Musika

Ainize Madariaga

2022.12.01

Ainize Madariaga

Orbel, isiltasunari plaza eskainita

Orbel taldeak Lur hezea diskoa karrikaratu berri du (Usopop). Aldi honetan, orain arteko musika erreferentzietatik urrundu dira, laguntasunaz harago, taldekideek elkar hobeki ezagutu baitute musikari gisa, beraien musika sortuz: «Ari gara gure egiazko musika sortzen, testurak eta mundua, gure erreferentzietatik urrunduz», erran du Annelise Arnaud-Cazamayou taldeko kideak.

Txomin Urriza, Camille Dizabo, Annelise Arnaud-Cazamayou eta Alan Billi, Orbel taldeko kideak. (Fanny Maillard)

2016an elkartzen hasi zirelarik, lagunen artean musika jotzea bertzerik ez zuten xede. «Lagun istorio bat da ororen buru». Denen «rock ilun» musika erreferentzietatik partitu ziren hola: Radiohead, Chelsea Wolfe, Low… Alta, laukotea gotortu ahala, gauza batez ohartu ziren: «Lagun handiak ginen, baina ez genuen hain ongi elkar ezagutzen musikari gisa. Beraz, hasieran zailtasun gisa bizi izan dugu». Izan ere, baxurik eta bateriarik gabe abiatu baitzen taldea, doi-doi bi gitarra, teklak eta ahotsak.

Taldeak 2016az geroztik ukan duen musika bilakaera nabaritzen da diskoan: «Allan Billik landu ditu makinak; haren parte hartzeak bilakaera ukan du; nik ere ene teklak… Ikasi dugu elkarrekin jotzen eta entzuten».

Musika bilaketan, «makina» berriak sartzearekin, erreferentzia berriengana biratu dira; Massive Attack, konparazione.

Isiltasuna antolatu

Ilun airea du obrak; kutsu malenkoniatsua, ezin uka, baina, aldi berean, giro pausatua. Halaxe deskribatu du Arnaud-Cazamayouk: «Meditazio gisako bat da. Hasieratik maite dugu isiltasunarekin jotzea, eta horretatik asko bada. Isiltasuna guretzat da pintalariaren koadro zuria, eta nahi genuen horrekin jostatu, isiltasunari plaza utziz, musika baita isiltasunaren antolatzaile bat». Gehitu du laket dutela mistika, sinbologia eta mundu «berezi» baten sortzea, ezagunak diren erlijioetatik urrun, dena den. «Beldurra sortzea maite dugu, giro berezi bat, batzuetan inkietantea, deseroso sentiaraztea».

Deserosotasun hori, adibidez, sare sozialetan pizten dute, usaiaz kanpoko irudiak zabalduz, zeintzuek baitute erotismotik zerbait: «Maite dugu horrekin jostatzea. Irudiak ere baliatu ditugu, klip batzuk egiteko. Maite dugu trabatzea pixka bat, sare sozialetan zerbait bitxia ezarriz: titiak badira, baina sexualitate gutirekin; ohe batean badira gizon batzuk, eta zergatik ez? Nahi ditugu gauza horiek normalizatu».

Lehenik, Beyong There EPa atera zuten, 2018an; ondotik, Hegan diskoa, ondoko urtean. Hirugarren lana dute, beraz, honako hau. Post-rockean oinarritutako zortzi kantu sortu dituzte, beren berezko estiloari leial: euskal kantu tradizionalaren ziliportak musika industrialari uztartuz: «Maite dugu sustraiak ongi errotuak izatea gure lurrean, eta hortik sortzea. Nahasketa hori interesgarria zaigu». Camille Dizabo taldekideak du batez ere kantu tradizionaletik edaten, hori landu baitu, bertzeak bertze, Beñat Axiarirekin.

Taldearen munduak ukan lezake Hans Ruedi Giger artistaren estiloarekin zerikusi urrun bat: erroak ageri baitira frankotan, baina, aldi berean, makinen zorroztasuna azaltzen da; organikoari egiten dio talka metalaren hotzak. Badu deserosotasunetik, eta, aldi berean, erotismoak erakartzen du; irudi batzuk izugarri beteak dira, baina hutsuneekin ere jolasten dira: «Maite dugu nahasketa hori. Mäirü taldean ere ari naiz, eta badu horretatik ere».

Argien dantza

Zuzenekoan, lau lagunak makinaz inguraturik ikusiko dira: Txomin Urriza gitarran eta teklatu txiki batekin, Billi ordenagailuan, Dizabo kantuz eta taula txiki batek lagundurik, eta Arnaud-Cazamayou harmoniuma eta bi teklatu jotzen eta kantuz. Mikel Perezen argi jokoak anitz estimatzen dituzte: «Sorkuntza ederra da. Horri esker, ez gara anitz dantzatu behar, zeren eta pianoa jotzen ari naizelarik eta kantatzen aldi berean, zaila baitzait mugitzea».

ETIKETAK:Orbel