Musika

Gorka Erostarbe

2017.08.28

Gorka Erostarbe

Ertzetatik datoz ereserkiak

Musikarekin lotura estua dute zortziek. Azken hamarkadako euskal musikaren bilakaerari eta egungo egoerari buruz giltzarri batzuk emateko, hiru galdera egin dizkie BERRIAk. Honekin amaituko da egungo euskal musikaren erradiografia bat egiteko saioa. 

GALDERAK 
Mugimendu eraldatzaile bat behar du euskal musikak, zenbaitek aldarrikatu bezala, ala hasia da dagoeneko, ia oharkabean bada ere?
2. Hala bada, zein dira azken urteetako —2010eko hamarkadako— eraldaketa horren ezaugarri edo faktore nabarmenenak?
3. Frontwoman / frontman eta ereserki berriak falta dira, zenbaitek esan bezala, ala ez? Zein dira?

RAFA_RUEDA
RAFA RUEDA Musikaria (Mungia, Bizkaia, 1972)

“Egungo gizartearen abiadurak beharrezkoago egiten ditu eztandak”

«Euskal musika aldiro ari da eraldatzen, baina astinduak ez daude sobera. Egungo gizartearen abiadurak beharrezkoago egiten ditu eztandak; bizirik egotearen erakusgarri dira. Teknologiak mundu osorako ateak zabaldu dituen honetan, globalizazioari aurre egitea da erronka». 

2 «Gero eta emakume gehiago ikusten da, nahiz eta lan handia dagoen oraindik egiteko. Estetikoki inoizko zabalena izanik, rapak sekulako gorakada izan du, eta, hizkuntza aldetik, nabaritu dut sortzaileen jarrera aldatu egin dela. Gero eta sarriago agertzen da hizkuntz aniztasuna talde zein bakarlarietan». 

«Erreferente berriak badira, eta ereserki izan daitezkeen kantuak ere bai, baina ez gara konturatzen. Ezinbestekoa da gizartearen eta musikaren arteko harremana berrikustea; gurean, hizkuntzaren prestigioarekin eta ikusgarritasunarekin erabat loturik. Uste dut astindu bat eman beharko litzaiokeela gazteen eta musikaren arteko harremanari ere». 

Eneritz Furyak
ENERITZ FURYAK Musikaria (Irun, Gipuzkoa, 1993)

“Entzule arruntaren belarrietara ez da beti heltzen gertatzen ari dena”

«Euskal musikan gauza asko gertatzen ari dira, baina entzule arruntaren belarrietara ez da beti heltzen gertatzen ari dena, dela entzule arruntaren profila pasiboa delako —ez da musika bila ibiltzen: heltzen zaiona soilik entzuten du—, edo musikariok ez dugulako asmatu garai berriotan entzule horiengana heltzen. Hori aldatu nahi badugu, zerbait egin beharko dugu. Ordea, zerbait hori ez dugu zertan iraganeko moldeen errepikaketan oinarritu. Indarrak batuko baditugu edota iraultza txikiren bat gertatuko bada, oraindik aurreikusi ezin dugun edo dagoeneko esku artean dauzkagun tresnen bidez gertatu beharko du; edo hala nahiko nuke nik behintzat». 

«Azken urteotako joeraren ezaugarria ñabartasuna da. Proiektu komertzialago edo mediatiko gutxi batzuk ateratzen dira azalera, baina, atzean, gero eta beldur gutxiago dago munduan egiten diren estiloak jotzeko, emakume gisa taula gainera igotzeko, edo bestelako proposamen sozial edo artistikoak musikarekin harremanetan jartzeko. Ñabartasun horrek desabantailarik baldin badu, zera da: norbera bere ingurune txikian bizi da, eta gero eta zailagoa bihurtzen da ondoan zer gertatzen ari den jakitea; are zailagoa, norbere mundu horretatik urrun geratzen diren proposamenetara zubiak eraikitzea. Agian, hori da gakoa, zubi horiek eraikitzea». 

