2025.12.19
Sortzaile ipurterreetan ipurterrea da Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, Bizkaia, 1974); idazlea eta poeta, kantaria, programatzailea, Ahotsenea kultur egitasmoko sustatzaile eta kidea, eta hainbat musikari eta antzerki egitasmotako komunikazio arduraduna. Euskal Herria eki-mendebalde eta ipar-hego hainbatetan gurutzatzen duena urte osoan. Laneko beste bilera batek hartaratuta, Barandiaran izan da kazetariaren herrira joan dena, alderantziz izan beharrean. Galbahe proiektu musikalaz, Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko diskoaz, eta euskal kulturgintzaren ajeez mintzatu da, airos.
Berez ez du behar, baina idazten ari nintzela poema batzuk kantatu egiten nituen jada. Poesiak orokorrean badu musikaltasun bat, eta poema batzuekin kantatzeko gogoa sentitzen nuen berehala.
Bai, idatzi ahala doinuak ateratzen nituen ahotsarekin, probak egiten nituen, eta grabatu ere bai. Bertsio desberdinak nituen, molde desberdinean kantatuak…beti gustatu izan zait kantatzea.
Bai gure amama eta baita gure ama ere oso kantuzaleak ziren; nire ama abesbatza batean aritu zen luzaroan. Amamaren oroitzapena ere badut, jada adinekoa den ahots kraskatuarekin kantuan, lehenagoko kantatzeko era horrekin. Gure osaba Bitorrek ere txistu egiten zuen, instrumentu bat balitz bezala erabiltzen zuen, eta hura ere beti kantari. Nik oso txikitatik oso harreman estua eduki dut musikarekin. Asko gustatzen zait lagunartean afaldu eta gero kantatzea, nahiz eta jada ez dugun egiten. Jaietan ere gehien gustatzen zaidana da kalean, tabernetan edo dena delakoan kantatzea. Sena da hori; sena da larrialdi irteerarako ate bat. Eta horri kasu egin diot. Poema batzuekin gertatu zait berehala doinua etortzea.
Bai, iritsi dira. Gutxi gorabehera, 2023ko irailean hasi nintzen Lander Bilbaorekin eta Urdin Baraiazarrarekin elkartzen haien lokalean, Larrabetzun. Miserableak izeneko talde bat dute, eta batak gitarra jotzen du eta besteak mandolina. Esan nien buruan banituela melodia batzuk; astiro-astiro geratzen hasi ginen astero, eta horrela sortu ziren kanturik gehienak. Doinu horietako batzuk aldatu eta moldatu egin ditugu Rafaren [Rueda] ekoizpen artistikoarekin, baina oinarrian doinu horiek dira diskora iritsi direnak.
Niretzat bai, nire helduleku emozional eta intelektual nagusia kantua da. Sentimendu batzuk identifikatzeko eta izendatzeko oraleku nagusia kantua izan da niretzat. Literatura ere bai, baina lehen-lehena, hastapenekoa, jatorrizkoa, musika eta kantua izan dira. Niretzat «ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena» oraindik ere oraleku intelektual garrantzitsua da. Eta horrela asko eta asko, baita lurrari edo lurraldeei, komunitate bati lotuak ere. Ni kantuengatik ere banaiz euskalduna, eta literaturagatik, eta bertsoengatik eta.… Baina kantuak pisu handia du horretan guztian.
Galbahea egiterakoan, zera pentsatzen nuen: «Ni ze musikak inarrosten nau?». Eta ni inarrosten nau musika molde batek, haurtzaroarekin lotzen nauen horrek, umetako soinu banda horrek. Zergatik doinu batzuk bai eta beste batzuk ez, zergatik entzuten nuen nire baitan mandolina bat eta biolin bat, eta etortzen zitzaizkidan doinu batzuk, ahaire batzuk… Horri egin nion kasu. Gaztaroan, rock erradikalaren eztanda bizi izan genuen, 1980ko urteen amaieran, eta geroago Negu Gorriak entzuten nuen, eta Esan Ozenki eta hori guztia oso hurbiletik jarraitu genuen; oso zale sutsuak izan gara, eta horretatik ere badut ziur aski, baina oso barrura begiratu eta iturburua non ote zegoen galdetuta, atera zaidan hauxe da, ziur asko haurtzarotik jasotakoa. Ni ahalegindu naiz ahalik eta takigrafo fidelena izaten. Poemak badu bere musikaltasuna, edo eduki behar luke, baina hortik eta kanturako bidean, saiatu naiz gorputzetik sentitutako horri traizio ez egiten, nik sentitzen nuen musikaltasun hori harik eta fidelen islatzen. Ez dugu egin instrumentuak hartu eta doinu batzuk sortu eta hor txertatu letrak, baizik eta aldrebes, eta hortik atera da diskoko sorta. Ez zait askorik kostatu, idatzi ahala zetozkidan-eta doinu asko.
