Musika

badok

2020.06.05

badok

Astea laburrean #1

Hainbat disko kaleratze, datozen hilabeteetarako lan berrien eta kontzertuen iragarpenak eta heriotza bat izan ditugu, besteak beste, aste honetan. Horiek eta beste batzuk jaso ditugu hemendik aurrera ostiralero zabalduko dugun Astea laburrean albiste bilduman.

- MONTAUK taldeak bere desegitea iragarri du. “Batzuetan muga batera iristen zara. Honaino iritsi da gurea. Orain muga berrien bila. Eskerrik asko”. Sare sozialetan zabaldutako hitz horiekin agur esan du, sei urteko ibilbidea egin eta gero, Beñat Goitiaren inguruan eraturiko Gasteizko taldeak. Bi disko utzi ditu: Bilaketan (2016) eta Geruzak (2018). Hemen entzun ditzakezu biak.

Montauk berria

Sei urte iraun du Montauk taldearen ibilbideak.

- LUKIEK taldeak “Bi polar eztabaidan” abestiaren bideoklipa zabaldu du. Mungian (Bizkaia) grabatuta dago, konfinamenduaren aurretik emandako azken kontzertuan.

- KKORG: KKOPU (aka Tzesne) eta Ibon RG musikariak batu dira KKORG izenpean. Batak besteari erositako Korg sintetizadorea dago proiektu honen abiapuntuan; izan ere, egunen batean tresna horrekin bakarrik disko bat grabatzeko ideia bururatu zitzaien. Bakoitzak hogei minutu inguruko pieza bana sortu du eta Burgosko (Espainia) Crystal Mine zigiluak argitaratu du kasete formatuan.Hemen entzun dezakezu.

- ABAUNZ izeneko proiektu elektronikoaren atzean Xabier Bastida Uzin azkoitiarra dago. New Yorkeko Jollies zigiluak atera du haren lehen diskoa, Ilunpean arnas hotsa entzuten, kasete formatuan. Hemen entzun dezakezu.

Abaunz azala

‘Ilunpean arnas hotsa entzuten’ diskoaren azala.

- HILOTZ  metal hirukoteak uda ostean bigarren diskoa argitaratuko duela iragarri du. Aske izango du izenburu eta Maldito Records zigiluak plazaratuko du irailaren 15ean. Xabier Sagastak egindako azala eta kantu zerrenda aurkeztu ditu taldeak.

Hilotz aske

Xabier Sagastak egin du Hilotzen bigarren diskoaren azala.

- LEPORA taldearen lehen diskoa plataforma digitaletan jarri dute entzungai. Gasteizko hainbat taldetan ibilitako musikariek (Tutan Come On, Same Old, Libe, Bronze…) osatzen dute proiektu berri hau. Bonberenea Ekintzak zigiluak atera du diskoa, CD eta LP formatuetan, eta hemen entzun dezakezu.

- BRAULIO taldeak bere lehen EPa kaleratu du. Norman taldean ibilitako Kepa Arakistain (gitarra eta ahotsa) eta Alex Ariznabarretak (baxua) eta Ezbaian taldeko Ruben Bernedok (bateria) osatzen dute eta Inoren Ero Ni edota The Drones taldeen eraginak dituzten lau kanta jaso dituzte estreinako lanean. Hemen entzun dezakezu.

Braulio EP azala

Lau kantu biltzen ditu Braulioren lehen EPak.

- EZIN IZAN taldeak Zarauzko Putzuzulon emandako kontzertu baten grabazioa Bandcamp plataforman jarri du Zaratazarautz kolektiboak. 2015ean Putzuzuloren 10. urtemuga ospatzeko eskainitako emanaldiaren grabazioa da. Hemen entzun dezakezu.

- ANARI eta THALIA ZEDEK kantariek partekatutako singlea hilaren 19an iritsiko da online denda eta plataforma digitaletara. Anarik kantari estatubatuarraren “Ladder” abestiaren euskarazko bertsioa grabatu du, eta Zedek-ek berriz, “Harriak” abestiaren ingelesezko moldaketa abestu du. Informazio gehiago hemen.

ANARI THALIA 1

Thalia Zedek eta Anarik Bonberenean grabatu dute singlea, Anariren musikariekin.

- CARLOS CEBRIAN musikaria hil zen asteazkenean, ekainak 3, ELA gaitzak jota. Lili Moon taldea sortu zuen Mendaron (Gipuzkoa), 90eko hamarkadan, eta ondoren Uler 600, Andrakan eta Munlet taldeetako kidea izan zen. Halaber, Gararock jaialdiaren antolatzaileetako bat zen. 48 urte zituen.

Carlos Cebrian

Carlos Cebrian (1971-2020).

- EÑAUT ELORRIETA izango da konfinamenduaren ostean Bilboko Arriaga antzokiak ateak berriz irekitzeko prestatu duen egitarauan parte hartuko dutenetako bat. Jendearen aurreko kontzertua eskainiko du uztailaren 23an, baina emanaldi horretarako aforoa mugatua izango da eta derrigorrezkoa izango da eskuak garbitzea eta musukoa erabiltzea. Sarrerak dagoeneko eros daitezke Arriaga antzokiaren web orrian.

- IZAKI GARDENAK-ek streaming bidezko kontzertua eskainiko du ekainaren 14an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Kulturak bakarrik salba dezake herria ekimenaren barruan. Ez da ohiko emanaldi bat izango, kontzertua prestatzeko taldeak egonaldi artistiko bat egingo baitu aretoan bertan eta kanta berriak konposatu ditu. Emaitza arabatu.com webgunean ikusi ahal izango da, 21:00etan hasita.

ETIKETAK:AbaunzAnariAndrakanBraulioCarlos CebrianEñaut ElorrietaEzbaianEzin IzanHilotzIbon RGIzaki GardenakKKORGLeporaLibeLukiekMontaukNormanTutan Come OnTzesneXabier Sagasta