Musika

Igor Susaeta

2015.02.04

Igor Susaeta

Hildakoa oso bizirik dago

Biniloa beti egon da desagertzeko zorian. Hala esan izan da urteetan, eta binilo erosleez zera adierazi izan da, modu topikoan: «Sibarita batzuk dira». Kaseteak lurperatu behar zuen aurrena, 1970eko hamarkadaren hasieran. Handik hogei bat urtera, CDaren loraldia heldu zenean, musika entzuteko euskarri erabat zaharkitua zela zirudien. Gauza bera errepikatzen zen XXI. mendeko lehen hamarkadan, abestiak, diskoak osorik, digitalki aditzeko aukera hedatu zenean. 

binilo


Zenbakiek, beren hotzean, berriz, ez dute erakusten biniloa merkatutik kanpo dagoenik; inondik ere. AEBetan, esaterako, 9,2 milioi ale saldu ziren iaz —diskoen salmenta %15 bat jaitsi zen, eta streaming bidezko eskaera, berriz, %40 inguru igo—; orain bi urte 6,1 milioi kopia, eta 2012an 4,5 milioi. Kuantitatiboki, apalagoak dira kopuruak Erresuma Batuan; ez, ordea, kualitatiboki. 2014an milioi bat binilo baino gehiago saldu ziren. Official UK Charts Companyren arabera, 1996az geroztik zifra horretara heltzen diren lehendabiziko aldia da. Espainian, Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian 140.000 ale saldu ziren 2013an, 2012an baino %3,7 gehiago. Datu horiek kontuan hartuta, mundu osoko binilo fabrika garrantzitsuenek nabarmen areagotu dute beren produkzioa. Frantziako MPOk, esate baterako, 3,7 milioi kopia ekoitzi zituen 2010ean, eta 5,1 milioi 2013an.

Ez dago dudarik, hortaz: binilozko diskoen salmentak goranzko joera nabarmena hartu du. United Records Pressing da AEBetako binilo fabrika handiena. Nashvillen dago (Tennessee), eta, Jay Millar lantegiaren zuzendariaren esanetan, aldaketa bat gertatu da, «sinpleki», publikoaren pertzepzioan: «Artxibo digitalarekin jasotzen ari ziren baino konexio sakonagoa nahi du jendeak musikarekin». Horregatik igoera, orduan. Asier Zulueta Bidehuts kolektiboko kidearentzat (Andoain, Gipuzkoa, 1971), hazkundea ez du aldagai bakar batek eragin: «CDen salmentetan gertatutako beherakadagatik izan dela esaten da…». Joseina Etxeberria Gaztea irratiko kidearen aburuz (Ataun, Gipuzkoa, 1968), urte askoan egindako gehiegikeriak ordaintzen ari da musika industria. «Zer- nolako fortunak utzi ditugu diskoak erosten? Jendea aspertu egin da dirua botatzeaz» [CD batek oraingo 20 bat euro balio zuen 1990eko hamarkadaren erdialdean]. Iruditzen zaio «erromantikook, DJek eta audiofiloek» beti erosi izan dituztela, eta oraingoa moda bat dela. «Ez dut uste egungo erosleak erromantikoak, DJak edo audiofiloak direnik».

Beñardo Goietxe musikariaren iritzian (Bera, Nafarroa, 1970), «artea» da musika. «Biniloa artelana eta moda ere bada, eta moden menpe ibiliko da goiti eta beheiti. Gainera, modak gibelera maiz begiratzen duenez, horrek zerikusi handia dauka berpizkunde honetan». Fenomenoa azaltzeko arrazoietako bat «malenkonia» izan daiteke, Anjel Valdes Elkarreko musika arduradunaren hitzetan (Bilbo, 1958). Eta beste argudio bat ere aipatu du: «Egungo egoera soziopolitikoarekiko ezadostasunaren ondorioa ere izan daiteke; sistemari erantzuteko modu bat». Argi dagoena da aspalditik lurpean behar zuena, ustez hilda zegoena, salmentetan behintzat oso bizirik dagoela 2015ean.

AEBetako datuek ematen dute atentzioa, bereziki. Halere, Valdesek uste du horiek ezin direla zuzenean Euskal Herrira estrapolatu, lurraldeak eta merkatuak oso ezberdinak direlako. Goietxek herentziari heldu dio: «AEBetako eta Erresuma Batuko musika kontsumitzaile berri gazte horien etxeetan, seguru familiakoen binilo diskoteka ederrak izanen dituztela. Horrek zaletasuna piztuko zuen, dudarik gabe».