Ez dut ia denborarik eman izenburuak aukeratzen, eta ni naiz izenburua poemaren osagarria izan behar duela uste dutenetakoa, baina liburua pentsatu nuen hasi eta amaitu, eta horrela idatzi nuen, gainera: errenkada bat da, nahiz eta gero Leire Lopez Ziluaga eta Itziar Ugarte editoreekin egindako galbahe lanean poema batzuk kanpoan geratu ziren. Baina poema bakar bat balitz bezala idatzita dago, eta gero zikinkeria kenduta emana.
Bai, izenburu batzuk aldatu eta testutik atera ditut, indarra baitute; bere horretan ia leloak dira, eta nik egin nahi izan ditut kantuak jendeak kanta ditzan. Jendeak kanta ditzan pentsatuta daude melodiak eta harmoniak, eta helburu hori argia izan da hasieratik. Ni musika instrumentalaren, esperimentalaren eta abarren zalea naiz, ez dut ikusten mugarik musikan, ez naiz etiketen aldekoa, eta hibridazioa maite dut, baina oso argi neukan kantatzeko kantuak egin nahi genituela, eta taldekoek ere hala ikusi dute.
«Jendeak kanta ditzan pentsatuta daude melodiak eta harmoniak, eta helburu hori argia izan da hasieratik»
Gaizka Sarasolak Geuretik sortuak beka irabazi zuen, eta Larrabetzun ibili zen dokumentazio lanean. Eta Larrabetzun bertan aurkitu zuen nik ezagutzen ez nuen pieza bat: Txoritxu txilibitaria. Gainera, gure auzoko baserri banatako emakumeei jaso zien, eta nik ezagutzen nituen emakume horiek, Mari Aspuruneakoa eta Angeles Asuakoa. Angeles bizi da oraindik: 100 urte bete ditu oraintsu. Gaizkak erakutsi zidan, eta esan zidan: «Ba al dakizu badagoela doinu bat garia ereiteko orduan erabiltzen zutena Larrabetzun?». Berehala esan nion: «Eta zuk hau txirularekin joko zenuke?». Eta baita jo ere. Eta gero Belatzarekin doinua dago, euskaldun izatearen sustraiekin asko lotzen nauen doinu bat. Nik asko maite dut Zuberoako kantagintza, Jean Mixel Bedaxagar, esaterako. Niretzat haluzinagarria da nola kantatzen duten Zuberoan, eta nola kantatzen duten desberdin ibar batetik bestera. Mixel Etxekopar ere ikusi nuen zuzenean hori ematen Gotainen (Zuberoa). Niretzat beti izan da doinu bat txundigarria, eta batu egin nituen bi kantuok, Bizkaiko mendebaldeko doinu hori eta Zuberoako kantu hori. Diskoko lehen pieza osatzen dute biek, Gaizkak egindako moldaketa izugarri batekin.
Bai, liburua aurkezteko emanaldietan eskaintzen genuen jada, eta lehen kantua izaten zen, eta neu erabat hunkitzen nintzen, negarra begien ateetan. Eta kontzertua hasi baino ez [barreak]. Hor badago lotura antzestral bat, asko betetzen nauena: hau naiz ni, eta hau gara gu.
