Musika

Beñat Sarasola

2014.09.08

Beñat Sarasola

80etako oihartzunak

El estado de las cosas de Kortatu-ri buruzko iruzkina egitea proposatu zidatelarik, pentsatu nuen zer arraio esango nuen nik zuzenean bizi izan ez nuen disko, musika talde eta garai bati buruzko liburu baten gainean. Batez ere 1984-1988 urte tarteari buruz dihardu eta ni orduan nini bat baino ez nintzen; Leire Lopez-ek liburuan aipatzen duen moduan, KortatuNegu Gorriaken aurretiko talde hori” izan da guretzat. Hala ere, liburuaren egileek ere ezin izan zuten oso zuzenean bizi izan garai hura, batek, Isidro Lopezek, 13 urte baitzituen El estado de las cosas argitaratu zenean eta, besteak, Roberto Herrerosek, 11. Egile eta kritikariaren arteko hastapeneko baldintza berdintasun horrek gaztigaturik animatu nintzen azkenean, bada, honakoa idaztera.

KORTATUALTA

‘El estado de las cosas de Kortatu’ liburuaren azala.

Testua irakurtzen hasi baino lehen jada deigarria egiten den gauzetako bat diskoaren aukeraketa da. Ez dirudi-eta ebidenteena Kortaturekiko hurbilketa El estado de las cosas diskoaren bidez egitea. Bertako kantu zenbait aski ezagunak izanagatik, taldearen estudioko hiru diskoen artean menostuena da ziur aski. Ez da Kortatu bezain popularra –lehenengo hark 100.000 ale baino gehiago saldu zuen– eta ez du Kolpez kolpe-k izan zuen harrera kritikorik eduki –hori da askorentzat taldearen disko bikainena–. Aukeraketak, baina, zentzua hartzen du liburua irakurri ahala, disko horretan jartzen baitute autoreek Kortaturen eta Fermin Muguruzaren biraketa estetiko-politikoaren mugarria. Diskoa zipriztintzen duen eta biraketa hori bultzatzen duen gertakaria Monbar Hotelean GALek egindako atentatua da, non, Iñazio Asteasuinzarra Beltza, Jose Maria Etxaniz Potros, Agustin Irazustabarrena Legra eta Sabin Etxaide Eskumotza etakideak hil zituzten. Handik sortu zen diskoko abesti sonatuenetako bat, “Hotel Monbar“, lerro zuzen horiekin: “Han vuelto a sonar campanadas a la muerte”. Fermin Muguruza, lehenago Gazteria Abertzale Iraultzailea-ko eta Jarrai-ko militante izan bazen ere –azken hori uztearen bi kausa nagusiak: drogen legalizazioaren eta intsumisioaren aferak–, mugimendu autonomoaren inguruetan zebilen Kortaturen hastapenetan. Liburuan proposatzen den narrazioaren arabera, Monbar Hoteleko gertakariak zuzenean bizi izanak –zenduekin egona zen egun horretan bertan eta gorpuak lurrean ikusi zituen odolusten, tiroak eta gutxira– konpromiso politiko handiagoa edukitzera bultzatu zuen Muguruza, eta hala, Kortaturen bigarren diskoa ilunagoa eta politikoagoa litzateke lehenengoaren aldean, zeina alai eta hedonistagoa litzatekeen. Hortik aurrera ezker abertzalearen egitura politikoekiko atxikimendu handiago izango luke Fermin Muguruzak.

“Aukeraketak zentzua hartzen du liburua irakurri ahala, disko horretan jartzen baitute autoreek Kortaturen eta Fermin Muguruzaren biraketa estetiko-politikoaren mugarria”

Honenbestez, Kortaturen musika ibilbidea ulertzeko ez ezik euskal errealitate politikoaren bilakabidea ulertzeko narratiba bat proposatzen dute Herreros eta Lopezek. Kortaturi dagokionez, gutxi-asko oraindik orain aipatutakoa litzateke, beste zenbait elementu ez edonolako gehituta: euskararen erabilera geroz eta handiagoa, ekoizpen benetan independente baterako –Esan Ozenki– ibilbidea, musika berritasun bilaketa etengabea –ska, dub-a, hardcorea, rap-a, musika beltza–, nazioarterako urratsa, eta abar. Kortaturen eta Fermin Muguruzaren ibilbidea ulertzeko marko aski ona ematen du liburuak, batez ere haren ondarea gerora jaso dugunontzat, beren musika historizatzeko aukera ematen duelako, ez soilik taldearen beraren bilakaerarekiko baizik eta euskal gizartearen historiarekiko. Liburuaren anbizioa da haren dohain handienetakoa, El estado de las cosas diskoaz haratago azterketa egiten duelako eta Kortatu ez ezik Negu Gorriak ulertzeko gako ugari ematen dituelako. Baina anbizio hori bera da, ziur aski, liburuaren muga nabarmenetakoa halaber. Izan ere, 80ko hamarkadako euskal gizartearen eta politikaren gorabeherak ulertzeko liburu hori gainditzen duen azterketa bat beharko genuke. Liburuan planteatzen dena, honenbestez, hipotesi bat da teoria ongi formatu bat bainoago. Alde batetik, Emmanuel Rodriguez soziologoaren ideiak oinarri, Trantsizioaren eta 80ko hamarkadako lehen urteetan Euskal Herrian egoera aurreiraultzaile moduko bat zegoela defendatzen dute –Rodriguezek “euskal iraultza” deitzen diona–: mugimendu feminista, ekologismoa, intsumisioaren aldeko mugimendua, komunikabide alternatiboak, gaztetxeak eta abar. Egoera hori, baina, “gatazkaren militarizazioak” eta, zehazkiago, ETA (m)-ren estrategiak zapuztuko zuen neurri handi batean, borroka horiek erakundeak kooptatuak izango zirelako. Mugimendu autonomo eta libertariorik datorren hipotesi horren arabera –Juantxo Estebaranz eta Jakue Pascual–, aipatu kooptazioa 1987-1989an burutuko litzateke. Hipotesi hori gorpuzteko liburukoa baino azterketa sakonagoa beharko litzateke, ETAren barneko korronte diferenteen estrategiak, ETA (m)-ren bilakaera estrategikoa eta herri mugimenduen funtzionamendua aztertuz, besteak beste. Edonola ere, hipotesi aski iradokitzailea da eta eztabaida interesgarria sustatzen ahal du. Fermin Muguruza bera ez dago ados hipotesiarekin, eta Diagonal-i eskainitako elkarrizketa batean 80ko hamarkada 90eko hamarkadaren begiradapean irakurtzea egozten die egileei. Kontua da eztabaida horiek guztiak, hots, ENAM zein herri mugimenduen baitakoak, tabuaren mende daudela oraindik, bai behintzat eztabaida publikoari dagokionean. Argigarria da gai horien inguruan aski modu ausartean idaztera animatu direnak ez izatea euskal herritarrak.

