Musika

Iñaki Lasa Etura

2019.11.24

Iñaki Lasa Etura

Elkarrekin sentitzeko eskuak

Berri Txarrak sentimendu bat da. Esaldi horrekin laburbildu zuen Gorka Urbizuk taldearen mende laurdeneko ibilbidea oholtza gainetik, eta Nafarroa Arenan bildu ziren 11.000tik gora jarraitzailek bizi zutenari hitzak jarri, bidenabar. “Ikusi arte” esan du euskaldun askoren bizitzako soinu banda den taldeak. Etenaldi mugagabea hasi dute euskal kulturaren hiru iruleek, Iruñeko agur kontzertu gogoangarria eskaini ostean. Baina haria ez da etengo, betiko iraungo dute haien abestiek zaleen artean.

9507671

Gorka Urbizuk ireki zuen kontzertua, “Eskuak” abestiarekin. (Iñigo Uriz / Foku)

Musika besterik ez da, zioen Berri Txarrak-ek 2020an argitaratuko duen Ildoa filma aurkezteko iragarkiak —kontzertua hasi aurretik ikusarazi zuten iragarkia, pantailetan—. Baina oker dira, musikaz harago doa larunbatekoa. Zerbait gehiago izan zen. 11.000 lagun elkarrekin sentitzen. Edota, akaso, musika da gauza ez garrantzitsuen artean garrantzitsuena, Jorge Valdanok futbolari buruz esan zuen esaldi ospetsua apur bat moldatuta. Han ziren ia guziek orain dela urtebete baino gehiago erosi zituzten sarrerak, eta eztarrian korapilo bat zutela igaro dute denbora hori. Hutsunea sentituko dutela baitakite.

Emozioz beteriko gaua espero zen, eta hala izan zen. Ostiralean bezain beste jarraitzaile bildu baziren ere, bestelako giroa arnas zitekeen Nafarroa Arenan. Azkeaurreko kontzertuan baino zerbait gehiago. Lehenago bete zituzten harmailak zaleek, azkarrago kokatu ziren pistako lehen ilaretan. Leihotikan, azken kontzertuko talde gonbidatua, oholtza gainera igo zenerako, erabat betea zegoen ingurua. Hastapenetatik hamaika aldiz elkarrekin jo ostean, talde hori aukeratu zuen Berri Txarrak-ek azken gonbidatu gisa. “Ohore ikaragarria” eta “sekulako oparia” zela aitortu zuen Iruñeko rock taldeak. 22:30ean, puntual, azaldu ziren taulagainean Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez, eta “Eskuak”abestiaren lehen akordeek argi utzi zuten emozioaren bidea hartuko zuela gauak. Besoak altxa zituzten jarraitzaileek, mezu hilak idazteko, elkarrekin sentitzeko, arriskua txalotzeko eta mundu hau jorratzeko. “Gelaneuria”-k ekarri zuen eromena jarraian, lehen oihu, salto eta besarkadak. Betiko zirudien, betirako amaitu da. “Ez dut nahi” abestiko doinuak zale guztien ahoan egon ziren. “Ez dut nahi bertan egon”. Esnatuz gero, Berri Txarrak-en agurra amesgaizto bat besterik ez zela izango espero balute bezala.

Uneaz gozatzen
Izan ere, emozio dantza zoro batean murgildu zen jendea hiru orduz; uneaz gozatuz, baina azkenekoz disfrutatuko zutela jakinda. Erokeriaren bat, inozokeriaren bat egitea pentsatu zuten; zoriontsu izan edo halako zer edo zer. “Ez naiz aldatuko (esan zuen kamaleoiak)”, alegia. Taldearen lelo nagusienetako baten izena daraman abestiak, “Jaio.Musika.Hil”-ek, harrera beroa izan zuen. Baita “Infrasoinuak” eta “Izena, izana eta ezina”-k ere. Horren konplikatua eta sinplea da, Berri Txarrak-en ibilbide hasierako zein amaierako abestiek jaso dute zaleen onespena. Maketa bat, bederatzi disko, bilduma bat eta dokumental bat ondu dituzte mende laurdenean, eta aurki argazki liburu bat eta beste film bat iritsiko dira.

9507685

David Gonzalez eta Gorka Urbizu. (Iñigo Uriz / Foku)

Ostiraleko kontzertuan Payola diskoko bi abesti jo ostean, presentzia handiago izan zuen larunbatean. “Spoiler!”-en ostean “Folklore” eta “Gure dekadentziaren onenean” kateatu zituzten. Gutxik jartzen dute zalantzan Berri Txarrak-ek bizi duen unerik gorenean esan duela agur, arrakastari dagokionez bederen. BEC eraskustazoka mukuru beteta, Kobetamendi euskal musikaren aldeko jaialdi bihurtuta, sarrera guztiak salduta eta Nafarroa Arenan 22.000 pertsona bilduta, euskarazko sorkuntzaren alde. Eta galdetuko dute “Zertarako amestu?”

“Berba eta irudia”, “Gezur bat mila aldiz”, “Libre”… berdin zion zein zen kantua, erantzuna berbera zen: zaleen beroa. Boliviako eta Txileko egoera politikoaren aurka helduleku bila altxatu diren herritarrei eskaini zien Urbizuk “Helduleku guztiak” dotorea. “Denbora da poligrafo bakarra” pasioa “exijitzea zilegi den gutxieneko hori” dela gogorarazteko bermatu zuen abeslariak. 25 urtetako leit motiv argia.