Nire lagun mina da, bidelaguna da urte askoan. Elkarrekin egin dugu lan, Berri Txarrak-en komunikazio arduraduna izan nintzelako. Liburua idazten ari nintzelarik, artean argitaratzeke zegoela bidali zidan bere Hasiera bat diskoa. Eta disko horretan Janela bat kantua entzun eta ufa!… zaintzari buruzkoa da, eta gogoratzen dut zenbat negar egin nuen lehenengoz entzun nuenean. Ama gaixo nuen, burua galdu baitzuen; amarekin ordu asko igaro nituen zaintzan… eta amaren endekapen horrekin lotzen ninduen. Bizitza eman dizun horri nola agur egin. Sentitzen nuen Gorkak egon behar zuela diskoan. Eta hain zuzen ere, Ez zaitu behar beste zaindu kantuan parte hartzen du. Barakaldoko emanaldian, testu hori irakurri zuen, eta gero Janela bat jo zuen, eta sekulako sinbiosia gertatu zen.
Asko gustatzen zait Ametsek ahotsa nola modulatzen duen, eta bere kantaera hori… oso zintzoa iruditzen zait, zein soil egiten duen, baina nola modulatzen duen gora eta behera. Asko gustatzen zait Ibil Bedi-n, eta horrez gain sortzaile bezala zer-nolako kezkak eta abar dituen.
Maia Iribarne aurrenekoz entzun nuenean Habia taldearekin, flipatu egin nuen: «Hau zer da?» esan nuen. Eta antzeratsu geratzen zitzaidan bere ahizpa Leirerekin ere (Diabolo Kiwi), zoritxarrez istripuan hil zena. Gorka, Amets eta Maia egun berean etorri ziren grabaziora Rafaren estudiora. Eta esan genien beraiek aukeratzeko zer kantatu nahi zuten, zer abesti, zer puska, abesti guztietan nahi izatera… Elkarri iruzkin batzuk egin, eta aukeratu zuten. Maiak Aylan aukeratu zuen, kantatu zuen, eta gainerako guztiak elkarri begira txundituta: “Hau magikoa da! Hau ikaragarria da!”. Berez zuzenekoetan nik kantatzen nuen Aylan, baina grabazioan entzun, pare bat toma baino ez zituen behar izan, eta erabaki genuen ez zegoela hobetzerik. Aylan kantua oso latza da berez, eta une horretan sentitu nuen inork ezin zuela hobeto abestu poema hori. Maiak eman dio ahotsa, eman dio bihotza, eman dio tonua. Eta orain ez dakigu zer egingo dugun zuzenekoetan [barreak].
Bai, antzekotasunak ditu, baina ordukoan Gorkak [Urbizu], Nereak [Urbizu] eta Alexek [Arregi] testuetatik sortu zituzten doinuak. Orduan gehiago izan nintzen laguntzaile bat musika sortzeko orduan. Han lau ahots ginen, hiru horiek eta neuk ere kantatzen nuen. Alde horretatik niretzat pagotxa zen: halako musikariek sorturiko kantak neure egiten nituen. Gero egia da Katamalok, oraintsu arte, Spotify uztea erabaki nuen arte, 20.000tik gora entzunaldi izaten zituela hilero. Eta oraindik ere etortzen zaigu jendea ea noiz itzuliko garen galdezka. Zerbait sortu zuen Katamalok jende askorengan, eta harrotasun handiz bizi dut. Eta Galbaherekin lotura badago berezkoa: adibidez, instrumentuetan. Katamaloren aurretik Bihotz Bakartien Kluba zegoen, eta hor gitarra zegoen, mandolina zegoen, biolina zegoen, soinua zegoen… Nik lehen eta orain soinu horiek entzuten ditut nire baitan. Musikatu daitezke poema horiek elektronikaren bidez, eta gitarretan oinarrituriko distortsioaren bidez, baina nik hori entzuten dut.
«Zerbait sortu zuen Katamalok jende askorengan, eta harrotasun handiz bizi dut»
Bai, bai, halaxe da. Gitarra, biolina, mandolina, ahotsa, duoak. Landerrek zuzenekoetan aldiro egiten ditu duoak, eta esaten diot kantatzeko nahi adina. Niri asko gustatzen zait ahots bat baino gehiago sartzea. Nik rocka pila bat entzuten dut, baina nik idatzitako testuak ez ditut hor entzuten. Asko entzuten dut munduko musika esaten den hori. Afrikako musika entzuten dut pila bat, entzuten dut Ali Farka Toure eta Toumani Diabate, eta entzuten dut ttakuna eta herrena; atzetik dago Farka Toure erritmo bat errepikatzen etengabe, eta, bestetik, Toumani dago bere korarekin soloak eta harmonia diferenteak egiten. Entzuten dut Kubako musika, eta beste horrenbeste. Hor dago tres-a soloa eta harmoniak egiten eta gero akonpainamendua. Edo Balkanetako musika, eta berdin. Eta guk ere hori egiten dugu. Lotura handia ikusten dut herri musika horietan.
