Hautatu dituzte Herri Urratsen Musika Maketa Lehiaketako bost finalistak
Bost talde iritsi dira Herri Urratseko Musika Maketen III. Lehiaketako finalera. Hauetxeko dira: Bisaiak, GAR, Indigo, Neu Troia eta Somak. Orain bost talde horien artean aukeratu beharko dute entzuleek. Entzuleen bozketaren bidez erabakiko da zein talde izango den garailea. Bozketa otsailren 16tik 23ra bitartean egin ahal izango da (bi datak barne). Botoa behar bezala emateko, talde bakarra aukeratu behar da, eta datu guztiak bete.
Antolatzaileen hitzetan aurten aurkezturuiko 20 talde ingururen maila “oso altua” izan da, eta estilo aldetik ere beste zenbait urtetan baina aniztasun handiagoa izan da. Halaber, epaimahikeen botoen artean dezentgeko kontsentsua izan da bost talde finalistak hautatzeko orduan.
Gogoratu irabazleak aukera izango duela maiatzaren 10ean Senpereko lakuaren bueltan jotzeko, Nafarroa-BADOK gunean.
Bost taldeak
- Bisaiak: Bisaiak 2023. urtean Iruñerrian jaiotako taldea da, eta hainbat musika estiloren eragina badu ere, reggae erritmoak dira bere kantu gehienen ardatza. 2025eko urrian Porlanezko lorea diska argitaratu dute, taldearen ibilbide berriari hasiera emateko.

- GAR: Jon Garcia Zabala durangarrak 15 urte baino gehiago egin zituen Mocker’s rock taldean abeslari eta baxu-jotzaile gisa, baina orain bere ibilbide musikalari norabide berri bat eman dio GAR izeneko bakarkako proiektuarekin. Proiektu hau bere bizipen pertsonaletan oinarritzen da, eta pop sentikor eta melodikoan murgiltzen da, rock ukitu batzuekin. Oraina eskuetan diskoa kaleratu zuen iaz, eta Gaztea irratiko Maketa Lehiaketa irabazi zuen.

- Indigo: Indigo proiektua duela bi urte hasi zen, Eneko Lamothe-ek Mathieu Bordenave ezagutu zuelarik. Ordurarte Enekok bere kantuak bakarrik jotzen bazituen, elkarrekin egitasmoa urrunago eramateko xedea piztu zitzaien. Bikotean hamar bat kontzertu eman ondotik Ipar Euskal Herrian zehar, kantu horiek grabatzeko gogoa piztu zitzaien, eta horrekin batera talde baten osatzearena. Orduan juntatu zitzaizkien Julien Bordenave baterian (W!zard) eta Allande Etxeberri baxuan (Bloñ, Xak). Taldeak Aterpe hori izeneko EPa iragan irailean grabatu du Shorebreaker estudioan, Johannes Buff-en gidaritzapean. Lan hori 2026ko primaderan plazaratuko da.

- Neu Troia: Neu Troia da Julen Azkonaren (Iruñea, 1993) kantautore ezizena. Gitarra akustikoa abiapuntutzat hartuta, introspekziozko mundu pertsonal baterako gonbidapena dira bere abestiak. Doinuei jarritako letrek garrantzia berezia badute ere, kantautore klasikoaren iruditik baino, gaur egungo indie rocka, popa eta folka ditu influentzia nagusi. Arriskuaren xarma da orain artean plazaratu duen azken lana, 2024an.

- Somak: Somak 2023an jaio zen pop-rock taldea da. Haizea Larrosa (ahotsa, teklatua eta gitarra), Eneko Alaba (bateria), Unai Ibañez (gitarra) eta Eneko Diez (baxua) dira taldeko musikariak. 2025eko maiatzean beraien lehenengo lana argitaratu zuten Iluna Argitu izenpean, taldearen hiru kantu batuz.

Gogoratu irabazleak aukera izango duela maiatzaren 10ean Senpereko lakuaren bueltan jotzeko, Nafarroa-BADOK gunean, hain zuzen ere.