Musika

Araitz Uria

2025.07.07

Araitz Uria

Musika baino gehiago

Kontzertu eguna da. Urduritasuna nabari da. Ez da oholtza batera igo den lehen aldia. Soinu proba egiteko prest da. Teknikaria hurbildu da eszenatokira; Itsasoren gitarra hartu eta anplifikadorean entxufatu du. Beste eszenatoki batean, Anek esan du bera dela taldeko baxu jotzailea, eta antolatzaileek eta teknikariek harrituta begiratu diote. Antzoki batean, eszenatokian gutxiago mugitzeko eskatu dio antolatzaile batek Leireri. Jaialdi batean, Eirek musika jartzeko eskatu dio teknikariari. Teknikariak ez dio jaramonik egin, eta gizon batek agertu behar izan du gauza bera esan eta musika jartzeko. Ez dira asmatutako pertsonaiak eta istorioak.

Elektropottotte elektrotxarangako kideak, aurtengo apirilean, Barakaldon (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU

Elektropottotte elektrotxarangako kideak, aurtengo apirilean, Barakaldon (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU

2020an Ainara Legardon Perezek Musika sorkuntzako emakumeen eta gizonen egoera EAEn ikerlana egin zuen. Lan horren arabera, musikaren esparruan azken urteotan emakumeen gorakada gertatu bada ere, presentzian nabari da parekidetasuna oraindik lortzeke dagoela. Konposizioan eta interprete eta jotzaile alorretan, emakumeen presentzia %35etik beherakoa da. Hala ere, antzeman daiteke egoera aldatu egin dela Euskal Herriko gaztetxe, plaza, antzoki eta jaialdietan.

2000ko hamarkadan hasi ziren emakumeak lehen lerroan agertzen: Hemendik At taldean, Edurne Arizu; Zea Maysen, Aiora Renteria; Anari; Hesian taldean, Amets Larraza; Gosen, Ines Osinaga; Sorkun; La Basu rap kantaria… Urte horietan emakumeak eszenatokiak hartzen hasi ziren, baina, gehienetan, front woman-ak edo abeslari nagusiak ziren.

2010eko hamarkadan aldaketa nabarmenagoak gertatu ziren, emakume musikariak beste rol batzuk hartzen hasi baitziren eszenatokian. Horren adibide dira Garazi Esnaola piano jotzailea, Olatz Cuevas baxu jotzailea, Olatz Salvador teklatu jotzailea, Josune Arakistain trikitilaria, Irati Irizar biolin jotzailea, Lore Nekane Billelabeitia baxu jotzailea (Belako, Marte Lasarte…)

“Ni hasi nintzen garaitik hona, iraultza bat gertatu dela ikusi dut [musikaren munduan]. Aurretik, oso erreferente gutxi geneuzkan”

LIDE HERNANDO / Musikaria

Lide Hernandok 2015ean hasi zuen bere lehen proiektua: Liher. Nahiz eta bideari bere ahotsarekin eta gitarra akustiko batekin ekin zion, handik sei hilabetera talde egitura eman zion, gitarra elektrikoak, baxua eta bateria gehituta. Bederatzi urtean, gitarra elektrikoa soinean igo da Hernando eszenatokira: “Ni hasi nintzen garaitik hona, iraultza bat gertatu dela ikusi dut, garai hartan emakume asko agertu baitziren. Aurretik, oso erreferente gutxi geneuzkan, eta oso agerikoak ziren: Ines Osinaga, Sorkun eta Aiora Renteria”.

2010eko hamarkada baino lehen ere baziren emakume musikariak. Itsaso Gutierrez abeslari eta gitarra jotzaileak 1997an abiatu zuen bere lehen egitasmoa: Jauko Barik, soilik emakumez osatutako musika taldea. “Emakumez osatutako talde bakarra edo bakarrenetakoa ginen orduan. Tarteka topo egiten genuen neska musikariekin, baina oso gutxi ziren. Entsegu lokaletan egongo ziren gehiago, agian, baina eszenatokian, ez”.

Igone Mariezkurrena kazetariak, berriz, 2017an Aho Bete Doinu: Musika eta Generoa liburua idatzi zuen. Elkarrizketa bilduma bat da, eta musikaren sektorean zenbat emakumek —eta gizonek— zer, nola eta zer postutatik egiten duten aztertzeko idatzi zuen. “Lehen, askoz ohikoagoa zen emakume abeslariek abestu soilik egitea. Gaur egun, kosta egiten zait abestu bakarrik egiten duten emakume musikariak zerrendatzea. Horiek, gehienetan, instrumentu bat izaten dute alboan”. Mariezkurrenaren hitzetan, gaur egun sortzen diren taldeetan emakumeen presentzia handia da, eta soilik emakumez osatutako taldeak agertzen hasi dira.