«Mundu osoan gertatzen ari da; ikono zirenak hiltzen ari dira, eta haien tamainako gero eta gutxiago daude. Egungo izarrak gugandik gertuago daude; antzeko zerbait gertatzen da ereserkiekin ere. Hori paradigma aldaketa baten seinale da, eta ez dakit zergatik tematu beharko genukeen geuk hiltzen ari den artea ulertzeko modu bat bizirik mantentzeko lanetan. Neuk, entzule gisa, ez dut sentitzen halakoen beharrik, baina batek daki». 

FRED BERRUET
FRED BERRUET Euskal Irratietako eta ‘Entzun’ aldizkariko kronika egilea (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1973)

“Euskal musika bizirik dago, agian inoiz baino gehiago”

«Euskal musika bizirik dago, agian inoiz baino gehiago. Mota guzietako taldeak ditugu. Talde berritzaileak ere bai. Bestalde, kalitatezko disko parrasta bat ateratzen da urtero, eta kontzertu anitz antolatzen dira. Ez dakit zentzurik izanen lukeen dinamika horri etiketa bat jartzeak. Hori bai, Euskal Herrian musikazaleen kopurua mugatua da, eta kontzertu horietako askotan jende gutxi egoten da. Erronketarik bat hor dugu. Musikazale sutsuak kenduta, orokorki jendea ez da aberastasun horretaz jabetzen. Komunikabideek zeregin handia dute horretan». 

«Uste dut eskaintza izugarri aberastu dela. Euskaraz kalitatezko trapa, americana, rock progresiboa, indie-popa edo afrobeata entzun dezakezu gaur egun. Teknologia berrien laguntzaz, autoekoizpenen kopuruak ere gora egin du. Gainera, sekulako diskoak grabatu dira azken urteotan, eta hori, parte batean, ditugun soinu ekoizleen meritua ere bada». 

«Ikurrak falta ditugula? Azeri zaharren ondoan (Fermin Muguruza, Gari, Txuma Murugarren…), Zaloa Urain, Jon Basaguren, Jurgi Ekiza, Gorka Urbizu eta halakoak badira. Ereserkiak eskas ditugula? Aldapan gora” eta Negua joan da ta” zer dira, ba? Kantu eder eta borobil anitz egiten dira, baina herriak bere egin behar ditu himno bilaka daitezen. Horretan ere komunikabideek lagundu dezakete». 

Ritxi_Aizpuru
RITXI AIZPURU Baga-Biga diskoetxeko arduraduna (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959) 

“Punkak, bere jarrerarekin segitzeko, feminismoa hartu behar du bidelagun”

«60ko hamarkadan Ez Dok Amairu, 80koan RRV (Euskal Rock Erradikala). Bi oldarraldi trinko eta bortitz. Lehenak alimaleko bultzada eman zion euskal identitateari. Bigarrenak, musikalki ez hain euskaldun izanik, autokudeaketaren pentsamendua eta punkaren jarrera askatzaileak ekarri zituen; Ez Dok Amairuk izan ez zuen ukitu libertarioa izan zuen, eta ideia politiko autonomoetatik edan zuen, eta kultura ofizial guztiekin talka egin, baita euskal ildokoarekin ere: okupazioa, gaztetxeak, irrati libreak… Josu Larrinagak horri punk mutazioa deitu dio Euskal Musika kosmikoak liburuan. Egun ezin gara erori nostalgia malenkoniatsuan. Oso ongi etorriko litzaizkioke euskal kulturari susperraldi politikoa eta kontrakulturala, baina botere ekonomiko eta politikoak ez du uzten noizbehinkako gune askatzaileak baino eraikitzen, edo, Hakim Beyren hitzetan, TAZak eraikitzen [Temporary Autonomous Zone]». 