Niretzat letragintza eta poesia ez dira gauza berbera, beste erregistro bat da letragintzarena, nahiz eta askotan elkar gurutza daitezkeen. Badira musikariak letrak idazteko gai sentitzen ez direnak eta orduan idazleengana jotzen dute sarri, edo zuzenean idazleen poemak musikatzen dituzte, eta badira poetak eta idazleak ez direnak sentitzen kantatzeko gai, edo ez dutenak beharrik ikusten ere, kasuistika asko dago. Nik oso loturik daramatzat biak, eta baita bertsolaritza ere. Jon Lopategi etortzen zen gurera bertsoak irakastera eta kantatzera, eta orduz geroztik… Xabier Montoiak, esaterako, ez ditu inoiz bere poemak musikatu, hitzak idatzi ditu beren-beregi bere kantuetarako. Eta Koldo Izagirrek Josepa Tapiarentzat kantuak idatzi dituenean esaten du letrak idatzi dituzela, ez poemak. Gero, garbi dago letra batzuk poesiatik oso-oso hurbil daudela…
Wafa da poesia eta kantua erregistro bezala desberdintzeko oso zaila den letra bat. Egitura oso errepikakorra du, baina sartzen dituen esaldi horiek poesiatik oso hurbil daude. Wafa lehenengoz grabatu zen egunean, Azkarateko (Nafarroa; 2002an grabatu zuten Tapia eta Leturiak) elkartean afaldu genuen eta gero han grabatu zen zuzenean, eta han izateko zoria izan nuen. Kontzertuko lehena izan zen eta diskoan ere hala azaltzen da. Entzun eta zer inpaktu egin zidan kantuak! Gero Teilatuko lizarra liburuan argitaratu zuen Koldok [Izagirre], 2006an. Ondoren, 2023an,Tapiak eta biok emanaldi bat egin genuen Apoaren itzala izenekoa, eta esan nion ezinbestean egon behar zuela hor Wafa-k.
Bai, Landerri esan nion proba egin behar genuela. Atera zuen di-da batean eta kantatzen hasi ginenean, kostatu zitzaidan amaitzea, ze tenpo berriarekin are dramatikoagoa da kantua. Tapiaren bertsioan, trikitiarekin eta doinu alaiarekin, kontrasteak funtzionatzen du, ze testua izugarri dramatikoa da; gurean doinua, tempoa eta tonua oso biluziak dira, eta are dramatikoagoa egiten du. Eta Palestinak egun bizi duenarekin kantua sartzea oso pertinentea iruditzen zitzaidan. Zuzenean kantatu dugunean asko sentitu dugu kantua, errespetu handiarekin ari ginela sentitzen genuen eta diskoan sartzea deliberatu genuen.
Bai. “Lanburkide” hitza dator lankidetik eta burkidetik, eta liburuan sartu dut hitz hori, Kilkerbatza sartu dudan bezala. Gure Areatza baserriaren atzean badago landa handi bat, eta gogoratzen dut pandemian animaliak libreago sentitzen zirela, ez hain mehatxatuta, eta baserriko txakurrekin ateratzen nintzen landa horretara eta isilik geratzen ginen hango kilker hotsa entzuten, kilkerbatza bat zen. Grabatuta dauzkat kilkerren kantuak batetik, eta gure txakurraren arnas-hotsa, bestetik. Orduan asmatu nuen hitza da kilkerbatza. Eta lanburkide ere bide beretik, euskararen etra kulturaren langile autonomoa naiz, baina baita militantea ere, eta da lana eta borroka etengabe bat. Eta dauzkat lanburkide mordo bat, asko ari baikara horretan.
