Musika

Iñigo Astiz

2020.07.14

Iñigo Astiz

Ezetz kantatu gabe irakurri

Proba bat da hau: saiatu hurrengo esaldia ahoz gora irakurtzen, kantatzen hasi gabe. «Furra, furra, fandangoa,/ hortxe duzu fandangoa,/ geure gustukoa», eta berriz, gero, «hortxe duzu fandangoa, geure gustukoa». Zaila egingo zaie ariketa, gutxienez, hiru euskaldun belaunaldiri, eta Oskorri taldearena da ardura. Haiek bihurtu zuten herri doinu hori berriz ere herriko, eta balio dezake garaikidetze ariketa horrek sasoi oso baten eta musika ulertzeko modu baten erretratua egiteko.

oskorri 4

‘Plazarik plaza’ diskoaren sasoian heldu zitzaion Oskorri taldeari arrakasta masiboa.

Taldearen seigarren diskoan agertu zen kanta, lehenengoz: Plazarik plaza-n, 1980an. Besteak beste, “Gaztelugatxe” eta “Violetaren martxa” abestiekin batera zihoan “Furra furra”, eta guztietan «komertzialena» abesti hura zela esan zion Muskaria aldizkariari Natxo de Felipe abeslariak. Diskoa atera berritan ere identifikatzeko moduko hit bat. Bestela ere, mugarri izan zen disko hura Oskorriren ibilbidean. Euskal Herriko talderik ezagunenetako bat zen ordurako, eta lan harekin heldu zitzaien «arrakasta masiboa», Andoni Tolosak BADOK atarian idatzitako biografiaren arabera. Orduan topatu zuten beren soinua ere.

Laburrean, tradizioari garaikide begiratzeko alkimia moduko bat da Oskorriren musika, eta “Furra furra” da horren erakusgarri.

Hitzengatik ere bada. Edo doinuak eta hitzak elkarrekin bat egiteko duten moduagatik. Tradiziozko hitzen aire atenporal hori mantentzen dute Xabier Amurizak idatzitako hitzek, errimek gidatutako konparazio bihurri eta ia-ia irrazional horiekin. Lehen estrofako seigarren oinean datorren «gerra» horrek sortzen du zortzigarren oineko «puzkerra», eta errimak bilakatzen du «akordeoia» zena «leoia». Ahozkotasunaren festa bat da kanta.

Baina, era berean, sorburu izan zuen sasoiaren lekukotza ere ematen dute hitzok. Zertzelada minimoekin egiten dute 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi zen egoera politiko eta sozialaren erretratua. Ia nahi gabe bezala. Pasadan. Nahiz eta egoera politiko eta sozial horixe den benetan abestiaren gai nagusia. Festaren maskara darabil salaketak.

Hasteko, eguna etxetik atera gabe pasatzen duen norbait ari da abestian kantuan. Etxetik ari da benetan? Ezkutatuta dago? Ez du erantzunik eskaintzen kantak, eta Amurizari nahikoa zaio estrofa bakoitzeko aipamen bakar bat garai historiko oso baten tentsioen fotoa eskaintzeko. Kafesnean ere agertzen diren polizien tankeak datoz lehenik. Pistola bat —urezkoa— gero. Eta, amaieran dator, azkenik, abestiaren doinu festiboa zapuztera iristen ez den estutasun sentsazioari buruzko koplatxoa: «Eta orain banoa/ berriro ohera,/ bila ez badatozkit,/ lolo egitera».

Bat dator Amurizaren tradizioa interpretatzeko modu hori Oskorrirenarekin. Eta nahikoa da Getxoko Danok bat otxoteak Oskorrik baino hamarkada bete lehenago grabatutako “Furra furra” abestiaren bertsioa entzutea horretaz konturatzeko. Youtuben dago grabazioa, Euskaldun kantariak bildumaren barruan. Sinfonikoa da kasik moldaketa, eta erabat bestelakoak hitzak. «Bizkargiko parian,/ gangarra batian,/ andre bat erosi nuen/ errial batian./ Zapatak garbitzeko,/ zubian parian,/ itzalpean egoteko,/ eguzki danian». Haien iturri beretik edaten du Oskorrik, baina erabat bestelakoa da helmuga duten itsasoa.

Bi aldiz, agurtzeko
Taldearen bost hamarkadako ibilbideari amaiera emateko ere, “Furra furra” abestiarekin akordatu ziren taldekoak, 2015ean, Bilboko Arriaga antzokian eskainitako azken kontzertuan. Bitan jo zuten, gainera. Bisen aurretik lehenik, eta bisen ostean gero.

Bitxia da 1980an izan zuen lehen agerraldi hartatik 2015ean izan zuen azken agerraldira abestiak izan duen bilakaerari erreparatzea. Izan ere, Oskorrikoek nabarmen moteltzen dute abestiaren hasierako leloa Alemanian euskaraz diskorako (1984). Geldo hasi, eta gorantz. Are gehiago moteltzen entzun daiteke hasiera hori taldearen 25. urteurrena ospatzeko kontzertuaren zuzeneko grabazioan. 2007an grabatutako Banda band zuzenekoan, bihurri dabiltza musikariak. Abestia hasteko desiotan dauden entzuleekin jolasean. Eta, azkenik, motel hasita bai, baina adarra jotzeko jolasik gabe dator 2015eko azken kontzertuko azken kanta.

Bitxikeria bat da. Baina izan daiteke kantuak bizirik dirauela adierazten duen beste froga bat gehiago. Egin aproba: saiatu hitzak irakurtzen, kantuan hasi gabe. Gutxienez, hiru belaunaldi ari dira zure ahotsean kantuan.

ETIKETAK:OskorriXabier Amuriza