«2000tik aurrera, gizartearen anomia politikoa orokortu egin zen, noizbehinkako salbuespenekin, eta ez kulturan eta musikan ez da agertuko mugimendu esanguratsurik. Tarteka, kantu batzuk zaletasunaren gailurretara igoko dira, eta mantenduko dira zaleen burmuinetan, baina ez da azalduko azpiegiturak mugituko dituen mugimendu kontrakulturalik. Singleen garaira igo gara. Igo, jaitsi, eta gehienak desagertu. Bolada interesgarriak daude, talde interesgarriak, baina uharteak dira itsaso zabalean. Baina eskerrak tarte horiek ditugula, gutxienez». 

«Ereserkiak urtetik urtera aldatuz eta gehituz doaz. Kantuen iraupena plaza taldeen eskutik dator. Berbenetako errepertoriotik eroritakoan, akabo. Hori da oraingo logika. Azken urteetan, lelo berri bat agertu da giro kontrakulturalean: punkak, bere jarrerarekin segitzeko, feminismoa hartu behar du bidelagun». 

Goizalde_Landabaso_
GOIZALDE LANDABASO Kazetaria (Bilbo, 1970)

“Totem zaharrak hil behar ditugu berriei leku egiteko”

«Esango nuke mugimendu eraldatzailearen beharra kulturak oro har behar duen zerbait dela, alegia, ez dela soilik musikaren beharra. Iruditzen zait iraganari gehiegi begiratzeko joera dugula, eta ondo letorkigukeela, aje zaharrak uxatzeko, aurrera begiratzen hasiko bagina eta, bide batez, arriskatzen hasiko bagina. Batzuetan, iruditzen zait porrotari izua diogula. Uste dut zenbait gauza berri egiten direla, baina, bestetik, egiten diren proposamen berri asko oso zaharrak iruditzen zaizkit». 

«Gustatuko litzaidake esatea oso eraldatzailea dela panorama, baina ez dut uste horrela denik. Rap musikan proposamen interesgarriak azaldu dira, baina oso minoritarioak, eta ez hainbeste. Emakumeen presentzia oraindik ere urria da, nahiz eta ahots interesgarriak dauden; hor dago, esaterako, Izaro. Gehiago begiratu beharko genieke Euskal Herriko iparraldean azaltzen ari diren mugimendu eta proposamenei. Beharbada, hortik etor daitezke eraldatzeak». 

«Argi dago frontwoman gutxi dagoela. Eta, agian, nire irudipena da, baina ez dakit frontman-ak bezain serio hartzen diren frontwoman-ak: beti dago nolabaiteko kondeszendentzia lauso bat. Eta ereserki berrien falta dugula nabarmena da. Izan ere, gure ereserkiak, gaur egun oraindik ere tabernetan entzuten direnak, oso aspaldikoak dira. Agian, totem zaharrak hil behar ditugu berriei leku egiteko». 

HEDOI_ETXARTE
HEDOI ETXARTE Idazlea (Iruñea, 1986)

“Musikako aferarik interesgarrienak bazterretan daude”

«Uste dut garai politiko interesgarriek fase artistiko interesgarriak zabaltzen dituztela. Hala izan da Europan azken bi mendeetan. Artea politikako dinamiken zordun izan da. Eta orain ez dago fase politiko interesgarririk EAEn. Zertxobait gehiago Nafarroan eta Iparraldean. Horren ondorioz, musikako aferarik interesgarrienak bazterretan daude: Bilbo Handian, Iruñerrian, Lapurdin». 

«Badira apustu berriak: Nizuri Tazuneri, Patrol Destroyers, 2zio, Zoo, The Sustraians, Broken Brothers Brass Band, Aneguria, Koban, Brindisi Nero, DJ Reimy». 