Kortatu, 1988. urtean.

Javier Armendariz ‘Treku’, Fermin Muguruza eta Iñigo Muguruza.

Bernardo Atxagaren hitzaurrearen ondotik, zeinari buruz aurrerago aipatuko dugun zerbait, sarrera eder batekin abiatzen da liburua. 80ko hamarkadako hainbat pasadizo, kontzertu basati eta abarren deskribapen pilaketa modukoa dugu, grazia eta bizitasun handiz idatzia. Ezagun da nola Sex Pistols-ek Manchesterreko Lesser Free Trade Hall aretoan 1976ko ekainean emandako kontzertuan gerora musikako figura garrantzitsuak izango ziren hainbat lagun bildu zen. Han ziren Pete Shelley eta Howard Devoto (The Buzzcocks), Ian Curtis eta Peter Hook (Joy Division), Mark E. Smith (The Fall) eta Morrissey (The Smiths). Bada, liburuko sarreran Los Freak taldearen kontzertu bat ageri zaigu Gasteizen, eta publikoan ditugu Cicatriz, M16, Hertzainak, Navajazos en el Bazo, Quemando Ruedas edo Anticuerpos taldeetako kide izango zirenetarik hainbat.

Segidan garaiko testuinguruaren deskribapena dugu. Euskal Herrikoa ez ezik estatukoa eta nazioartekoa: punkaren sorrera eta thatcherismoa, Espainiako Trantsizioaren Kultura (CT), industria birmoldaketa, mugimendu sozialak eta abar. Kortaturen ibilbidearen historia aski doi baten ondotik El estado de las cosas diskoa aztertzen da xehekiago, kantuz kantu. Amaiera aldean garatzen dira arestian aipatutako ideiak, Euskal Herriko politikari eta borrokei dagozkienak, “Martxa eta borroka: ¿Qué ha pasado aquí?” atalean.

“Liburua ez da erortzen 80ko hamarkadaren idealizazio hanpatuan, baina 90eko Euskal Herriko musika emaria gutxiesten ez ote duen zalantza egiten dut”

Liburua orrialdeetatik bista aldendu gabe irakurtzeko horietakoa da, kontaketa molde bizi eta iradokitzailea darabil eta. Urrun da idazkera akademiko aski aspergarri eta antzutik, nahiz eta uneren batean elkarrizketa sobera erabiltzen dela iruditu zaidan eta hainbat errepikatze ekidingarri azaltzen diren. Bestetik, ez da erortzen ezta ere ohiko 80ko hamarkadaren idealizazio hanpatuan, hainbaten ikuspegi kritikoagoa aintzat hartzen delako (Elena Lopez Agirre, Iñigo Muguruzaren zenbait ohar, Leire Lopez…). Haatik, 90eko hamarkadako Euskal Herriko musika emaria gutxiesten ez ote duen zalantza egiten dut. Egileek argudiatzen dutenez, Negu Gorriak alde batera utzita –ez da gauza gutxi alde batera uztea, ordea– apenas egon zen Kortaturen dimentsioko talderik. Ziur aski dimentsio hori bere alderdi sozial-politikoan –liburuan gailentzen dena, bidenabar– egia da, baina musikalki 90etan 80etako mailako taldeak (edo are hobeak) egon zirela esateak ez dirudi erokeria. Baina hori beste sagardotegi bat litzateke; demagun, El Zuria beltzez de Bap!, El Askatu korapiloa de Dut edo El Ezarian de Lisabö baterako gai.

Hasierarekin amaituko dugu. Atxagak garaiaren erretratu eder bezain kritikoa egiten du hitzaurrean, eta aho bizarrik gabe idazten du Kortaturen zenbait abesti eta letren inguruan. Gauzak metafora argigarri bidez adierazteko bere abileziari jarraiki, kontzeptu bat plazaratzen du –nik, behinik behin, ez diot aurretik irakurri–, liburu honetatik haratago aski baliagarria izan daitekeena. Euskal Herriak alde ugariko bortizkeriazko garaiak bizi izan dituela-eta, kontzientzia orotan Oihartzuna –“el Eco”– entzungo dela esaten du Atxagak, kargu hartuko diguna iraganean egin, esan eta idatzitakoengatik. Bakoitzak goberna dezala, bada, ahal duen moduan eta iraganeko hil-kanpai hotsak gogoan, Oihartzun ernegarria.

ETIKETAK:DiskoakEl estado de las cosasKortatuKritikakLiburuak