Musika

badok

2018.11.22

badok

Esker 1000 egitasmoaren lehen hitzordua Baionan

“Euskarazko lehen rock kanta” hautatu du Esker 1000 egitasmoak, euskal rock mugimenduari omenaldi berezia egiteko. Datorren larunbatean, 100 musikarik joko dute elkarrekin, aldi berean, Niko Etxart-en “Euskal Rock n´Roll” abesti ezaguna, Baionako Lauga aretoan eskainiko duten musika emanaldian. Egun horretan, egitasmoa aurkeztuko dute Euskal Irratiek eta Musika Bulegoa elkarteak, eta kontzertuak ere izango dira. Niko Etxartek, Xabi Solanok, Alex Sarduik, Watson & Lopetegik, Xabi Camarerok, Iker Laurobak eta Iholdi Beristainek joko dute. Sarrerak aurrez eros daitezke hemen.

Aurkezpen ekitaldia deigarria izango da, baina are harrigarriagoa da Esker 1000k datorren urterako bere buruari jarri dion erronka: 1.000 musikari batu nahi ditu, datorren urtearen amaieran euskal rockaren 11 kanta ezagun jotzeko. Dagoeneko, 300 batzea lortu dute.

esker1000_az24-2

Esker 1000ren ideiak Rocking’1000 egitasmoa izan du inspirazio iturri. Elkarte horrek 1.000 musikari elkartu zituen Italiako Cesena hirian, Foo Fighters taldearen kanta bat jotzeko. Ekintza horrekin taldearen arreta bereganatu nahi izan zuten, hiri horretara kontzertu bat jotzera joan zitezen. Eta lortu zuten helburu zuten oihartzuna; baita kontzertua ere.

Antzeko performance batekin, bestelako helburu batzuk lortu nahi dituzte Esker 1000 egitasmoaren bultzatzaileek. Besteak beste, hedadura handiko ekitaldi baten bitartez, euskal rocka eta euskal kultura ezagutaraztea eta zabaltzea munduan, “berpizte kulturalaren oinarria izan diren euskal rockari eta musikariei” omenaldia egitea, euskararen inguruan eta euskaraz eramaten den proiektua garatzea, Euskal Herri osoko musikariak biltzea eta lurralde euskaldun guziak harremanetan jartzea.

Proiektuak hiru urterako erronkak finkatuak ditu dagoeneko. Aurten, Niko Etxarten “Euskal Rock n’ Roll” abestiaren bertsioa grabatuko dute 100 musikarirekin. Datorren urterako, 1.000 musikari euskal rockaren 11 kantu jotzen grabatzea da helburua. 2020an, berriz, dokumental bat aurkeztuko dute, eta euskal diasporara zabalduko dute egitasmoa.

ETIKETAK:Alex SarduiEsker 1000Iholdi BeristainIker LaurobaJexuxmai LopetegiNiko EtxartPatrice DumoraXabi CamareroXabi Solano