Musika

Iñigo Astiz

2016.12.12

Iñigo Astiz

Kerobia zen, Anticontinente da

Kerobia taldeko kide berak dira, baina ez dira Kerobia: Anticontinente deitu dio bere proiektu berriari Xabi Fernandez Bandini abeslari eta gitarra jotzaileak, Mikel Zorrilla bateria jotzaileak, Mikel Isaba teklatu jotzaileak, eta Alberto Isaba baxu jotzaileak osatutako laukoteak. Bandinik dioenez, ordea, ezinezkoa da hutsetik hastea. «13 urte eman ditugu Kerobiarekin, eta markatuta genuen ildo bat, eta orain ez dugu hutsetik hasi nahi, baina oinarri berri bat jartzen saiatu gara». Sei kanta jarri dituzte oraingoz sarean salgai edo doan entzuteko moduan, eta abesti berriak sortu ahala joango dira www.anticontinente.eus webgunean jartzen.

ANTICONTINENTE

Alberto Isaba + Xabi Bandini + Mikel Zorrila + Mikel Isaba = Anticontinente.

«Ez dugu magiarik aurkitzen». Hitz horiekin eman zuen Bandinik Kerobiaren amaieraren berri, 2014an. Supernova izeneko proiektuarekin amaitu zuen 13 urteko ibilbidea Kerobiak, eta, hain justu ere, proiektu haren kontrapuntua da Anticontinente. Proiektu haren aurkako exorzismo ariketa bat, kasik.

Pintura, musika eta literatura uztartu zituen Kerobiak bere azken lan hartan, finantzaketa kolektiborako kanpaina baten bidez bildu zuten hura sortzeko behar zuten dirua, eta beren buruei mugarik jarri gabe aritu ziren estudioan, grabatzen ari zirena kontzertu batean zuzenean egin ote zitekeen kontuan hartu gabe. Eta nahi beste tresna txertatu zituzten, ondorioz. Anbizio handiko lana zen, eta pozik gelditu zen taldea emaitzarekin, baina baita erabat nekatuta ere. Eta neke horrek desegin zuen taldea, neurri handi batean. Justu kontrakoa egin dute oraingoan horregatik. Kontzertu batean jo ditzaketen tresnak bakarrik baliatu dituzte kantak sortzeko, eta sarean doan jarri dituzte abestiak hasiera-hasieratik. Sortu ahala, bota. Eta sarean bakarrik. Kanpainarik gabe. CDrik gabe. Euskarri fisikorik gabe.

«Jarrera nerabe bat izango da, agian», azaldu du orain, barrez, Bandinik: «Edo dena edo ezer ez. Aurreko lan hartan saiakera egin genuen ekoizpenean erabat libre jokatu eta grabatzen genuena kontzertu batean jo ahalko genuen ere pentsatu gabe; eta, oraingoan, zenbat esku ditugun, ba horixe joko dugu». Kontzienteki egin dute xume aritzeko hautua. «Lagunek eta ingurukoek esaten didatenean gure oraingo kantak politak direla, baina ez direla Kerobiarenak bezain inpaktanteak, irribarre egiten dut, ze hori da bilatu duguna: gauza xume-xume bat egitea, eta beste oinarri batekin hastea. Oinarri berri batekin».

“Lagunek esaten didatenean gure oraingo kantak politak direla, baina ez direla Kerobiarenak bezain inpaktanteak, irribarre egiten dut, ze hori da bilatu duguna: gauza xume-xume bat egitea”

Bandinik dioenez, beren asmoa ez da historia ezabatzea. Ezinezkoa dela dio, eta, gainera, ez dutela halakorik nahi ere. «Artistaren burutazioak dira, azken batean. Izena aldatu eta zuri iruditzen zaizu beste zerbait dela, baina jendeak ikusten zaitu, eta Kerobiakoa zarela esango dizu. Evaristoren kasua hor dago, berdin du zenbat talde egin dituen, Evaristo beti izango da La Pollakoa». Onartu du, halere: arrakasta duen talde bat desegin, eta izen berri batekin hastea ez da oso mugimendu komertzial ona. «Kerobian ibili garenok ez gara oso iaioak musikarekin dirua irabazten. Beti egin ditugu oso komertzialak ez diren gauzak».

Misterio pixka bat
Beren kasa grabatu eta nahastu dituzte orain arteko sei kantak. Lorentzo Recordsen masterizatu dituzte, baina beren etxeetan egin dituzte grabazioak. Eta aurrerantzean ere horretan aritzea da haien asmoa. «Urte asko daramatzagu grabazioak egiten, eta baditugu gutxieneko nozio batzuk».

Abisurik gabe jarri zituzten sarean abestiak ere. Sare sozialetan oihartzuna duten hiru pertsonari bakarrik eman zieten albistea. Taldeari buruzko informazio eta daturik gabe jarri zuten haiek sarean kanta baten aurrerapena, eta eguneko 1.000 bisita izan zituzten orrialdean lehen egun haietan. «Misterio pixka bat sortu nahi genuen, eta ongi atera zen».

Kerobiaren mundu onirikoa dute Anticontinenteren hitzek ere. Lurraren barruranzko bidaia bat, introspekzioa… Bandinik Lurraren zentrua” abestian kantatzen dituen hitzak horren adibide: «Lurraren zentruraino bidaiatu daiteke/ norbere barruko erdigunea aurkitu gabe,/ esan zuen begirada aseptiko batez,/ eta ondoren urrunean desagertu zen». Eta giro misteriotsu hori iradokitzen dute beste kantek ere. Baina Bandinik dioenez, izan da berrikuntza saiakerarik ere. «Orain arte Kerobiarekin egindakoak baino letra sinpatikoagoak egiten saiatu naiz kanta pare batetan, baina hor dago gure mundu hori».

Urtarrilean hasi nahi dute kontzertuekin. Areto itxietan aritzea da haien asmoa, eta eserita irudikatzen dute publikoa. Anticontinenteren kantak joko dituzte gehienbat, Epilogo proiekturako sortutako batzuk ere bai, baita Kerobiaren gutxi batzuk ere. Ordu eta laurden inguruko saio bat, aldiko. «Oraintxe ez dut neure burua ikusten Kerobiarekin ibiltzen nintzen bezala batetik bestera jauzika, baizik eta gauza lasaiago bat egiten». Bandinik dioenez, Epilogo izeneko proiektu paraleloan ohartu ziren horretaz taldekoak. Eserita eskaintzen zituzten saio horiek Kerobiakoek, akustikoan, eta giro lasaiagoan. «Kontzertuak beti izan daitezke daukazun energia guztia askatzeko momentu bat, baina Epilogo-rekin ikasi genuen leku txikietan, soinu gutxi batzuekin eta isiluneak ere errespetatuz izugarri goza daitekeela». Eta bide horretan sakondu nahi dute orain.

(Berria egunkarian, 2016ko abenduaren 9an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:AnticontinenteKerobia