Musika

badok

2020.06.12

badok

Astea laburrean #2

Oraingoz gutxi batzuk baino ez dira, baina zuzeneko emanaldiez berriz gozatzeko atea zabaldu da hiru hilabeteren ostean. Asteak eman duen albiste nagusietako bat izan da. Hori eta beste batzuk bildu ditugu ondorengo albiste katean.

- ZEA MAYS taldeak emango dio hasiera gaur, ostirala, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko egitarau berriari. Hiru hilabete igaro dira COVID-19ak zuzeneko emanaldi guztiak bertan behera uztera behartu zuenetik. Donostiako antzokia izango da ateak irekitzen lehenengoa, eta datozen asteetarako beste hiru emanaldi antolatu ditu: McEnroe (ekainaren 21ean), Gaztea maketa lehiaketako finala (ekainaren 25ean) eta Lou Topet (ekainaren 28an). Gaur ere irekiko dituzte ateak Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Bilborock aretoak, Raitx eta Amaia Miranda eta Verde Prato-ren kontzertuekin, hurrenez hurren. Bestalde, Izaki Gardenak taldeak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko du igandean, 21:00etan. Streaming bidezko kontzertua izango da, arabatu.com atarian.

-’KAOSA EUSKAL HERRIAN’ bilduma plazaratu du Tough Ain’t Enough zigiluak. Euskal Herriko oi! eta punk eszenaren 25 taldek hartu dute parte proiektu horretan. Binilo bikoitzeko formatuan argitaratu da diskoa. Hemen entzun dezakezu.

Captura de pantalla 2020-06-05 a las 08.42.43

‘Kaosa Euskal Herrian’ bildumaren azala.

- BIDEHUTS kolektiboak bere katalogo osoa Bandcamp plataforman entzungai jarri du aste honetan. Horren ondorioz, Lisabö taldearen diskoak lehen aldiz entzun daitezke plataforma digital batean. Guztira 52 lan argitaratu ditu Bidehutsek 2007tik hona; azkena, Anari eta Thalia Zedek kantariek elkarrekin ondutako singlea izan da, zeina dagoeneko entzun daitekeen hemen.

Anari Zedek azala

‘cOUPAGES’ sailaren laugarren alea da Anari eta Thalia Zedekena.

- BAKELITE bikoteak —Sergio Llanos eta Naiara Anasagasti— kantu berri bat plazaratu du, Azeriak diskoa kaleratu zuenetik zazpi urtera. Taldearen ohiko soinuari —perkusioa eta gitarrak— sintetizadoreak eta elektronika gehitu dizkiote pop airedun abesti berrian. Hemen entzun dezakezu.

Bakelite Zain

Bakeliteren abesti berria da “Zain”.

- EN TOL SARMIENTOren abesti berria ezagutu dugu aste honetan. Azken hilabeteetako konfinamenduan gogoan izan dugun jendeari eskaintzeko abestia da “Zurekin batera”, eta Arrigurik egindako bideoklip batez lagunduta zabaldu du taldeak.

- ZTAH metal taldeak prest du disko berria, Aska nazazu. Azala eta kantu zerrenda ezagutzera eman ditu, baita diskoari izena ematen dion abestiaren zati bat ere. Taldea boskote bihurtu da, Bruno gitarrista berriarekin.

- AMORANTE da uda ondoren diskoa argitaratuko duen musikarietako bat. Forbidden Colours zigiluak argitaratuko du eta aurrerapen gisa, “Ama hil zaigu” abestiaren bideoklipa estreinatu dugu aste honetan. Mikel Laboak Joxean Artzeren hitzekin egindako kantu ezagunaren moldaketa da.

- ERABATERA proiektua ere aurrera doa. Gaizka Salazar bateria jotzailearen inguruan sortutako taldeak udan grabatu nahi du bigarren diskoa, eta iragarri duenez, “bizipozari” abestu nahi diote lan horretan, “ospatzeko modukoak begitantzen zaizkien ekintzei, esaterako, amets egin eta ametsak egi bihurtzeari, ume baten jaiotzari, musikak eragiten duen kemenari edota naturarekiko dugun atxikimenduari”. Asmo horren lagin gisa, “Amets egin” abestiaren bideoklipa aurkeztu du.

- MIHISE taldearen lehen diskoa ezagutzen hasi gara aste honetan. Usurbilgo (Gipuzkoa) hirukoteak ‘Kronik@’ izenburuko lana plazaratuko du datozen egunetan eta bertatik ateratako singlea estreinatu dugu, “Besterik ez” abestia. Hemen entzun dezakezu. Kronik@-k hamar abesti biltzen ditu eta “disko kontzeptualen markoa” du, Imanol Ubeda musikariak diskoaren promozio orrian idatzi duenez. Haren hitzetan, hau aurkituko dugu diskoan: “Erritmo jostariak eta hard kutsuko armoniak, taupadak hipnotikoak eta pasarte aratzak, geruza ilunak eta ostarte melodikoak, teklatuen psikodelia eta noise gitarrak… Polikromia bat oihan beltzean”.

ib_mihise_web_04

Mikel Olasagastik, Beñat Urteagak eta Antton Aranburuk osatzen dute Mihise.

- OMAGO taldeak aurki argitaratuko duen lehen diskoaren bigarren singlea zabaldu du, “Hitzik esan gabe”. Aitziber Omagogeaskoa abeslaria buru duen hirukotea da Omago, iaz EP bat kaleratu zuen eta aurten lehen lan luzea plazaratuko du. Abesti berriaz zera dio taldeak: “Askotan ezer esan gabe ere susma dezakegu zer gertatu den edo nork egin duen zer. Leiho batetik begiratuko bagenu ezer entzun gabe, jakingo genuke zer gertatzen den gure inguruan. Hitzak, zeinbait kasutan, soberan daude”. Hemen entzun dezakezu.

Captura de pantalla 2020-06-12 a las 08.13.28

Omagoren single berria da “Hitzik esan gabe”.

- KALEKO URDANGAK laukoteak EP berria kaleratu du. Kaleak sutan du izenburu eta hiru abesti biltzen ditu: “Kalean sutan”, “Zipaio” eta “Boga-boga”. Hemen entzun dezakezu.

Kaleak sutan

‘Kaleak sutan’ EParen azala.

- FERMIN MUGURUZAk bat egin du #CAFJaitsiZaitezIsraelenApartheidarenTrenetik kanpainarekin eta Peter Tosh-en “Stop that train” abestiaren moldaketa bat grabatu du Sr. Wilsonekin. Euskal enpresak Jerusalengo tren berria eraikitzeko proiektuan parte hartzeari uko egitea da kanpainaren helburua.

- SUA da konfinamendu garaia kanta berriak sortzeko baliatu duen beste taldeetako bat. “Hormak apurtzea” da horren adibidea. “Kanta honekin, irudimenari esker fisikoki egon ezin garen lekuetan egoteko aukera aldarrikatzen dugu. Hori izan baita momentu askotan, lau horma artetik irtetzeko aukera bakarra”, azaldu du taldeak.

ETIKETAK:AmoranteAnariBakeliteBidehutsEn Tol SarmientoEraBateraFermin MuguruzaForbidden ColoursIzaki GardenakKaleko UrdangakLou TopetMihiseOmagoSuaZea MaysZtah