9507684

Berdin zion zein zen kantua, erantzuna berbera zen: zaleen beroa. (Iñigo Uriz / Foku)

“Jainko ateoa”, “Bueltatzen, Aita Mari ontzikoei omentzeko baliatutako “Zuri”… musikak ez zuen etenik, lehenago edo geroago etenak iritsi behar bazuen ere. Ostiralean bezala, “Riki Riki” jo zuten, Irrien Lagunen eta adierazpen askatasunaren alde. Sudur gorridun pailazoen alde, eta “gorbatadun pailazoen” aurka. Haiei eskaini zieten “Zirkua”. Erreskan iritsi zirenBiziraun”, “Zerbait asmatuko dugu”, “Hitzen oinarri ahula”, “Zaldi zauritua”, “Oreka” —El Columpio Asesinoren “Toro” abestiaren bertsioa tarteko—, “Isiltzen banaiz” eta “Iraila”. Konfeti andana askatuta biribildu zuten ospakizun kolektibo horren lehen zatia.

9508646

Lehen ilaretan pogoak sortu ziren hainbat abestitan. (Iñigo Uriz / Foku)

Hasierako taldekideekin batera
Atseden labur baten ostean, indartsu eta gogor itzuli ziren, 1994tik zuzenean berreskuratutako “Tortura nonnahi” abesti gogoratuarekin. “Betiko leloaren betiko leloa”-k zaleei barruan min egin zien esaldi bat zeraman gordea: “Honek ez du atzera bueltarik”. “Sols el poble salva al poble” eta “Min hau” kantuek itxi zuten errepikaren lehen zati hori. Urbizu soilik agertu zen ondoren oholtzan. Payola diskoko abesti onenetakoa da “Maravillas”, eta emozio handiagoa du Urbizuk bakarka jotzen duenean. 11.000 eztarriren laguntza bakarka jotzea bada, noski. Une emotiboagorik egongo ez zela zirudienean, “aspaldiko lagunak” igo ziren oholtzara: Aitor Goikoetxea, Aitor Oreja eta Mikel López Rubio. Berri Txarrak-en kide originalak, alegia. Eromena sortu zuen horrek, are gehiago laukotea “Stereo”jotzen hasi zenean. Denboran atzera egin zuten zaleek, 2001. urtera “Nafarroa Garaiko presidente jauna!” garrasika kantatzeko. Ez zen elkarrekin jo zuten abesti bakarra izan, “Ikasten”ere Goikoetxearekin, Orejarekin eta Rubiorekin jo baitzuen Urbizuk.

9508659

Berri Txarrak-eko jatorrizko lau taldekideak berriz batu ziren taldearen despedidan. (Iñigo Uriz / Foku)

Iristear zen amaiera, eta mezua igorri zuen abeslariak: “Euskaldunok beti gaude azken pospoloa pizteko prest, leiho berriak irekitzeko prest”. Agurreko azken pospoloa “Katedral bat” eta, nola ez, “Oihu”izan ziren. Azkenaren azkena. Berri Txarrak-en agur gisa ulertutako munduaren amaiera. Orduan iritsi ziren besarkadak, negarrak, irriak eta txaloak. 25 urtez zaleei eman dieten guztia bueltatu nahi zioten jarraitzaileek taldeari, txalo sorta amaigabean. Jaio.Musika.Hil, eta aurrera egin.

Ez dadila haria eten
Kito. Amaitu da Berri Txarrak-en aroa. Mende laurdenaren ostean merezitako atsedena hartuko du Gorka Urbizuk zuzendutako taldeak. Etenaldi mugagabea. Baina haria ez da etengo, irule andana ditu euskal musikak, zorionez. Bere garaian Ez Dok Amairuren zilbor-hestetik askatu zen euskal musika, hegal egin zuten Itoizen doinuek, dantzatu zen Kortaturen azken guda dantza, Sorotan Beleren marinelaren zain dira oraindik zaleak, Hertzainaken “Aitormena”bizi-bizi bueltatu da 2019an edota Duten korapiloa askatzen jarraitzen dute askok. Sortuko dira besteak. Sortu dira. Atik Zra, Anaritik, Zea Maysera.

9508657

Kito. Amaitu da Berri Txarraken aroa. Mende laurdenaren ostean merezitako atsedena hartuko du taldeak. (Iñigo Uriz / Foku)

Urbizuk Kobetamendiko kontzertu gogoangarrian esan bezala: “bihar, ensaio”. Gitarra astinduz, barruan kanturik dagoen dira hamaika musikari. Ea entzulerik dagoen. 22.000tik gora bildu zituen Berri Txarrak-ek asteburu bakarrean. Egon, badaude behintzat. Ez dadila hari hori eten.

ETIKETAK:Aitor GoikoetxeaAitor OrejaAnariBerri TxarrakDavid GonzalezDutEz Dok AmairuGalder IzagirreGorka UrbizuHertzainakItoizKortatuLeihotikanMikel Lopez 'Rubio'Sorotan BeleZea Mays