Elkarrizketa

“Ez dago itxaropena beste biderik”

Elkarrizketa: Jurgi Ekiza

Hala ere deitzen da Willis Drummond talde baionarraren estudioko zazpigarren diskoa. Musikaren munduan hasi zirenetik, euskal rockak eman duen talderik geldigor eta fidagarrienetakoa da Jurgi Ekiza (ahotsa eta gitarra), Vincent Bestaven (gitarra eta teklatuak), Xan Bidegain (baxua) eta Felix Buff (bateria eta perkusioak) kide dituen laukotea. Horrenbeste urtean, hainbat abentura eta gorabehera bizi izan dituzte, baina gogor segitzen dute hala ere, eta hala ere mordo batekin beteriko disko batekin datoz oraingoan. Bizi garen munduan eta gure bizitzetan aurki ditzakegun kontraesanak argitara ateratzeko izenburu eta metafora originala aurkitu dute, eta horretaz guztiaz patxadaz hitz egiteko aukera izan dugu Ekizarekin (Baiona, 1980).

Willis Drummond

Vincent Bestaven + Jurgi Ekiza + Xan Bidegain + Felix Buff = Willis Drummond (Argazkia: Guillaume Fauveau)

Argitaratu berri duzuen diskoa kokatzen hasteko: Zugzwang estudioko aurreko diskoa munduan zehar aurkezten zenbiltzatela iritsi zen pandemia, eta aurrera begira zenituzten aurkezpen kontzertuak bertan behera geratu zitzaizkizuen. Nola bizi izan zenuten momentu hura?

Australia, Japonia eta Tahitiko birara abiatu berri ginela hasi ziren ateratzen COVIDaren lehen berriak komunikabideetan. Pandemia unez une gertuago zegoela ikusi arren, bira osatzea lortu genuen. Tahitin ginela hasi zen konfinamendua Frantziako Estatuan, eta, ondorioz, Tahitiko hondartzetatik etxetik ezin ateratzera pasatu ginen. Nahiko bortitza zen egoera. Bueltatzean, oso nekatuak geunden, eta lehen asteetan ez zen arazo handia izan etxean egotea, opor antzekoak zirelako, baina, denborarekin, aspertzen hasi, eta konturatu ginen ezin ginela geldirik egon. Ikusi genuen antzokietan jotzeko aukera zegoela, eta Garai bereziendako kontzertu bereziak bira akustikoa prestatzen hasi ginen. Shorebreaker estudioa ere garai horretan eraiki genuen.

Merezi zuen atentzioa jaso al zuen Zugzwang-ek? Gustura geratu zineten emandako itxierarekin?

Diskoa argitaratu genuenean, zerbait positiboa gertatzen zebilenaren sentsazioa genuen: aurrerapenek harrera ona izan zuten, Bilbon eta Miarritzen [Lapurdi] eman genituen lehen kontzertuak jendez beteta… Ilusioz tope geunden. Pandemia iristean, aukera gutxi izan genuen diskoa zabaltzen jarraitzeko, eta horrela zaila zen zerbait lortzea. Bira akustikoa hasi genuenean, abesti batzuk sartu genituen errepertorioan, baina, elektrikora bueltatzean, jendeak ongi pasatu nahi zuela ikusi, eta publikoak kuttunen zituen abestiak jotzen hasi ginen. Ez genuen Zugzwang-en aurkezpen gehiagorik egin, eta, alde horretatik, galduta geratu zenaren sentsazioa dugu.

Noiz hasi zineten Hala ere diskoa sortzeko ideiarekin?

Bere prozesua izan zuen. Printzipioz, bira akustikoan gitarra eta teklatua jotzeko batu zitzaigun taldera Vincent, baina, berriz elektrikoan hasi ginenean, taldean jarraitzea proposatu genion, eta berak onartu. Disko berri bat eginez gero parte hartuko ote zuen erabakitzeko, hitz egitea baino ideia hobea iruditu zitzaigun lokalean batzea, eta Shorebreaker estudioan izan ginen lau egunez. Bakoitzak bere ideiak eraman zituen, eta hainbat grabazio egin genituen. Han zeuden diskoko bederatzi abestiak izaten amaitu duten bederatzi ideiak. Vincentek grabazioan parte hartzen bazuen, zuzeneko aurkezpenetan ere ezinbestekoa izango zen: ezin genuen zuzenean jo ezin genuen disko bat atera. Oso animatuta agertu zen, eta horrela erabaki genuen grabatzen hastea.

Taldekide finko bihurtu al da, hortaz, Vincent? Zer eman dizue?