«Iruñerrian ereserki berriak egiten ari dira. “Geure gainetik” da adibide behinena, agian, baina bada “Auzo bizi onaren eskola” ere. Lehena “Joan da Yolanda” izan zen, eta ordutik Gumbo ibaiertzean” bezalakoak dira. Ereserkiak, noski, oso gauza lokal eta pertsonalak dira. Jende asko konbokatzen duten ereserkiek ez dute errealitate materialaz jarduten. Aipatu ereserkiak, gainera, taldean egin dira. Letren gainean eztabaidak izan dira. Ez ditu talde-talde batek haragitu. Bastardoak izan dira. Lanketa bat egon da. Ez artistaren arima. Funtzio sozial bat izan dute: ez-dakit-zer ospatzeko ala gaitzesteko behar ditugu. Azken ereserkia trap abesti bat da, oraintsu argitaratua; “Aldapan gora” du izena. Eta hiria izateko eskubideaz jarduten du, Iruñerriaz». 

Jon_Aranburu
JON ARANBURU Hala Bedi irratiko esataria (Alegia, Gipuzkoa, 1980)

“Mugimendu bat sortuta ere, ez gara enteratu ere egingo gainean izan arte”

«Inoiz baino gehiago ekoizten da, inoiz baino aukera gehiago eta zabalagoa daukagu euskal musikan, baina ez dut uste mugimendu eraldatzailetzat har daitekeenik. Eta ez dakit halako mugimendurik behar dugun ere. Mugimendu eraldatzaileak, izatekotan, gainera, ez dut uste modu kontzientean sortzen direnik normalean. Sortuta ere, ez gara enteratu ere egingo gainean izan arte». 

«Halako eraldaketa bat baletor, espero izatekoa litzateke aurrekoarekin apurtuko lukeen zerbait izatea; hori da gauza ziur bakarra. Gazte jendearengandik etorriko da, noski, eta ziur gutako askori ez zaigula gustatuko; eta hori seinale ona izango da». 

«Ereserkiak sortzen dira. Zer dira, bada, “Negua joan da ta” eta “Aldapan gora”? Fenomeno sozialak dira, eta kasualitatez-edo sortzen direla esango nuke. Halakoen beharrean gauden? Ez dut uste; izan ere, entzuteko moduak asko aldatu dira, eta ereserkiak eta izarrak ez dira lehen zirena». 

nahia zubeldia.jpg copia
NAHIA ZUBELDIA Musikaria (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1982)

“Talde interesgarri franko ikusten dut inguruan; bereziak, berritzaileak”

«Nik talde interesgarri franko ikusten dut inguruan, orotariko proiektuak, bereziak, berritzaileak! Ez dugu beti elkarren berri, baina uste dut ideiak ez direla falta! Duela guti, adibidez, Le Bukowskin jo genuen EHZren alde, eta afixako zerrenda izugarria iruditu zitzaidan: Anari, Amorante, Napoka Iria, Morau, Mursego, Jon Basaguren, Joseba B Lenoir, Pelax eta Trenor, Jon Gurrutxaga… eta Lumi. Eta bada bertzerik ere! Ez dabil gaizki euskal musika!». 

«Teknologiaren eragina eta presentzia ezin ukatuzkoak dira: looper-ak eta abar gero eta gehiago ikusten dira. Horrek jantzi berriak ematen dizkio euskal musikari. Guk, Lumin, soinu elektroniko anitz sartzen ditugu, Manuren sintetizadoreekin. Jostagarria da, zinez! Baina egiazko berritasuna, tresnak tresna, jende berriek dute ekartzen, nik uste, jende berrien begirada berriek: soinu elektronikoekin gauza arras zaharkituak sortzea ere erraza da!». 

«Lehen erran bezala, frontman eta frontwoman faltarik nik ez dut ikusten. Eta ereserki onenak oraino sortzekoak dira!».

(Berria egunkarian, 2017ko uztailaren 30ean argitaratutako artikulua, Egungo euskal musikaren erradiografia bat seriearen barruan)

ETIKETAK:Eneritz FuryakFred BerruetGoizalde LandabasoHedoi EtxarteJon AranburuNahia ZubeldiaRafa RuedaRitxi Aizpuru