“Zein baldintza laboraletan lan egiten dugu? Ez dira duinak. Hala adierazten dute Lanartean-en egin ditugun ikerketek, edota Gerediaga elkarteak Siadeco-ri eskatutakoak. Eta hor argi ikusten da; euskal kulturgintza da hain mirestua eta hain menostua”
Euskarazko kulturgintza ekosistema baten moduan ulertzen dut nik, askotan esan dut. Hor gaude zaleak, eta sortzaileak, eta antolatzaileak, eta kazetariak, eta hezitzaileak, modu batera edo bestera lanean. Neu kazetaria ez naiz, baina gainontzeko guztia bai, eta badakidanez horretan ari denak zein baldintza dauzkan, uste dut duindu beharrekoa dela bai ala bai. Harrigarria da pentsatzea sindikatuak zenbat urtean ari diren lanean Euskal Herrian, eta inor ez da konturatu badagoela sektore bat lan egiten duena kulturgintzan, eta horietako bat sortzaileek osatzen dutela: idazleak, musikariak, dantzariak, komikigileak, artistak, zinemagileak, bertsolariak… Zein baldintza laboraletan lan egiten dugu? Ez dira duinak. Hala adierazten dute Lanartean-en egin ditugun ikerketek, edota Gerediaga elkarteak Siadeco-ri eskatutakoak ere berdin. Eta hor argi ikusten da: euskal kulturgintza da hain mirestua eta hain menostua, era berean. Nik uste dut kulturgintza oro har duindu behar dela, eta herri kulturgintza ere bai. Milaka pertsona daude Euskal Herrian dantza taldeetan, trikiti eskoletan, bertso eskoletan, antzerki eskoletan… Hori dena duindu egin behar da, gizarte bezala ere bai. Eta gero hortik norbaitek nahi badu pausua eman eta esan “honetaz bizi nahi nuke”, behintzat aukera eduki dezala. Ekosistema horretan asko bizi da kulturgintzatik, eta okerren sortzailea bera bizi da. Nik beti dut buruan ekosistema, baina ekosistema horretan eragile eta baldintza guztiak ere ez dira berdinak. Ez baita berdina zuk soldata finko bat izatea eta gero hortik kanpoko denbora sorkuntzara bideratzea edo etengabeko angustia batean bizitzea, sorkuntzak ez duelako ematen hilabete amaierara iristeko. Duindu behar da kulturgintza bestelako esparruak duindu behar diren bezala.
Asko aldatu da hori eta txarrerako aldatu ere. 2004a baino lehenxeago hasi ginen Bihotz Bakartien Kluba-rekin hara eta hona. Bagenuen sare bat Euskal Herri osoan, neurri handi batean Larrabetzuko literatura eskolatik sortua, bata bestearengana joaten ginen, eta gogoan dut 30 emanalditik gora erraz egiten genittuela. Asko ziren gaztetxeak, tabernak, areto txikiak… Eta Galbahea aurkezteko nori eskaini pentsatzen hasi nintzenean konturatu nintzen ez nekiela ia nora jo. Gaztetxeetan oso gutxi programatzen da oro har, eta are gutxiago poesia eta tankerakoak. Gero, erakunde publikoen menpeko areto pilo bat dauzkagu Euskal Herrian, baina oso gutxi programatzen da, eta oso lotua dago emaitzara. Eta musikariak non programatuko eskean ibiltzen dira, ez dutelako aretorik. Aurten Ahotseneak 18 urte egin ditu Azokan, eta ezagutu ditugu bertan diskoa aurkeztu eta gero urte osoan dozen erdi emanaldi ere lortzen ez dutenak. Ander Lipusek esaten zuen, Ipar Euskal Herrian 13-14 plaza galdu dira antzerkirako. Zirkuitu bat desagertu da oso denbora gutxian. Ruper Ordorikak behin zera aipatu zidan Larrabetzura etorri zenean: “Nik disko bat aurkezten nuenean, Bizkaian egiten nuen Ermua, Elorrio, Durango, Zornotza, Galdakao, Basauri, Santurtzi, Barakaldo, Muskiz… Desagertu egin zait hori dena”. Falta zaigu azterketa sakon bat, ez datuak soilik, hori badaukagu eta, baizik eta zergatik ez den programatzen. Argi baitago ez dagoela apustu politiko bat horren alde, besteak beste ez dagoelako kultur politika bat Euskal Herri osorako.