BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2014.07.07

Juan Gorostidi

Musika eta musikaldiak udagiroan

49. Donostiako Jazzaldia eta kaleko musikariak.
Aurtengo Jazzaldia joan den 16an hasi zen, aurkeztu zuten egun berean. Egitarauarekin eta protokolozko hitzekin batera, musika egon baitzen, eta bertan jo zutenen artean, kalean ibiltzen diren hiru errumaniar oso ezagunak. Jatorrak gero, donostiarrak!

Baina notizia arratsaldean osatu zen: hirukote hori bera salatua izan baitzen kalean jotzeagatik! (anplifikazioa zela edo, badakizue; kokoteraino dago zenbait jende etxean lasai eta isiltasunean –edo berak diseinatutako zaratan– egon ezinean). Gero eta uda luzeago baten fenomenoa, hainbat lekutan. Ez dakit goizeko propinak eta arratsaldeko isunak musikariak pare utziko zituen… (ikusgarria, bestalde, nola desagertu den gertakari hau saretik!).

Giza uholdeak eta musika.
Donostiako Jazzaldiarena udako musikaldien eztandaren adibide bat baino ez da; azkeneko urteetan 100.000 entzuleen kopurua erraz gainditzen omen du: 2011n 115.000, 2012an 122.000, iaz 155.000… (beti, antolatzaileen arabera; poliziak, kasu honetan, ez du kontrainformerik argitaratzen). Eta hemen, tabernekin bezala, zenbat eta jende gehiago barruan, orduan eta jende gehiago sartu nahian. Uda betea, festak nonahi, musika gainezka. Baina, zein leku du musikak honetan guztian? Eta musikariek?

Jazzaldia

Zurriolako hondartza jendez lepo, iazko Donostiako Jazzaldian. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Musika, “musikariek egiten duten hori” bezala ulertzen badugu, leku txikia dela esango nuke (antzinako gudarosteetan gaiteroak edo tronpetariak zutenetik gertu). Eta daramagun ibilbidean, non teknologiak gero eta garrantzi handiagoa duen, gero eta leku txikiagoa. Musika gorputzak sortzen duen zerbait da; ahotsak lehenik, mugimendu erritmikoak… Eta teknologiak betidanik lagundu izan du gorputza, instrumentu musikalen bitartez. Baina gauzak zeharo aldatu ziren XX. mendean, irratiaren eta soinu grabaketaren garapenarekin. Ibilbide luze samar bat duen edozein musikarik konta lezake zerbait honi buruz, hamarkada batean edo bitan aldaketa asko gertatu baitira (oso gomendagarria,  ildo honetan David Byrne-ren 2012ko How Music Works liburua, gaztelaniaz aurten argitaratua).

Hau zioen irakurri berri dudan artikulu batean, Espainiako programatzaile batek: “Egun, Glastonbury-ko jaialdiak (Ingalaterra) markatzen du tendentzia, eta han egin duten galdeketa baten arabera, jendeak bertan bilatzen duena ondo pasatzea da, txispatzea, ligatzea… azken lekuan zegoen ia musikarekiko interesa… Londreseko dozena erdi bat agentek diseinatzen dute nortzuk izango diren aurtengo kartel-buru eta zein preziotan”. Antzeko inpresioa jasotzen dut gurean egiten diren musikaldi gehienen partaideak ikusterakoan: punta-puntan dauden talde edo kantariak lehen; bigarren mailako zenbait, bertako lagunak eta, azkenik, kaleko errumaniarrak. Musikazaleak tentuz mugitu behar du ur horietan; bestela, galdu dezake onena eta dezente nekatu bere burua jende uholdean.

Ernst Reijseger, adibidez.
60 urteko musikaria Werner Herzogen hainbat dokumentalen soinu bandaren konpositore eta biolontxelo interprete gisa ezagutu nuen, eta txundituta utzi ninduen. Iazko Jazzaldiaren hirugarren mailako programaketan sartua ikusi nuenean, irrikaz nengoen hura zuzenean entzuteko. Biolontxeloa hainbat eratara jotzen du, ahotsari lotua batzuetan: modu klasikoan (arkuarekin edo behatzez pultsatua), gitarra gisa (gitarraren teknika erabiliz) eta perkusio instrumentu aberats modura (ez diot Maite Arroitajauregi-Mursegori ezer deskubrituko).

