Musika

Jon Eskisabel

2014.06.06

Jon Eskisabel

Alaia, rockeroa, bihurria…

Proposamena rockaren mundutik etorri zen. Gorka Lazkano, Kashbad taldeko baxu jotzailea, Argantzon ikastolako bi haurren aita da, eta hark jo zuen Tolosako Bonberenea gune autogestionatura Trebiñuko ikastolari diruz laguntzeko disko bat egiteko ideiarekin. Astebete geroago, dena lotuta zegoen: musikariak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak… Joseba Poncek eta Karlos Osinagak hartu zuten kantuak egiteko ardura, eta haiek grabatzeko musikari zerrenda bat osatu zuten. Asmoa jende gehiagok parte hartzea bazen ere, azkenean Mikel Abrego, Joseba Irazoki, Juantxo Arakama (Glaukoma), Mikel Zelaia, Natalia Garmendia (Humus) eta Imanol Ubeda (Bide Ertzean) baino ez dira aritu. Instrumentu gehienak Osinagak eta Poncek grabatu dituzte; batzuk ohikoak dira rock diskoetan (baxua, gitarrak, organoak…) eta beste batzuk (txirulak, turutak, xilofoiak…) “ume batek joko lituzkeen bezala” erabili dituzte kantuak “bihurritzeko”. Hitzetan berriz, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez, Gorka Lazkano, Ekaitz Lotina eta Txoan Ormazabalen ekarpena izan dute. Pirritx, Porrotx eta Marimotots Garratz eta Mingotsekin Trebiñun diskoa (Bonberenea Ekintzak, 2014) da lan horren guztiaren emaitza.

PPM&GM

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Karlos Osinaga eta Joseba Poncerekin.

Argantzon ikastola 2003. urtean sortu zuten haurrak euskaraz haztea nahi zuten Trebiñuko hainbat gurasok. Sortzerakoan 11 ume zituen, eta gaur egun, 11 urte geroago, 48 ditu, denak Haur Hezkuntzan. “Oraingo erronka Haur Hezkuntza ekonomikoki finkatzea da; hori lortzen dugunean, gure ametsa izango da Lehen Hezkuntzako adarra ere irekitzea”, azaldu du Saioa Urizarrek, ikastolako gurasoetako batek. Urtero 30.000 euroko zorra pilatzen du ikastolak, eta Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxari esker lortzen du aurrera egitea. “Hori aldatzea nahi dugu, eta beste ikastolek kontzertazioaren bidez dituzten diru iturri berberak izan, baina ez dugu kontzertaziorik eta ez dugu edukiko. Ez EAEn, Trebiñun dagoelako, ezta Burgosen ere, asko kostata baina eskatzea lortu arren ezeztatu egiten digutelako”. Hunkiturik hitz egiten du Urizarrek, ikastolako gurasoen izenean, diskoaren harira bizitako esperientziaz. “Proiektua eskaini zigutenean, erabateko konfiantza genuen, eta guretzat izugarria izan da. Sekulako indarra eman digu honek, altxor ikaragarria da”. Irakasleen, gurasoen eta herritarren inplikazioak “duela hiruzpalau hamarkadako ikastolen mugimendua” ekarri dio gogora Aiora Zulaika Pirritx-i, “nik  txikitan bizi izan nuena”.

Argantzun_ikastolako_jaia

Argantzunen maiatzaren 24an diskoa aurkezteko egindako festaren irudia. (Raul Bogajo / Argazki Press)

Esan Ozenki diskoetxeak 1997an argitaratutako Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan diskoarekin antzekotasun batzuk ditu lan honek. Biak dira ikastola bati diruz laguntzeko ekimenak —orduko hartan, Sohütako ikastola eraikitzen laguntzeko ekimen zabalago baten barruan sortu zen diskoa— eta bietan rock musikariak inplikatu dira. Deabruak Teilatuetan, Joxe Ripiau, Alaitz eta Maider, Anari, Skunk, King Mafrundi, Fermin Muguruza eta PI.L.T.-ek, besteak beste, hartu zuten parte lan hartan, baita Dut taldeak ere —“Txapela buruan, ibili munduan” rap kantua grabatu zuen hirukoteak—. Hortaz, Joseba Poncerentzat ez da esperientzia berria izan haurrentzako kantuak sortzea, eta ez dio ahalegin berezirik eskatu erregistroz aldatzea. “Oso gustura egin dut. Horrelako lan batek aukera ematen dizu ikuspegia zabaltzeko, urrutiago joateko, eta sekula pentsatu ez dituzun gauzak egiteko. Esaterako, txirula bat erabiltzea, edo xilofoia… Oso aberasgarria da”. Lisabö eta Dut taldeetan aritzeagatik jendeak beraiei buruz izan zezakeen irudiarekin hausteak ere ez die buruhausterik ekarri Osinaga eta Ponceri. “Mundu ilun batetik gatoz, eta jendeak uste du kobazulo batean bizi garela eta umeak jaten ditugula… Baina ez, alaitasuna ere gustatzen zaigu”.