Hautu kontziente bat

Mahai gainean duen sakelakoa dar-dar egiten hasi da, buelta eman dio eta gordeta ez duen zenbaki baten deia dela ikusi du. “Bai, esan?”, “Kaixo, Elektropottotte elektrotxaranga? Emakumeen taldea?”. Ez da Maitane Rebe Igartuak jaso duen horrelako lehen deia. Emakumez eta genero disidentez osatutako taldea da Elektropottotte, hamabi kidekoa, baina musika egiten dutela defendatzen dute eurek, musikariak direla. Bere buruari galdetu dio, berriz ere, Rebek: “Zergatik deitu digute: emakume garelako edo benetan guk egiten dugun musika nahi dutelako?”.

Eirek ere soilik emakumez osatutako talde bat sortzearen hautua egin zuen. Eire Maia eta Eire Salegi zumaiarrek sortu zuten. 2023an euren lehen EPa argitaratu zuten, Zauriren Bat Bistan, eta urte hartan iritsi zen Nerea Urteaga bateria jotzailea taldera. Emakumea izatea “erabaki kontzientea” izan zela azpimarratu du Maiak: “Oholtzan bi emakume ikusteak inpaktua sortzen zuen, eta, horregatik, bateria jotzailea ere emakumea izatea nahi genuen”. Salegik onartu du “kontzientzia” dutela, badakitela eszenatokira igotzean militantzia mota bat egiten dutela, irudi bat sortzen ari direla.

Amets Aznarez tronboi jotzailea da, eta Kataluniako Musikako Goi Mailako Eskolan (Bartzelona) Interpretazioa: jazz musika izeneko gradua ikasten ari da. Haren ustez, “ikaragarria eta oso interesgarria” da soilik emakumez osatutako taldeak sortzea. “Bi emakume egoteak giroa eta egiteko era asko aldatzen ditu; bada, pentsa talde ez-mistoetan”. Emakumeen artean lan egiteko daukaten modua oso ezberdina dela onartu du Aznarezek. “Guk ez dugu betiko molde horietan egon nahi”.

Zaintza kolektiboa

“Nik ez nuen emakumerik taldean, eta ez nuela behar pentsatzen nuen. Baina Izarorekin hasi nintzenean, behar nuela ohartu nintzen; beste mundu bat ireki zitzaidan”. Ane Bastida baxu jotzailea Leire Berasaluze abeslariaren ondoan dago, eta biei irribarre bana atera zaie. Musikak elkartu zituen. “Nik talde batean egoteko ez dut emakumerik behar, baina, dagoenean, nabaritzen da biok leku berean gaudela”. Bastida “kasualitatez” hasi zen baxua jotzen, eta Lauroba taldean ibili izan da, besteak beste. Berasaluze, berriz, Lain taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea izan zen.

“Zergatik deitu digute: emakume garelako edo benetan guk egiten dugun musika nahi dutelako?”

MAITANE REBE IGARTUA / Elektropottotte elektrotxarangako kidea

2015a da, eta Lide Hernando Liher taldearen entsegura iritsi da. Elkar agurtu, eta lau kideek instrumentuak prest dituztenean, entseatzen hasi dira. Ordu eta erdiko entsegua izan da. Oraingoan, ordea, Koban taldearekin izan du entsegua Hernandok, eta lau ordu iraun du. Instrumentuak jo baino gehiago, elkarrekin hizketan jardun dute entseguaren aurretik. “Liherren neska bakarra nintzen, eta Kobanen gehienak neskak ginen. Liherren elkarri hitz egiteko moduak askoz ere bortitzagoak egiten zitzaizkidan”. Bele proiektuaren bidez, giro femeninoago batera itzultzeko gogoa zuen Hernandok —Sara Alonso eta Danae Riaño musikariekin sortu zuen taldea—. Erabaki kontziente bat izan zen proiektu berrian presentzia femeninoa izatea. “Liherren ez geneukan beste zaintza mota bat daukagu, ezberdina”.

Jasan beharreko guztia

Leire Berasaluzek ordenagailua hartu du, eta 2007an Kristina Aranzaberekin batera Youtuben argitaratu zuten lehen kantuan klikatu du. Berasaluzerentzat gazi-gozoa izan zen hasiera hura, nerabezaroan bideo horretako iruzkinak ez irakurtzeko erabakia hartu behar izan baitzuen. Gaur, ia hogei urte geroago, iruzkin horiek irakurtzeko indarra badu. Berasaluzek, besteak beste, janzkeraren inguruko kritikak jasan zituen ikusleen, teknikarien eta antolatzaileen aldetik. “Baina berriz ere disfrutatzen ari naiz oholtzan”, ziurtatu du.