Felixekin batera, Petit Fantôme, Botibol eta Rüdiger taldeetan jotzen zuen Vincentek, eta bagenekien tipo eta musikari bikaina zela. Ez da zuzenerako musikari bat bakarrik, gure laugarren taldekidea da, gurekin batera hartzen ditu erabakiak eta guztian hartzen du parte. Aurretik taldean gaudenon artean desorekatu egiten ditu gauzak, eta hori ere onerako dela uste dut. Denbora luzez egonkorra den edozertan gertatzen den moduan, zerbait berria sartzen duzunean, automatismo batzuk aldatu egiten dira, eta hala gertatu da gurekin ere. Hiruron artean oso harreman ona eta sanoa genuen, baina Vincentek berriz ere freskotasuna eman digula esango nuke. Oso gustura gaude laukote formatuan.

“Vincentek gauzak desorekatu ditu taldean, onerako: zerbait berria sartzean, automatismo batzuk aldatzen dira”

Grabazioa Johannes Buffekin errepikatu duzue, zeuek eraiki duzuen Shorebreaker estudioan. Zer nolako esperientzia izan da berarekin lan egitea?

Oso ona. Felixen anaia da Johannes, aspalditik ezagutzen genuen, eta aurreko diskoa berarekin batera grabatu genuen, Berako Atala estudioan [Nafarroa]. Ane filmerako abestia ere bere etxean grabatu genuen, eta, oso gustura egon ginenez, hurrengo diskoa ere berarekin egitea erabaki genuen. Ibilbide handia du musikaren munduan, eta zuzenekoekin eta grabazioekin erlazionaturiko lan ugari egin ditu munduko toki askotan. Orain urte batzuk, grabazioetara dedikatzea erabaki zuen eta Baionan finkatu zen berriz. Nahasketak egiteko materiala bazeukan, baina grabatzekoa ez, eta hor hasi zen Shorebreakerren abentura. Laburbiltzeko gure estudioa dela esaten dugu, baina egiazki Johannesen estudioa da. Musika grabatzeko estudio on bat bilatzen zuen berak, material egokia izango zuena, baina, horrekin batera, baita grabatzera doazenek esperientzia on bat izatea ere; horregatik dago guztia horren zaindua eta eraikina kosta ondoan kokatua, adibidez. Proiektuaren parte izateko lagunak bilatzen zituen, eta hor sartu ginen gu. Libre dagoen guztietan erabili dezakegu, eta bertara doazen beste musikari batzuekin harremanetan jartzeko ere balio digu. Aukera eman digu Johannes gure abenturen parte izateko eta gu bere abenturen parte izateko.

Diskoaren azala nahiko deigarria da. Zer transmititu nahi duzue bertan ageri den mandarinarekin? Noren lana izan da?

Diskoa osatuta zegoela etorri zen ideia. Hasiera batean, Guillame Fauveaurekin aterata genituen taldearen argazkietako bat jartzea zen gure asmoa, baina hitzak berriz entzutean, ikonikoa izan zitekeen objekturen bat jarri genezakeela pentsatu genuen: tramankuluren bat, landareren bat, animaliaren bat… Hortik etorri zen mandarina jartzearen ideia.

Diskoko lehen abestia da Mandarina.

Abestian kontatzen dugun moduan, behin, Tahitira joateko hegaldian nintzela, plastiko batean batuta zegoen mandarina bat eman zidaten afaritan Groenlandia gainean. Oso surrealista iruditu zitzaidan egoera: konfinamendutik atera berriak ginen, hegaldia oso merkea zen… Oso arraroa zen dena, ez zen ez sanoa, ez naturala, eta beti eramaten dudan koadernoan apuntatu nuen abestian esaten den lehen esaldia. Hegazkin batean doan edozeinek izan ditzakeen hausnarketa sakonak eragin zizkidan egoerak: nora doa mundua, arazo bat naiz, zertan gabiltza… Baina, era berean, askotan ez dugu gure plazera alboratzen, eta, nire kasuan, pentsatzen ari nintzen Tahitin zer ondo pasatuko nuen, hegazkinean zer pelikula ikusiko nuen… Hortik atera da mandarina: munduaren absurdoa islatu nahi du. Mikel Larretxe Izukari-ren lana izan zen diseinua.

Willis Drummond

(Argazkia: Guillaume Fauveau)

Badu lotura izenburuarekin; izan ere, kontraesan edo hala ere asko ditugu gure bizitzetan…

Bai, diskoak bakoitzaren eta munduaren kontraesanak bilatu nahi ditu. Uste dut kontraesanek gure bizitzetan badutela alde ezkor bat. Gauzak oso gaizki doaz, badira irtenbideak, baina, hala ere, beldur gara gauzak aldatzeaz eta daukaguna galtzeaz, beraz, ez dugu ezer egiten. Eta badute alde baikor bat ere. Berrietan gauzak gaizki eta izorratuta daudela ikusten dugu eta borroka batzuk ia galduak daudela ere bai, baina, hala ere, borrokatzen jarraitzen dugu. Nire ustez, norberaren osasun mentalarengatik, jendartearengatik eta munduarengatik, hobe da zerbait egin daitekeela pentsatzea: ez dago itxaropena beste biderik.

