Musika

badok

2021.01.22

badok

Astea laburrean #21

HESIAN taldeak hamabost urteko ibilbideari amaiera eman dio. “Hasiera guztiek bere amaiera dute eta, orain, guri, kantuz, izerdiz, maitasunez, borrokaz, barrez eta malkoz jositako istorio honi amaiera ematea dagokigu”, adierazi du sare sozialetan zabaldutako ohar batean. Sakanako (Nafarroa) taldeak urtarrilaren 9an eman zuen bere azken kontzertua, Bilboko Santana 27 aretoan. Ordurako taldea desegiteko erabakia hartua zuten. “Hau ez zen imajinatzen genuen amaiera”, aitortu dute, “baina errealitateak nahi baino gehiago lotzen eta mugatzen gaitu. Tristuraz beteta jakinarazi nahi dizuegu ezingo dugula merezi duzuen eta nahi genuen despedidarik egin”.

Hesian zuzenean

Zortzi disko argitaratu ditu Hesian taldeak. (Gaizka Peñafiel)

EMON bueltan dator. Lau urteko etenaren ostean, kantu berri bat grabatu du taldeak eta itzulerako kontzertu bat iragarri du, noiz eta non izango den zehaztu ez badu ere. Azken diskoa 2014an atera zuen Emon-ek, Sua (Baga-Biga).

Emon 2021

Itzuleraren berri emateko taldeak zabaldutako argazkia.

LIHER taldeak Hemen herensugeak daude diskoan jasotako “Zulo bat gehiago” abestiaren bideoklipa plazaratu du. Arrigurik zuzendu eta Galapanek ekoitzi du ikus-entzunezko lan ederra. Gaur Zumaian eta datozen asteetan Lezon, Gernikan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen joko du talde donostiarrak. (ikusi kontzertuen agenda)

DIABOLO KIWI taldeak bere lehen disko luzea grabatu du. Mungiako (Bizkaia) Magic Box estudioan egin du, James Morgan soinu ekoizle eta teknikariarekin. Besteak beste, Belako, Urgatz eta Zea Mays taldeekin lan egin du Morganek.

Diabolo Kiwi eta James Morgan

Diabolo Kiwi taldeko lau kideak eta James Morgan, Magic Box estudioan.

MAITE ARROITAJAUREGI ‘MURSEGO’Espainiako zinemaren Goya sarietarako hautagai izendatu dute, jatorrizko musika onenaren atalean, Aran Callejarekin batera Akelarre filmerako sortutako soinu bandarengatik. Berriki argitaratu da filmeko musika biltzen duen diskoa eta osorik entzun dezakezu hemen. Goya sariak martxoaren 15ean banatuko dira eta Pablo Agueroren pelikulak bederatzi izendapen jaso ditu.

Captura de pantalla 2021-01-12 a las 09.45.08

Filmeko musika jasotzen duen diskoaren azala.

OLATZ SALVADOR kantari donostiarrak bere bigarren diskoa kaleratu du aste honetan. Aho uhal izenburua du eta Pablo Novoak ekoitzi du. Novoak ere parte hartu du musikari taldean, Ander Zulaika, Jagoba Salvador eta Mattin Saldiasekin batera. Salvadorri egindako elkarrizketa argitaratu dugu aste honetan, eta diskoa osorik entzun dezakezu hemen.

OS_3

Olatz Salvador abeslari donostiarra.

UNIDAD ALAVESA estudioan sartu da bere hirugarren diskoa grabatzeko. Aurreko biak bezala —Unidad Alavesa (2017) eta Martin Martin (2019)— Pottoko estudioan grabatu behar du taldeak lan berria, Fredi Pelaez musikari eta soinu teknikariarekin.

Unidad Alavesa berria

Unidad Alavesa hirugarren diskoa grabatzen hasi da.

ONKI XIN single bat grabatzen ari da Aieka estudioan (Hernani, Gipuzkoa), Peio Gorrotxategirekin. Antifa all stars izenburua du Fer Estricalla eta Zigor DZren proiektuaren lan berriak.

SUEDER taldeak abesti beri bat plazaratu du, aurtengo argitaratuko duen diskoaren aurrerapen gisa. Drama barik du izenburu Gernikako (Bizkaia) hirukotearen lan berriak, eta izenburu bereko singlea aurkeztu du plataforma digitaletan. Bost urte eman ditu Suederrek diskorik atera gabe.

GRISES taldeak “Galdu arte” abestiaren bideoklipa zabaldu du. Urrian Talismán disko berria aurkezteko Azpeitian eskaini zuen kontzertuan grabatua dago bideoklipa, eta bertan Jurgi Ekizak (Willis Drummond, Ekiza, EraBatera…) parte hartzen du, diskoan bezala.

ETIKETAK:Diabolo KiwiEmonGrisesHesianJurgi EkizaLiherMursegoOlatz SalvadorOnki XinSuederUnidad Alavesa