Multinazionalak ere bai
Garai digitalotan, musika guztia edo ia gehiena doan eskuratu daitekeenean, eta horri aurre egiteko ahaleginean musikariak, ekoizleak eta beste burua txikitu beharrean dabiltzanean berpiztu da biniloa. «Garai batean, osotasun zentzu bat izaten zuten diskoek. Ez hori bakarrik: musika eramangarria bilakatu da. Gurekin doa edonora, eta zenbat eta musika gehiago eraman ahalik eta espazio txikienean, orduan eta hobeto», hausnartu du Etxeberriak. Dena dela, biniloen salmentek gora egin dute. Moda aipatzen da sarri. «Perfume eta bestelakoen iragarkietan duen presentziagatik, batzuetan baietz pentsatzen dut, hala dela, baina gehienetan oso minoritarioa den irudipena daukat», Zuluetak. Iragarkien eraginak funtzionatzen duela pentsatzen du Goietxek: «Kanpainak bultzagarri izango ziren salmenten gorakadan; badakizu, retro-vintage den guztia salgarri baita orain». Valdesen irudiko ere, vintage kontzeptuaren gorakada nabaria da.

Multinazionalak ere konturatu dira horretaz. Ustez inork erosten ez zituenean ere jarraitu zuten indie taldeek lanak biniloan kaleratzen, baina orain diskoetxe handiek ere hautatzen dute bide hori, berrargitalpenen kasuan batez ere. Bi kasu aipatzearren, Warner Brosek Neil Youngen Release Series Discs 5-8 vinyl box set plazaratu zuen joan den azaroan, eta Capitol Recordsek R.E.M.en 7IN-83-88, taldearen singleekin osatutako 11 aleko edizioa.

LA PRODUCTORA DE VINILOS CHECA GZ MEDIA SE PREPARA PARA EL RECORD STORE DAY

Txekian fabrikatzen dira euskal diskoetxe eta taldeek argitaratzen dituzten biniloetako asko. (Filip Singer / Efe)

Horren harira, Elkar-Oihuka Vinyl Collection bildumaren aldeko apustua egitea erabaki zuen Elkarrek 2010ean. Geroztik, Euskal Herrian klasiko bihurtutako diskoak kaleratu dituzte biniloan —Barricada, La Polla Records, Kortatu, Mikel Laboa, Ruper Ordorika…—. Valdesek dio bilduma bultzatu zutela publiko segmentu batentzat, «gutxi gorabehera nire adina dutenentzat», oso albiste ona izango zelakoan. «Eta hala gertatu da. Ikusi dugu, gainera, badela publiko gazteago bat lan horiei adi». Kopuru txikietan saltzen dira, baina beti daude mugimenduan.

Bidehuts kolektiboko zenbaitek ere, Anarik, Mursegok, Lisabök, Willis Drummondek eta Inoren Ero Nik, esaterako, biniloan ere atera izan dituzte lanak. 500 aleko edizioak izan dira, eta ez da «gauza makala» tirada guztia saltzea, Zuluetak dioenez. «Halere, lehen ez bezala, orain errazago lor daitezke ale gutxiagoko tiradak. Beraz, aurrerantzean hori alda daiteke». Baina biniloan kaleratze hutsak ez du ziurtatzen salmenta. «Taldearen baitan ere badago. Batzuetan, hainbat arrazoirengatik, LPa CDa baino beranduago argitaratu izan da, eta hor nabari da jende askok ez duela itxaron».

Badira Euskal Herrian, asko ez izanagatik, oraindik ere biniloak saltzen dituzten dendak. Irungo Bloody Maryk lehen eskuko materiala dauka, eta 25 urte beteko ditu urrian. Donostiako Beltza Records musika beltzaren gunea da, eta Iruñeko Dientes Largos, rock-and-rollarena. Bilbon Power Records da erreferentzia, eta Baionan Bop Diskak zabaldu dute.

Ospea-edo beti eduki izan du biniloak. Haren aldekoek, gainera, alderdi estetikoa ere baliatu izan dute, argumentu gisa, euskarria defendatzeko. Bildumarako, esaterako, beti izango da aproposagoa, Goietxeren arabera. «Liburuekin bezalaxe, zentzumenetarako anitzez aberasgarriagoa da. Nahiz eta leku gehiago okupatu, zalearen gozamena handiagoa da». Horietako batzuk artelanak dira, baina Zuluetak «zatarrak» ere badauzka.

