lanaren eta zure estudioko lan pertsonalaren arteko elkarreragina dago?
Lehen komentatu dudan moduan, inguruan dauden taldeek nire garapen profesional eta pertsonalean daukaten eragina itzela da. Azkenean estiloen bereizpen sistematiko hori gainditu behar dela ikasten duzu, eta soinuak eta emozioak baino ez dutela zeresanik negozio honetan. Stadium rock delakoak zer esan nahi duen komentatzen dugu askotan furgonetako ordu amaigabe horietan, eta azkeneko konklusioa argia da: taldeak, musikariak ematen dizuna ez ezazu eraldatu, anplifikatu eta sintetizatu baino. Eta kontzeptu hori bai zuzenekoetan bai estudioan bai entsegu-lokalean mantendu behar da.

Lan horrek tresnak eman dizkizu Otoi proiektu berrirako? Nola hartu zenuen erabakia edo nondik dator proiektua?
Urte hauetan guztietan taldekide izan dudan Alvaro Olaetxeak [gaur egun Cápsula taldeko bateria jole] esan zuen bezala, Otoi ez da talde bat, nire garapen artistikorako plataforma baino. Kantuak eta ideiak 2012tik aurrera sortu dira, batzuk mobileko audio-nota moduan gordeak, beste batzuk demo sinple batean, baina gehienak nire buruan.

Zer du Otoik berri, lehenago egin ez zenuenik?
Kantugintza era naturalean ematea izan da helburua hasieratik, behintzat niretzat naturala suertatzen dena, instrumentu guztietan aritu naizelako prestatu dudan lehenengo kanta sortan. Soinuak garatu, letren esanahiari atxikituta datozen giroak sortu, eta ahotsek eskatzen duten momentua bilatzea horiek grabatzeko. Horretaz aparte, gustuko ditudan musikari eta abeslariekin gauzatxoak gehitzea aukeratu dut “kapritxo” moduan. Beti izan naiz musikaren ahalmen katartikoaren defendatzaile sutsua, eta plataforma honetan horretarako lekua egongo da.

Lan luzea egongo da edo banaka aterako dituzu kantuak? Badago gai zentral edo nagusi bat Otoiren inguruan?
Momentuz hurrengo single bat dago prestatuta, TOC taldeko Xabi Bilbaoren ahotsekin apaindua. Horrekin batera bideoklip bat egongo da ikusgai, “Petrichor” kantuaren estetika nolabait mantenduko duena. Bittor Fortes da bideolari eta ekoizlea, eta berebiziko garrantzia izan du lehenengo singlearen ideiak zabaltzeko orduan ere. Ez dago kontzeptualtasunik berez proiektuan, baina kantuen hitzek barneko hainbat beldur eta gogoeta islatzen dituzte; hortaz, zentzua dauka alde estetikoak ere nolabaiteko konexioa izateak.

Zer sorpresa emango dizkigute Urtzi Izak eta Otoik etorkizun laburrean?
Zuzenekoak oraindik ez daude ikuspuntuan. Banda formatuan ateratzea gustatuko litzaidake eta prozesu lasaia izatea nahi dut, kantuek kaskezurrean daukatena oholtzan isuri nahi dut tantarik utzi gabe. Hala ere, hurrengo kanta sorta grabatzeko niretzat oso espeziala izango den lankidetza bat ari gara prestatzen, horrarte irakurriko dut!

ETIKETAK:Alvaro OlaetxeaBittor FortesEmpty FilesEnkoreOtoiTOCUrtzi Iza