Escanear 29

‘Pirritx, Porrotx eta Marimotots Garratz eta Mingotsekin Trebiñun’ diskoaren azala.

Zortzi kantu grabatu dituzte, tartean Imanol Urbietak 1988. urtean Araban Euskarazen alde sortutako “Alavatik Arabara”-ren moldaketa berri bat. Kantuen sorrera “musika laborategi bezala” planteatu zuten, eta emaitza askotarikoa da: badago ska-reggae bat (“Txiribil Sugandil”), New Orleanseko haize taldeen ohiko crescendo batean goia jotzen duen rap bat (“Laku Hop”), pop-rockeko ale bat (“Mamia”, Imanol Ubedak sorturiko kantua), new wave ukitua duen bat (“Nire kabuz baita ere”), Joseba Irazokiren gitarrak zigilatutako blues-rocka (“Asteburua”), metal kutsuko pieza rockero bat (“Nahiago dut”)… Ez da, ez, umeengan soilik pentsatuta egindako diskoa. “Rock disko bat egin nahi genuen, baina ikuspegi zabal batetik hartuta”, dio Poncek.

https://www.youtube.com/watch?v=rTpMIrN0eJw

Pirritx, Porrotx eta Mototsek sarri gonbidatu dituzte rock musikariak eta kantariak beraien diskoetan parte hartzera, baina oraingoan “lan egiteko modu ezberdin bat” ezagutu dute. “Gu gatoz konposatzeko modu eta egikera klasikoago batetik, eta zentzu horretan nabaritu dugu desberdintasuna. Inperfekzioari egindako gorazarrea da disko hau, eta emaitzan ikusten da oso gauza freskoa dela, rockeroa, ganberroa… Denok 10 urte bagenitu bezala jokatu dugu”, azaldu du Aiora Zulaikak. “Egunero jaio den disko bat da”, gaineratu du Poncek, “ez dugu ez entseatu ez ezer egin, kantuak joan dira hazten egunetik egunera, ustez bukatuta zeuden kantuak aldatzen joan dira”.

Karlos Osinagarekin aurretik harremana zuten pailazoek, “bagenekien pailazo bat zela”, dio Jose Mari Agirretxe Porrotx-ek, baina Joseba Poncerekin ez. “Sorpresa hartu dugu, bi aldiz pailazo da, Charloten ondoren ezagutu dudan pailazorik handiena. Ez du behar ezta pintura ere”.

Kolaborazioen artean, Juantxo Arakamarena gogoratzen dute bereziki. Glaukoma taldeko abeslariak bere ohiko erregistroa erabili zuen “Laku Hop” abestia grabatzeko, baina lana amaitu ondoren ahotsaren tonu baxuekin jolasten hasi zen, eta berriz grabatzea erabaki zuten. “Esaten genion bere burua imajinatzeko sofa batean eserita, bere tronca-rekin, giro erlaxatuan, oso rollo beltza… Joan zen ahotsa jaisten, jaisten… eta ezagutzen ez zuen erregistro batera iritsi zen”, Ponceren hitzetan. Horregatik Sofanbeltz goitizena jarri diote kredituetan.

Eta nondik datoz Garratz eta Mingots? Horrek ere badu bere istoriotxoa. “Azken aldian etxeko garagardoa dastatzera zaletu gara Karlos eta biok. Behin laugarren garagardoa edaten ari ginela, garratza ala mingotsa, nola esaten zen eztabaidatzen hasi ginen, eta pailazo batzuentzat oso izen guay-ak zirela otu zitzaigun. Diskoaren proiektua sortu zenean, berehala erabaki genuen Garratz eta Mingots izango ginela”.

Hitzetan, Argantzon ikastolako ikurrari, sugandilari, eskaini diote kantu bat (“Txiribil Sugandil”), beste bat asteburuari (“Asteburua”), haurren autonomia eta autogestioa goraipatu dute (“Nire kabuz baita ere”), eta tresna elektronikoekiko egungo menpekotasunarekin ezadostasuna azaldu (“Nahiago dut), besteak beste. Diskoarekin batera, “euskaldunontzat Trebiñuko errealitatea zein den erakusteko”, erreportaia “jolasti” bat jaso dute DVDn.

Diskoa oraingoz Interneten baino ez dago salgai (www.bomberenea.com eta www.katxiporreta.com web orrietan), baita Argantzon ikastolan bertan eta Gasteizko taberna batzuetan ere. Bide horietatik salmentetan jasotako diru guztia Argantzon ikastolarentzat izango da. Uda ostean, ohiko dendetan egongo da salgai Aupa Argantzon ikastola!! diskoa.

ETIKETAK:Diskoak