Beste edozein euskarri baino «organikoagoa» dela nabarmendu du Etxeberriak. «Ez da CD bat bezain plastifikatua; ez dirudi hain merkea; usain hobea du; soinu hobea du…». Tira, soinu hobea batzuetan. «Oso kabroia da, ondo zaindu behar duzulako. Ez da betirako trastea; CDa hala zela esan ziguten…».

Zeremonia kutsua
Valdesentzat, dena den, erosoagoa da musika CDan aditzea. «Autoan, edonon entzun dezakezu». Izan ere, biniloaren entzuketak «erritual, zeremonia, berezi bat» eskatzen du. «Denbora, arreta, diskoari buelta eman… Ez da erraza kantu batetik bestera salto egitea; beraz, obra osoa jarraian entzun behar duzu. Egia da, hori bai, horrek guztiak, segur aski, zeure buruarekin beste modu batean egoteko aukera ematen dizula». Era askotan entzuten du musika, baina jada ez du binilo berririk erosten. «Nire garaitik gordeta ditudanak jartzen ditut tarteka, flashback momentuak nahi ditudanean». Goietxek ere ez du ia ale berririk erosten, biniloen zalea izanagatik. 1.200 inguruko bilduma dauka, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan erosiak. Batzuetan, ez ahazteko eta hauts pixkat bat harrotzeko, «LParen liturgia» praktikatzen du. «Bolada eta astiaren arabera, plazera da disko zaharren kartoi-azalak ateratzea zoko usaintsuetatik, eta biragailua bueltaka duzula musika ziztatzea». Etxeberriak estiloaren arabera egiten du gailu baten edo bestearen alde. «Musika klasikoa, elektronika eta rock-popa aditzeko, nahiago formatu digitalak; aldiz, jazza, [Frank] Sinatra, Van Morrison eta Ruper [Ordorika], adibidez, gusturago biniloan». Zuluetak biniloak jartzen ditu etxean.

BINILOA-2

Euskal Herrian badira oraindik biniloak saltzen dituzten disko dendak. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

CDa, biniloa, kasetea, artxibo digitalak… Gailuari ez lioke garrantzia handirik emango Elkarreko musika arduradunak. «Musikak irabaziko du beti, jendearengana hainbat modutan heltzen delako». Etxeberriaren aburuz, biniloen goranzko joerak ez du, ordea, garai bateko «entzuketa moldea» ekarriko. «Orain, denbora-pasa denean, erromantikotasun puntu batekin ikusten ditugu lehengo garaiak, eta agian izango da gauza txarrak ahazten ditugulako. Hartuko genuen orduan, orain eskura dugun musika itsasoa. Ozeanoan egiten dugu igerian, eta lehen, berriz, putzu batean; ur garbiko putzua, bai, baina han ez zegoen zer edan askorik».

Fenomenoa azaldu nahian, Valdesen ustez «kontsumo moduen aniztasunarena» izan daiteke gakoetako bat: «Aspaldiko moduak azaltzen ari dira, egungo bizimodu efimero, azkar eta likidoaren kontrapuntuan, biniloaren garai ameslaria eta, modu batean, iraultzailea berreskuratzeko gogoarekin». Erosleen artean badira, Goietxeren iritzian, ordea, «esnob modazale konpultsiboak» ere, «noizbait aspertu eta biniloak saldu, oparitu edo botako dituztenak». Valdesentzat, gainera, gorakada ez da hain handia, kopuru absolutuei erreparatuz gero. «Baina publikoaren inkontzientean bada, dudarik gabe, garai bateko moduetara itzultzeko grina». Eta baita, Valdesen irudiko, «norberak bere burua definitzeko nahia ere». Azken batean, musikaren bitartez ere izateko eta bizitzeko era definitzen direla pentsatzen du.

Edozein kasutan, ez kaseteak, ez CDak, ez gailu digitalek ere ez dute lurperatu biniloa. Areago: oso bizirik dago.

(Berria egunkarian, 2015eko otsailaren 1ean argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:AnariAnjel ValdesBeñardo GoietxeBidehutsElkarInoren Ero NiJoseina EtxeberriaKortatuLisaböMikel LaboaMursegoRuper OrdorikaWillis Drummond