Musika

Xabier Erkizia

2019.01.25

Xabier Erkizia

‘Txalaparta ’75 iraila’, abangoardiak eta atzeguardiak

Beti gertatzen da. Goiz edo berandu, musikaren esperimentazioa muturrera eramaten duten musikariek zainetarako itzulia egiten dute. Hizkera militarrari jarraituz, musikan ere abangoardia eta retaguardia beti izan dira soka beraren bi mutur; musika egiteko ariketa orok suposatzen duen akzioaren bi nahitaezko erabaki, baina bereziki, esperimentazioak agerian uzten dituen bi helduleku. Atzean edo aitzinean, esperimentatzeak ertzetan arakatzea dakar nahitaez. 

Artze anaien, eta batez ere Joxean Artzeren ibilbide artistikoak beti egin du mutur batetik bertzerako ibilaldia, eta bere lanen korapiloek etengabe egin izan dute topo bi muga sinboliko, estetiko eta kontzeptual horietan. Tradizioan, eta zergatik ez, lengoaiaren primitibismoan hartzen du indarra, digestio geldo baten bidez batzuetan, irrintzi baten bat-batekotasunarekin bertzetan, jasotako guztiak aspaldiko ezagun gisara ageri zaigun abangoardiako hizkera zaharrean jariatzeko.

Halako muturreko joan-etorriek, ordea, izaten dute euren ordainsaria ere. Salbuespenik gabe, musikak beti irudikatzen ditu entzule duen gizarte bakoitzaren desioak eta beharrak, eta ondorioz, baita haren axolagabekeriak eta lotsak ere.

artze

Joxean Artze eta Jesus Artze anaiak.

Txalaparta ‘75 iraila diskoa ezezaguna da Euskal Herrian. Hasteko, ez zen hemen argitaratu, Italian baizik, eta denbora pasa den arren, oraindik ez da hemen berrargitaratu ezta komertzializatu ere, bai ordea Japonian.

Seguruenik, urte berean, 1975ean, Artze anaiek Mikel Laboa-rekin batera Veneziako Biurteko ezagunean eskaini zuten Ikimilikiliklik ikuskizunak zerikusia izango du disko honen jatorrian. Ez da kasualitatea urte berean, nahiz Milanon, grabatu eta argitaratu izana. Italiako Cramps izeneko diskoetxe berezi batek hartu zuen argitalpenaren ardura. Urte gutxi batzuk lehenago, Gianni Sassi (1938-1993) izeneko argazkilari eta ekoizle italiarrak asmatu zuen diskoetxea. 

Aurretik hainbat argitaletxe egin eta desegin ondotik, Milanoko arte munduko pertsonaia ipurterre hau Italian rock progresiboa praktikatzen zuten taldeak ezagutzera emateko helburuarekin hasi zen lanean. Laster, diskoetxe soil izatetik salto eginez bere proiektu artistiko bihurtu zuen Sassik. Katalogazio sistema estandarrak aldrebes erabiliz eta diskoetxea hiru azpizigilutan banatuz, rocka, musika esperimentala, musika garaikidea, inprobisazio librea eta garai hartako hainbat muturreko musika argitaratu zituen. Hain zuzen, hiru sail horietako bat, DIVerso izenekoa, irekitzeko balio izan zuen usurbildarren diskoak. 

Txalaparta ‘75 iraila diskoa ezezaguna da Euskal Herrian. Denbora pasa den arren, oraindik ez da hemen berrargitaratu ezta komertzializatu ere, bai ordea Japonian

Testuingurua ulertzeko, merezi du gogoratzea haien ondotik, besteak beste, Derek Bailey (1930-2005), Steve Lacy (1934-2004) edo Christina Kubisch bezalako artista handien lanak argitaratu zituela sail horretan. Gainerako sailetan argitaratutako artisten zerrendak berriz, 60ko eta 70eko hamarkadetako izen handi anitz biltzen ditu: John Cage, Alvin Lucier, Walter Marchetti, Juan Hidalgo, Horacio Vaggione, David Tudor… 

Hiru piezak osatzen dute lana: “Txapalarta Tamalommmb”, “Txalaparta Prosecco” eta “Txalaparta Ticina”. Soilik egurrezko doinuak biltzen dituzten hiru pieza dira. Disko honetan, entzuleak ez du topatuko Artze anaiengandik espero genezakeen poesiarik, ez bertzelako soinu iturriekin egindako ariketarik. Ez Dok Amairu mugimenduak ekarri zuen euskal kulturaren birformulazioaren erakustaldiaren adibide bat izan beharrean, hilzorian dagoen tresnari egindako omenaldia dirudi. Txalaparta ’75 iraila, proposamen abangoardista baino, beldurrez edo arduraz osatutako biziraupen dokumentua da. 

Txalaparta 75 azala

Ez da inondik ere Artzetarren diskorik hoberena. Aurretik iritsi eta ondotik etorriko ziren lanen aldean, honek Artzetarren begirada pertsonala galtzen du, musika tresnaren asmakizun modernoa erreibindikatu baino, musika tresnaren sonoritateen katalogo posible baten alde egiteko. Eta zentzu horretan, hau da seguruaski Artzetarren diskorik kontserbadoreena, barkaberena, apalena, eta dena erran behar bada, momentuka, aspergarriena ere. Baina ezin dugu ahantzi Europako abangoardiako diskoetxe batek argitaratu zuela, eta bilduma horretan argitaratzeak txalaparta abangoardia bihurtu zuela, jatorriz hala ez izan arren. Ez da berria: ziur aski guk ere, gaur egun, belarri arrotzek ttakunetan topatu zuten primitibismo musikal exotiko haren bidez entzuten dugu txalaparta. Etxekoa eta aldi berean arrotza balitz bezala. Bizi ez genuen garai zaharreko abangoardia balitz bezala. 

Ez Dok Amairuren ibilbidea aztertzen duen Zai zoi bele dokumentalaren atal batean Josean Artzek txalaparta ezagutu zuten momentua kontatzen du. Lehen entzunaldi hartan, harridura izan zen Lasarteko Zuaznabar anaien egur doinuak bizirik aditzerakoan sentitu zutena, eta aldi berean gainerako entzuleek irri eta iseka egiten zietela kontatzen du. Euren buruaren errepresentazio zaharkitu hartaz lotsatuta baleude bezala. 

Diskoak Artzetarren begirada pertsonala galtzen du, musika tresnaren asmakizun modernoa erreibindikatu baino, musika tresnaren sonoritateen katalogo posible baten alde egiteko

Euskal kulturaren ustezko hainbat tradiziorekin gertatu den modu berean, frankismoaren azken urteetako urgentziazko berrasmatze ariketa haietan, bereziki Oteizak idatzi edo inspiratutako diskurtsoek bulkatuta (ez du alferrik disko honek Oteizaren testu bat kontrazalean) horrela sortu ziren gaur egun naturaltasun osoz onartzen ditugun txalapartaren inguruko sineskerak eta asmakizunak. Ondorioz, gure iraganaren exotikotasunaren marka bat topatu izan bagenu bezala entzuten dugu txalaparta. Geure burua arrotz bihurtu arte. 

Halako usaina dario disko “exotiko” honi ere. Gailua gailentzen zaio arimari. Ez du emoziorik transmititzen. Hotza da. Baina pentsa baino askoz gehiago kontatzen du guri buruz, eta disko bati ezin zaio askoz gehiago eskatu.

ETIKETAK:Artze anaiakCrampsDiskoakEz Dok AmairuJoxean ArtzeMikel Laboa