Musika

badok

2021.02.25

badok

Azken bi urteetako bizipen eta gogoetak, Don Inorrezen disko berrian

Mugiro bila diskoan horren emaitza onak eman zituen lan-talde eta funtzionamenduaren jarraipen gisa aurkeztu dute Imanol Ubedak eta Karlos Aranzegik Don Inorrezen lan berria. Esku hutsik gaur argitaratu da, eta Youtuben zabaldutako bideo baten bidez eman dituzte Ubedak eta Aranzegik bigarren lan luzearen inguruko azalpenak.

Captura de pantalla 2021-02-25 a las 10.46.03

Imanol Ubedak eta Karlos Aranzegik bideo baten bidez aurkeztu dute lan berria.

Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatu zituzten abestiak iazko udan, lehen diskoan parte hartu zuten musikari berberekin, alegia, Jacob Reguilon (baxua) eta Loco bera (gitarrak, teklatuak, hotsak). Entsegu lokalean landutako egiturak eta erritmoak grabatu zituzten lehenengo, eta ondoren abestien osatze prozesua hasi zen. “Paco Locorekin lan egiteko modua nahiko irekia da: zuk ematen diozu ideia bat, berak ulertzen du eta jario handiz proposamenak botatzen ditu. Horien gainean joaten gara hitz egiten eta adosten”. Estudioan lan egiteko bost egun baino ez zituztela-eta, ahotsak geroago grabatu zituzten, urrian, Jonan Ordorikaren Mamia estudioan. Nahasketak eta masterizazioa ordea, Locoren estudioan egin dituzte, Cadizen (Espainia), online bidez, “egoerak behartuta”.

Pello Lizarraldek idatzitako letra batekin egindako abestiak eman dio izenburua diskoari. Ubedaren alaba jaio zenean idatzitako letra bada ere, diskoa izendatzeko beste esanahi bat eman nahi izan dio Tolosako musikariak. “Musikarien sektorea nola dagoen azaltzeko balio dezakeela uste dut. Berez egoera ez zen erraza musikarientzat eta musikaren inguruan aritzen diren langileentzat, prekarietatea handia zen, baina orain Covidarekin egoera askoz zailagoa da; lehen gauza gutxi genituen eskura eta orain esku hutsik gelditu gara”. Lizarraldek idatzitakoaz gain, bada diskoan Garbiñe Ubedaren letra bat (“Auskalopitekus”), eta pare bat abestitan Eugenio Montaleren olerki zatiak erabili ditu Ubedak. Gainerako hitz guztiak berak sortuak dira, autoparodia (“Barre ala negar”), ironia (“Izan leike”, Dena erdigunera”), pandemiak eragin duenari buruzko gogoetak (“Apokalipsiaren profetak”, “Ezpainak ezpainekin”) eta kontu pertsonalagoak (“Hegalik gabe hegan”) bilduz. Baita rock-and-rollaren gaurkotasunaren aldarria ere. (“Chuck eta Little”). “Azken bi urteetako bizipen, pasadizo eta gogoeten laburpen moduko bat da diskoa”, azaldu du Ubedak.

Zuzenean ere orain arteko talde berbera ariko da Esku hutsik aurkezten, hots, Ubeda eta Aranzegiz gain, Ruben Caballero (gitarra) eta Fernando Neira (baxua). “Jotzeko gogoz gaude, hori baita gure ingurune naturala”, azaldu dute bi musikariek baina ez dute kontzertu-datarik iragarri.

ETIKETAK:Don InorrezFernando NeiraImanol UbedaJacob ReguilonKarlos AranzegiPaco LocoRuben Caballero