Hondartza ondoko eszenatoki txiki horietako batean jotzen zuen, doan, Harmen Fraanje pianoan eta Mola Sylla kantari kideekin. Kontzertua sekulakoa izan zen. Dozena bat lagun geunden lurrean iltzatuta; gainontzekoek ez zuten pieza bat baino askoz gehiago irauten. Ondoan, hondartza gainezka eta jende uholdea batetik bestera. Behin baino gehiagotan pentsatu nuen musikari handi haiengan: bere zereginari emanak ziruditen, gozatzen, gutako batzuk bezala. Jendearen joan-etorria ikusiz, oso gutxi ginen, antza.

“Itsu dagoen” musikaria.
Bere aurrean hainbestetan pasa ondoren, ezin izan nion eutsi argazki bat ateratzeari. Itsumutilak Donostiako zubiren baten erdian uzten du egunero, txanponentzako pote berezia txorkatilari kateatu (lapurreten aurka pentsatua) eta itsu-eskaleek hainbatetan izan duten lanbidea betetzeko. Errumaniarra dirudi honek ere, eta kartela idatzi dionak ez ditu nonbait gaztelaniazko “estoy ciego” (itsu nago) eta “soy ciego” (itsua naiz) bereizten; hizkuntzaren txantxa argigarriak. Baina txantxa edo ez, beren lanaz baliatzen den muntaia erraldoien aurrean musikariek berek eduki beharreko jarreraren irudi gardena egiten zait. Musikariek itsuarena egin behar baitute programatzaile, agente, manager eta negozio-gizon marrazoen artean.

Sin título

Donostiako zubi batean jo ohi duen musikari itsua. (Juan Gorostidi)

Ailegatuko da ilunabarra, itzuliko da itsu-mutila, kontatuko dituzte txanponak –pentsioa eta afaria ordaintzeko lain ote– eta, halaz guztiz ere, melodian barneratuko da zenbaitetan, haize fereka aurpegian edo usainen sinfoniaren barnetik.

Aezkoatik Itsasura.
Jende uholdetik urrun ibili nahi badugu, halere, badugu aukerarik musikak beste leku bat betetzen duen jaialdietara hurbiltzeko: Aezkoako Orbarako Malkei festibalera, adibidez, edo urteroko, Itsasuko Errobiko festibala gozatzera.

Beñat Achiaryren lagunek temati jarraitzen dute Itsasurako gonbitearekin: eguna pasa joan gaitezke bertara (baita egun gehiagorako, kanpin-denda hartuta ere), zahar eta gazte, umeak barne, zenbait musikari harrigarriren zuzeneko lana dastatzera. Aurten, 80 urte betetzear dagoen “>Michel Portal baionarra itzuliko da, maila batetik aurrera konparazioak beti gorrotagarriak badira ere, askorentzat Europako saxo jotzailerik handiena. Beste mutur batean, Francisco Contreras, El Niño de Elche, zenbaitentzat flamenkoaren etorkizuna, lehen aldiz Euskal Herrian. Eta horrekin guztiarekin Xiberoako kantariak (Amaren Alabak, Maddi Oihenart edo J.M. Bedaxagar tarteko) eta Gerezien denbora pastorala, Baionara hurbiltzerik izan ez zutenentzat.

Aipu bat, amaitzeko.
“Dena politikoa denean, orduan heltzen gara destino gisa ulertua den politikaren akaberara; politika, kultura gisa ulertzeko hasierara, eta berehalako kultura politiko horren miseriara.

Dena kultura bihurtzen denean, kultura bera, destino gisa, amaitzear da. Orduan, politika gisa hartzen da kultura, eta horrekin hasten da politika kulturalaren miseria” (Jean Baudrillard, 1983, Les stratégies fatales).

(Geu denok 68ko kume garenez –baita orduan jaio gabeak ere–, baina oso bereziki geure kultura programatzaileak, beraiei bereziki dedikatua.)

ETIKETAK:Amaren AlabakBeñat AxiariErrobiko FestibalaJaialdiakJean Mixel BedaxagarMaddi OihenartMursego