“Taldean emakumerik ez nuela behar pentsatzen nuen, baina, Izarorekin hastean, beste mundu bat ireki zitzaidan”

ANE BASTIDA / Baxu jotzailea

Itsaso Gutierrez era natural batean hasi zen musikan, 19 urte zituela, baina, modu inkontzientean, kontzientzia bat garatzen hasi behar izan zuen. «Hasieran, keinuak ez dituzu ulertzen edo identifikatzen, baina, bat-batean, pentsatzen duzu: zergatik entxufatu dit teknikariak niri gitarra eta taldekide gizonari ez? Horrelako keinuen bidez konturatzen zara genero marka hori hor dagoela».

Emakumeek kanpotik jasan beharreko guztia “izugarria” bada ere, Itsaso Gutierrezek argi du teknikari bakar batek ere ez diola gitarra entxufatuko; Ane Bastidak harro esaten du baxu jotzailea dela; Leire Berasaluze eszenatokira nahi moduan jantzita eta dantzan igotzen da; eta Eire Salegik euren proiektuaren azken hitza eurena dela ikasi du. Emakume musikariak prest eta indartsu daude guztia aldatzeko.

 

Maixa Lizarribar Saizar. ABESLARIA ETA TRIKITILARIA

“Emakumeak sekulako indarra hartzen ari dira musikaren munduan”

Maixa Lizarribar, Amak musika proiektuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Maixa Lizarribar Saizar (Altzo, Gipuzkoa, 1971) abeslari eta trikitilaria da. 1989an Maixa ta Ixiar taldearekin murgildu zen musikaren munduan, eta Euskal Herriko plazetan ospea lortu zuten emakume bikoteen artean lehenengo trikitilarietako bat izan zen. Egun, musika irakasten jarduten du; 16 urte zituenetik da trikiti irakaslea.

Garai batean plazetan ez ziren emakume asko ikusten. Nola eman zenuen pausoa?

Gu ez ginen hasi zer egin nahi genuen pentsatzen. Ixiar eta biok txapelketa batera joan ginen, eta finalera iritsi. Jendearen harrera sekulakoa izan zen; bi neska eszenatokian kantatzen ikusteagatik izango zen. Hainbat lekutatik deika hasi ziren gero, eta segituan hasi ginen erromerietan jotzen.

Lehen, emakumeak babes batekin ateratzen ziren plazara: anaiarekin, senarrarekin, aitarekin… Nola hartu zuen jendeak zuen erabakia?

Alde batetik, emakumeek sortzen zuten morboagatik izan zen hain ondo hartua, bi emakume izateagatik. Zerbait ondo ere egingo genuen, baina genekarren berrikuntzak eragin zuela uste dut. Pixkanaka, leku askotan jotzen hasi ginen; ahoz ahokoak balio izan zigun guri.

Kritikarik jaso al zenuten?

Bai. Baina gu gustura geunden egiten ari ginenarekin, eta horrek indarra ematen zigun jarraitzeko. Hori bai, irudikatu herri bateko jaietan, goizeko ordu txikietan, gizonak bakarrik festan… Batzuetan gaizki sentitzen ginen. Badut oroitzapen txar bat, emakume objektu bagina bezala sentitu ginenekoa. Elkarte batean jo genuen behin, mahai batzuen gainean, behean hamar gizon zeudela… Ez zen oso erosoa izan.

Gaur egun, emakume trikitilariak gizonak baino gehiago direla dirudi. Zer gertatu da?

Musika eskolak neskaz beteta daude gaur egun, eta erromeria talde asko daude. Horietan, neskak dira lehenengo ilaran dauden gehienak; hau da, trikitilari bikote edo abeslariak. Baina oso mundu maskulinoa da oraindik ere. Elkartasunak indartu egiten du, ordea, eta horixe egiten ari gara emakumeak. Gizonen talde asko daude, baina emakumeak sekulako indarra hartzen ari dira musikaren munduan.

90eko hamarkadan, trikitiaren loraldian, ordura arte erabat gizonena zen mundua konkistatu zenutela dio Amak taldearen biografian, eta askorentzat erreferente bihurtu zinetela. Garai hartan kontziente zineten zuek?

Atzera begira jarriz gero, beste modu batera ikusten dut orain. Orain Maurizia [Aldeiturriaga] aipatzen da erreferentzia gisa, baina Maurizia asko zeuden, nahiz eta ez ziren kalera irteten. Maurizia bera ere leku itxietan hasi zen jotzen, sukaldeetan edo ganbaretan. Erromeria pila bat egiten zituzten horrela, baserriko atarietan, adibidez. Eta erromeria horiek egiten zituztenak emakumeak ziren.

ETIKETAK:2025eko erreportajeaAraitz Uria LizarraEmakumeak musikanGradu amaierako lanen BERRIA lehiaketa