Musika

badok

2021.02.13

badok

Astea laburrean #23

→ MUSIKA BULEGOA SARIAK maiatzaren 19an banatuko dira Miarritzeko Atabal aretoan. Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 10 arte dago zabalik. Bostgarren urtez antolatu ditu Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak sari hauek, “Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren zein euskal musika sektoreko musikari eta gainontzeko eragileen kalitatea aitortueta publikoa eta jendartea orokorrean aipatu kalitateaz jabetzeko” helburuarekin.

Musika Bulegoa sariak 2020

Iazko sariak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan banatu zituzten, urrian.

ERABATERA taldeak Izpi galdua izenburuko lana argitaratuko du martxoaren 4ean. Arrazolako Zumela baserrian grabaturiko sei abesti biltzen ditu, eta horietako bat, “Orbela”, zeinean Andoni Basterretxeak (Delirium Tremens) kolaboratu duen, otsailaren 18an zabalduko dute bideoklip batez lagunduta. Gaizka Salazar Gatibu taldeko bateria jolearen proiektua da EraBatera, eta haren inguruan bildu ditu beste zenbait taldetako musikariak: Jurgi Ekiza (Willis Drummond), Beñat Serna (Ken Zazpi) edota Miguel Moyano (Gari & Maldanbera), esate baterako.

EraBatera Izpi galdua

Ramon Zabalegik egin du EraBateraren disko berriaren azala.

DON INORREZ, Imanol Ubedaren bakarkako proiektua, lan berri batekin itzuliko da otsailaren 25ean. Esku hutsik du izenburua eta aste honetan “Barre ala negar” kantua ezagutu dugu. Lan berrian Mugiro bila lehen diskoko power-pop ildora itzuli da Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetako kide ohiaren proiektua. Orduko formula errepikatu dute, hain zuzen ere: Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatu dituzte hamar kantu berriak, El Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia), eta musikari talde bera izan du alboan Ubedak: Karlos Aranzegi (bateria eta perkusioa), Jacob Reguilon (baxua eta teklatuak) eta Paco Loco (gitarra, teklatuak eta hotsak).

TOC taldeak Zidazun disko berriaren aurresalmenta ireki du, martxoaren 9a bitartean, zidazun.aurresalmenta@gmail.com helbide elektronikoan. Mungiako laukoteak diskoaren beste abesti bat aurkeztu du aste honetan, “Ez” izenekoa.

→ APURTU taldearen Harian diskoa (2009) biniloan berrargitaratu du Malmai Records zigiluak. Orain arte CD formatuan baino ez zegoen Irungo hirukotearen lan hori, baina ale guztiak salduta daude aspaldi.

Apurtu Harian

→ GURE AHOTSAK jaialdia egingo dute martxoaren 7an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Emakume musikariak ikustaraztea da martxoaren 8ko ekitaldien inguruan sortutako jaialdiaren helburua. Aurtengoa hirugarren aldia izango da eta bertan parte hartuko dute La Basu rap abeslariak, Idoia Asurmendi kantautoreak eta Matilda eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek.

La_Basu_abeslaria

La Basu da aurtengo Gure Ahotsak kontzertuan parte hartuko dutenetako bat.

GUDA DANTZA taldeak lan berriaren aurrerapen abestia aurkeztu du. “Pizten doa” abestian funk eta disco doinuetan murgildu da Uribe Kostako (Bizkaia) taldea. Iker Maguregi taldekideak zuzendutako bideoklip baten laguntzaz plazaratu du abestia. Urtzi Izak eta Eneko Ajangizek ekoitzi dute diskoa eta Baga Biga diskoetxeak argitaratuko du.

→ VERDE PRATO abeslariaren lehen diskoa kaleratuko du aurki Madrilgo Plan B Music zigiluak. 2019an formatu digitalean kaleratutako grabazioan jasotako zenbait abesti bilduko ditu diskoak, baita kanta berriak ere. Horietako bat da “Lagunen kanta”, aste honetan Aitor Gametxok zuzendutako bideoklip baten bidez ezagutzera eman duen abestia. Verde Pratok Oñatiko Beratu jaialdian aurkeztuko du diskoa, martxoaren 21ean.

→ ORBAIN UNIT taldeak prest du bere bigarren lana. Xerai izenburua du eta martxoan kaleratuko da bi formatutan. Gnowot Records zigiluak argitaratuko du CDa eta Crystal Mine-k kasetea. Aurrerapen gisa, “Powerhouse” estreinatu dugu gaur, inprobisaziotik abiaturiko 15 minutuko alea.

→ LEKUEK ETA BERATU jaialdiek aurtengo datak iragarriko dituzte. Gernikako hitzordua martxoaren 13tik 21era bitartean izango da eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Rüdiger, Labana, Vulk, Elle Belga, Feline, Azken Sustraiak eta Aiama & Aneguria taldeek. Beratu jaialdia Oñatin egingo da martxoaren 19tik 21era, eta honako egitaraua izango du: martxoaren 19an, Markak eta Habia, Santa Ana aretoan; 20an, Anna Andreu eta Valls & Band, Santa Ana aretoan; eta 21ean, Aitor Etxebarria, Lazarragako lorategian, eta Verde Prato, gaztetxean.

ETIKETAK:ApurtuBeratuDon InorrezEraBateraGernikako LekuekGuda DantzaGure AhotsakMusika BulegoaMusika Bulegoa SariakOrbain UnitTOCVerde Prato