Musika

Laboaren ibilia gaur bizitzeko

«Zaila da hitzak aurkitzea. Hainbeste dira oroitzapenak, eta hain gozoak, oso zaila da hitzez azaltzea bera joan zenetik dugun hutsunea». Goibel hasi zuen Anjel Valdes Elkarreko musika editoreak Mikel Laboa-ren lan argitaratu guztiak jasotzen duen kutxaren aurkezpena. Aldamenean zuen Mari Sol Bastida, Laboa zenaren emaztea. Hunkituta aritu zen hura ere, irri bati helduta ahal zuen guztietan. «Pertsona bizirik denean, eta publiko aurrean aritzen denean, Mikelek egin duen moduan lau hamarkada pasatxotan, lortzen du obra bere kabuz defendatzea; Mikelek hau modu sakon batean egin zuen. Baina gaur ez dago gurekin, eta zaila da bere lana mantenaraztea». Barrutik eskertuta agertu zen, hargatik, Laboaren lan guztiak batean jaso eta hala ezagutzera emateko aukeragatik. Gaurko egunez hil zen; gaur hamar urte.
Laboa Bastida kuxa

Mari Sol Bastida, Mikel Laboaren obra argitaratu guztia jasotzen duen kutxa eskuetan, Donostian. (Gorka Rubio / Foku)

Heriotzaren urteurrenak haren omenezko ekitaldiak ugaritu ditu azken egunotan, eta Valdesek bide horretan kokatu zuen Mikel Laboa: 1934-2008. Grabazio argitaratu guztiak kutxaren argitalpena ere. «Kantu guztiak biltzea eta jendearen esku uztea da gure omenaldia; baina ez gordetzeko, zabaltzeko eta ezagutzera emateko baizik». Hala, kutxa zerbait bada, «transmisiorako katebegi bat» da Valdesen begietara. Tradizioa ekartzeko zuen eragatik, «karramarro» batekin erkatu zuen Laboa gero: «Atzera begiratzen zuen; eta aurrera egiten zuen».

Ahots dardartiarekin eta tonu irmoarekin mintzatu zen Bastida; biak batean. Kutxan bildutako bederatzi diskoen eta dokumentalaren balioa nabarmenduz hasi zen. Baina, horiek baino gehiago, oharkabean igaro daitekeen elementu bat nabarmentzeko baliatu zuen aukera Bastidak: Mikel Laboa katedraren web orrira iristeko helbidea —www.mikellaboa.eus—, kutxaren atzeko aldean datorrena. Zehatzago, webeko Hemeroteka eta zenbait dokumentu atalari egin zion azpimarra: «Oso dokumentatuta dago, oso, eta uste dut badela benetan ezagutu behar den zerbait. Baita ia ezer jakinda, asko jakingo balute bezala hitz egiten dutenek ere, gehixeago dokumenta daitezen». Barkamenaren hurbileko hitzak segidan: «Sentitzen dut oldarkorra izan banaiz, baina hori da uste dudana».

Lau hamarkadei begirada
1960ko urteetan abiatu, eta hurrengo lau hamarkadetan Laboak egindako bidearen «laburpen bat» egiten saiatuko zela aurreratu zuen Bastidak. Eskuz idatzitako orri pare bat zituen aurrean, zeinak apenas begiratu zituen; memoriak ekartzen zizkion irudietatik tiraka aritu zen. Laboa ikasketengatik Bartzelonara joan zen garaitik hasi zen, non «musikaren eta medikuntzaren arteko batzea» hasi zuen. «Sinesten zuen horretan, eta nik ere sinesten dut», Bastidak. Han ezagutu zituen nova cançó eta Els setze jutges mugimenduak, Ez Dok Amairu-ren sorreran eragin zuzena izango zutenak. Lau lan grabatu zituen garai hartan, 1964-1969 artean: «Single deitzen dituzte, baina lau disko dira, bakoitza lau kanturekin», defendatu zuen Bastidak. 1969an egin zituen beste bi kantu ere aipatu zituen: “Baga Biga Higa”—«inork ez du hitz egiten honen eduki erotikoaz. Grazia egiten dit»—; eta “Txoriak txori”, «1970eko urteetan dagoeneko mundu guztiak kantatzen zuena». Lehen diskoa 1974an plazaratu zuen, Bat Hiru, baina aurreko hamarkadan argitaratutako kantuak ere jasota daude 60ak + 2 diskoan (2003).
Bere ibilbideko «gailurretako bat» 1972-1979 artean erdietsi zuen kantariak, Bastidaren ustetan. «Emanaldi mordo bat ematen zuen orduan, ez soilik Euskal Herrian, frontoiak leporaino betez, baita kanpoan ere». Usurbilekin (Gipuzkoa) «harreman estua» egin zuten orduan; bi familiekin, konkretuki, Artzetarrekin eta Zumetarrekin. Jose Luis Zumetak egin zituen Laboaren diskoen azalak hasieratik, eta bera arduratu da orain kutxaren diseinua ontzeaz ere. «Beti jakin du Mikelen unibertsoa irudietara ekartzen», Valdesek ondotik.

1979tik aurrera, Komunikazioa-Inkomunikazioa-rekin biran ibili ostean, agertokietatik atsedena hartuko zuela iragartzen ari zen Laboa, Bastidaren esanetan. «Atsedena hartu nahi zuen, nola itzuli pentsatzeko». 1984an itzuli zen, eta Iñaki Salvadorrekin hasi zen lanean, entzuleen artean zena atzo. «Entseguekin hasi zinetenean, oraindik ez zenituen 23 beteta, Iñaki», gogoratu zuen aratz, akorduan hartu zituen denekin egin zuen bezainbat. Laboarekin aritu ziren musikari saldoaren artean, bigarren bat nabarmendu nahi izan zuen Bastidak: Josetxo Silguero saxofoi jotzailea. «Azkenera arte egon zen Mikelekin».

Hurrengo hamarraldia, 1990ekoa, «mugimendu handikoa» izan zela datorkio Bastidari gogora. «Ordurako jaso zituen aitortza guztiak bermatzen du jende askorengana heltzen zela». Heldu entzuleengana, eta heldu askotariko musikariengana baita ere. Gernika-Zuzenean 2 (1999) da horren erakusgarri Bastidarentzat, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera emandako kontzertua jasotzen duena.

Musika «asko» zen Laboarentzat, baina ez dena. Beste diziplinekiko lilura ere ekarri zuen Gogora Bastidak, batik bat, antzerkiarekikoa. Eta hor beste bi bidelagun: Mireia Gabilondo eta Sevillako (Espainia) Atalaya konpainia. Zinemagileekin izandako hartu-emanak ere aipatu zituen, gero eta azalekoagotik. «Ez naiz luzatuko» errepikatuz, eta esan gabe esanez, zenbat uzten zuen esateko esangabeko bakoitzaren atzean. «Hasierara itzultzen naiz: Mikel gure klasiko bat da. Bertsioek eta lan berriek osatu egiten dute; baina jatorrizkoaren ezagutzarik ez badago, ez dugu transmisiorik lortuko».

ETIKETAK:Anjel ValdesElkarEz Dok AmairuIñaki SalvadorJose Luis ZumetaJosetxo SilgueroMari Sol BastidaMikel Laboa