2014.10.16
Kasernarat taldeak irabazi du Bartzelonako EH Sona jaialdiak antolatutako lehiaketa. Horren ondorioz, Zea Mays taldearekin Razzmatazz aretoan jotzeko aukera izango du azaroaren 21ean.
Irungo eta Errenteriako (Gipuzkoa) musikariek osatutako hirukote akustikoa da Kasernarat. Mikel A. Pedreño baxu jotzaileak eta Eneritz Dueso abeslari eta gitarristak sortu zuten, eta gero Ander del Sol bateria jotzailea batu zitzaien —gaur egun Tania de Sousa-ren taldeko kide da—. 2012n lehen diskoa kaleratu zuten, Kasernarat, eta 2013n euskarazko talde onenaren saria irabazi zuten Rockein! lehiaketan. Horri esker, “Inoiz izan ginena” kantua grabatu zuten 2014ko urtearen hasieran.
Joan den astean Elkar Estudioa Sesioak ekimenean parte hartu zuen Kasernaratek, eta ondorioz Hamaika Telebistan ikusi ahal izango da laster Elkar estudioan emandako kontzertua.
Urriaren 24an hasiko da EH Sona jaialdia, Lou Topet-en emanaldiarekin, eta abenduaren 6a arte iraungo du. Besteak beste, Su Ta Gar, Bide Ertzean, Eñaut Elorrieta, Kashbad, Balerdi Balerdi, Eratu, Mursego eta Ze Esatek! izango dira Bartzelonan jotzen.
1 IRUZKIN