Musikalki, taldearen garai guztietako soinu eta ezaugarriak antzeman daitezkeen arren, gaur egungo Willis Drummond zer den entzuten da diskoan. Nahiko anitza iruditu zait, entzuteko entretenigarria. Nola azalduko zenuke zer soinu duen?

Garai askoren konbinazioa dela esaten dugu. Alde batetik, grabazio prozesuarengatik, 1970eko hamarkadako ezaugarriak ditu. Energia eta soinu gordina mantentzea zen helburua, eta, horretarako, laurok batera grabatu genuen, momentuan ateratzen zitzaigun moduan, aurrez sekula landu ez bagenu bezala. Bestetik, 1990eko hamarkadako ukitu bat du, orduan jaso genituelako gure influentzia nagusiak. Azkenik, gaur egungoa da. Johannesen ekoizpena eta nahasketa modernoak dira, eta uste dut hori ere islatzen dela. Hitzek ere erakusten dute gaur egungo disko bat dela.

Atentzioa eman dit Stockholmen abestiko gitarra soloak. Ez dakit horrelakorik entzun dizuedan Ilegala argitaratu zenutenetik… Eztanda ederra du.

Solo bat grabatzeko ideia izan genuenean, laburra izango zela imajinatzen nuen, baina Vincent oso gitarrista trebea da, eta, probatzen hasita, gehiagora joan zen. Soloa doblatzeaz gain, hirugarren bat ere grabatu genuen. Diskoko bakarra denez, onartu genion geure buruari horrelako trukoak erabiltzea [barrez]. Zuzenekoetan sinpleago joko dugu, baina izango du bere momentua.

Hitzetan eta argitaratu zenuten bideoan dena esanda geratzen den arren, ezin aipatu gabe utzi Bidasoa, diskoaren lehen aurrerapen kanta.

Konposatzerakoan, musika sortzen dugu lehenengo eta gero idazten ditugu hitzak. Abesti horretan ere hala izan zen, eta nahiko musika emozionala zuela iruditu zitzaigun. Azken bi urteetan bederatzi migratzaile hil dira Bidasoa ibaia zeharkatzen, eta denbora zen horren inguruan zerbait idatzi nahi nuela. Beti Mediterraneora begira egon ohi ginen horrelako kontuekin, baina etxean bertan ere antzerakoa genuela ohartu ginen. Gure bizitzetan errealitate bat da gaia. Gainera, gu Iparraldeko taldea izanik eta zuzenekoak ematen gehienbat Hegoaldean aritu izan garelarik, muga hori existitzen ez zen sentsazioa izan dugu beti, harik eta pandemiarengatik itxi zutenera arte. Ezin ginen beste aldera pasatu, eta orduan konturatu ginen ez zuela zentzurik gure herri barruan muga bat jartzeak.

Gainontzeko abestietan ere gai sozialei buruz hitz egiten duzue. Musikari moduan garrantzitsua iruditzen al zaizue barruan dituzuen pentsamendu eta hausnarketak azaleratzea?

Bakoitzak bere moduan ulertzen du musika, eta nik barruan dudana ateratzeko tresna moduan hartzen dut. Niretzat ez du zertan politikoa edo soziala izan, barnean duzun zerbaitengatik edo bihotzeko minagatik ere egin dezakezu abesti bat. Willis Drummonden kasuan, elkarrekin gaudenean izan ditugun solasaldien gai nagusiak islatzen dira hitzetan: krisi ekologikoa, krisietatik aberatsak are aberatsago ateratzea, pandemia, Ukrainako gerra, osasun mentala, gure bikote istorioak eta zer ulertzen dugun bikote izatetik, diskoaren sortze prozesua… Gehienak nik idatzi ditut, baina Vincentek Western Smile-ren hitzak idatzi zituen ingelesez, eta Felixek Makina bat-enak frantsesez; itzuli eta egokitu egin nituen biak.

Zer oroitzapen duzu Garai bereziendako kontzertu bereziak biraren inguruan? Izenak dioen moduan, bereziak izan ziren?

