IZ

2014.05.23
IZ

IZ diskoetxea 1975. urtean sortu zuten euskal kulturarekin lotutako bost lagunek, tartean Fernando Unsain musikari eta ekoizlea. IZko arduradun nagusia izan zen Unsain, eta hainbat talde eta bakarlariren diskoak ekoitzi zituen: Akelarre, Anje Duhalde, Imanol, Gontzal Mendibil, Jokin eta Josu, Koska... Madrilen bizi zelarik hasi zen Unsain kantari; 1970ean single bat grabatu zuen Columbia diskoetxearekin, eta geroago Nire aitaren etxea defendituko dut disko luzea (DPM, 1976) kaleratu zuen. Urte hartan bertan, Madrilen egindako Festival de los Pueblos Ibéricos jaialdi jendetsuan parte hartu zuen, beste hainbat kantarirekin batera: Mikel Laboa, Raimon, Jose Antonio Labordeta, Pi de la Serra, Luis Pastor, Enrique Morente, Elisa Serna, Pablo Guerrero... Eltzegor taldeko kidea izan zen, eta, zenbait urtez, Xabier Amuriza bertsolaria lagundu zuen herriz herri gitarrarekin, Josu Zabalarekin batera (Hertzainak).

Lazkaon (Gipuzkoan) apailatutako estudio ibiltari batean grabatu ziren IZko lehen diskoak, harik eta 1980an egoki hornitutako estudio bat zabaldu zuten arte Donostiako Amara Zaharra auzoan. Angel Gonzalez Katarain, Kaki Arkarazo eta Mikel Usabiaga Urkola soinu teknikariak hasi ziren lanean estudio hartan. 1993an Amasako (Gipuzkoa) Etxezarreta baserrira aldatu zuten grabazio estudioa, eta bertan da gaur egun ere, IZ diskoetxea dagoeneko desagertu bada ere.

Nekazaritza giroko entzuleei zuzendutako diskoak argitaratu zituen lehen urteetan, indar berezia jarriz trikitiaren arloan (Auntxa eta Iturbide, Laja eta Landakanda, Martin eta Iturbide...), baina orduko kantagintza bazter utzi gabe: Gontzal Mendibil eta Xeberri, Patxi Villamor, Jokin eta Iosu.... 80ko hamarkada hastear zela, euskal musikagintzaren eremua zabaltzen ari ziren joera berrietara egokitzeko jarrera hartu zuen, eta, rock diskoak argitaratzen hasteaz gain (Koska), jazz taldeen aldeko apustua egin zuen, Alen eta Eiderjazz taldeen lanak kaleratuz.

Estilo jakin batera mugatu gabe, kantagintzaren ia esparru guztiak hartu zituen IZk 80ko eta 90eko hamarkadetan: plaza taldeena (Akelarre, Egan, Joselu Anaiak, Minxoriak, Drindots), bakarlariena (Anje Duhalde, Gontzal Mendibil, Imanol, Urko), folk taldeena (Eltzegor, Txanbela), rockarena (M-ak, Bizkar Hezurra, Lau Behi, Txakun...), haurrentzako musikarena...

Euskal Herrian ibilbide luze eta ekoizpen oparoenetakoa izan duen diskoetxea da IZ. Gaur egun Ibaizabal argitaletxeak kudeatzen du haren katalogoa.

ARGITARATUTAKO LANAK