Oso oroitzapen ona dut. Nirvanaren zale handia, asko gustatzen zait beren zuzeneko disko akustikoa, eta, buruan beti horrelako zerbait egiteko asmoa izanagatik, arrazoi batengatik edo bestearengatik, atzera botatzen genuen beti aukera. Pandemiak ideia berreskuratzeko eta gauzatzeko aukera eman zigun, ondo pasatu genuen, eta kantuei buelta bat emateko eta Vincent hobeto ezagutzeko ere balio izan zigun, gainera. Geunden egoeran plazer bat zen horrelako zuzenekoak bizitzea, oso emozionalak izan ziren. Musikalki, ahotsak, koruak, moldaketak… era sakonean lantzeko balio izan zigun, eta ate asko ireki dizkigu horrek. Orain formatu elektrikoan egon arren, ikasi genituenak barneratuta ditugula eta praktikan erabiltzen ditugula uste dut.

“Egiten ditugun gauza berriek ematen digute arnasa errepikatzen ditugunekin gozatzeko”

Hemezortzi urte dira taldearen bidea hasi zenutenetik, eta gaur egun ere oso soinu freskoa du Willis Drummondek. Zein da zuen sekretua?

Talde moduan, eta gure bizitzetan, ez dugu sekula ohitura eta errutina handirik izan: oraindik ere zaila egiten zaigu entseguak adostea [barrez]. Bakoitzak bere bizitza eta bere erritmoa du. Musikari moduan nahiko laster aspertzen gara egiten dugunarekin eta beti bilatzen dugu gauza berriak egitea, baina, jakina, horrek ere badu bere muga, kalitatezko zerbait egiteko denbora eskaini behar baitzaie gauzei. Beti aldatzen baldin bazabiltza, ez duzu sekula lortuko maila jakin batera iristea, baina zerbait menderatzen dugula ikusten dugunean, hurrengo pausoan pentsatzen hasten gara. Gauza berriak eta freskoak egitea gustatzen zaigu, nahiz eta gure publikoagatik, eta baita guregatik ere, gauza batzuk mantendu behar ditugula jakin. Ez gara sekula aspertzen Ur gainean kanta jotzen, adibidez: hamasei bat urte dira zuzenean beti jotzen dugula. Egiten ditugun gauza berriek ematen digute arnasa errepikatzen ditugun gauzekin gozatzeko eta oreka lortzeko.

Zer ikasi duzue ibilbide horretan?

Gauza asko. Egunero ikasten dugu, baina esango nuke inportanteena dela pertsonei eta harremanei garrantzia ematea. Familia baten moduan bizi dugu taldea, eta geure buruak zaintzeari eta maite dugun jendearekin lan egiteari ematen diogu lehentasuna. Ongi funtzionatzeko eta gauzak gustu eta motibazioarekin egiteko, lantaldea zaintzea ezinbestekoa da. Garai batean, ni, pertsonalki, nahiko obsesiboa izan nintzen musikarekin, proiektuarekin, taldearekin… baina ohartu nintzen ez zela produktiboa, ez taldearentzat eta ezta niretzat ere. Maite duzun jendeari eta norberari kasu egitea da garrantzitsuena bizitzan, eta beste guztia horren segidan etortzen da.

Zer esango zenuke musikari izatearen alde on eta txarrak balantzan ipini beharko bazenitu?

Alde txarra existitzen den prekarietatea dela esango nuke. Zerbaitek ondo funtzionatu arren, ez dakizu zenbat denbora iraungo duen, eta, jakitun zara zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta zailagoa izango dela zerbait berria egitea. Horrek sortzen dituen eztabaidak, krisiak eta dudak dira gauzarik zailena. Abantaila da egun guztiak desberdinak direla; asko gustatzen zait hori, eta behar dudala esango nuke. Gaztetan ez nuen neure burua imajinatzen erritmo normal batean lan egiten; ez banintz musikatik bizi, beste gauza alternatiboren bat egingo nuen segur aski. Zortea dugu taldearekin eta beste proiektuekin musikatik bizi garelako, baina ez zen helburua izan: musika egitea eta gozatzea zen helburua. Gure nagusi eta jabe gara, eta sekulako askatasuna ematen digu horrek, ez du preziorik.

Oraingoan dena aurrera joango den konfiantzarekin, zer asmo eta ilusio dituzue?

Ez dugu helburu eta estrategia finkorik ezartzen, baina toki gehiagotara eta jende gehiagorengana iristea bilatzen dugu beti. Era berean, hazi ginen eta ezagutzen ditugun espazioak zaintzeari ere ematen diogu garrantzia, eta orain urte batzuk gaztetxeetan egin genuen bitaren moduko bat egingo dugu. Bestalde, 2024ko abenduan hogei urte beteko dira taldeak lehen kontzertua eman zuenetik, eta urteurrena ospatzeko zerbait berezia prestatzea ere izango da hurrengo zereginetako bat. Oraindik ez dakigu nola, baina etapa hori markatzea gustatuko litzaiguke.

ETIKETAK:Jurgi EkizaWillis Drummond