Musika

Jon Eskisabel

2014.10.27

Jon Eskisabel

Lou Reed, mila esker

Gaurko egunez hil zen, duela urtebete, Lou Reed, 71 urte zituela. Lehen urtemugarekin bat eginez, Euskal Herriko hainbat kantarik New Yorkeko abeslariaren omenez grabatutako diskoa argitaratu dute. Lou Reed, mila esker du izenburu Jonan Ordorika soinu teknikari eta Reeden obraren zale sutsuak bultzatu duen proiektuak, eta Txuma Murugarrenek euskarara ekarritako Reeden hamar kantu biltzen ditu, tartean haren ezagunenetako batzuk: Romeo had Juliette, I’ll Be Your Mirror, Sad Song, Walk on the Wild Side… Kantuei ahotsa jarri dietenen artean berriz, Ruper Ordorika, Anari, Gorka UrbizuMaddi Oihenart, Txuma Murugarren bera, Gari, Evaristo eta El Inquilino Comunistako Santi eta Alvaro anaiak daude, besteak beste.

Foto-Lou-Jonan-Ferna

Fernando Saunders, Jonan Ordorika eta Lou Reed.

Reeden omenezko disko bat prestatzeari ekiten dion edonork ondoan nahiko lukeen luxuzko konplize bat izan du Ordorikak, Fernando Saunders baxu jotzailea, Lou Reedekin hainbat diskotan eta zuzenekoetan aritutako musikaria hain zuzen. Bien artean dagoen urteetako adiskidetasunari esker gertatu ahal izan da. Lou Reeden taldekide gisa Donostiako Kursaalen eskainitako kontzertu baten ostean elkar ezagutu zuten, 2000. urtean, eta geroztik Euskal Herrira bakarka zein Reedekin jotzera itzuli den aldiro Ordorikaren Azkarateko estudio-etxera bisita egin du Saundersek. Horietako batean Lou Reed bera izan zen, 2006ko ekainean. Estudioa ezagutu ondoren, Ordorikaren etxean bertan lotan geratu zen, eta hurrengo egunean Tolosan bazkaldu zuen Saunders, Jonan eta Ruper Ordorikarekin. Ingurua ez ezik, Beteluko mamia ere izugarri gustatu zitzaion nonbait kantari estatubatuarrari, diskoko liburuxkaren kontrazalak gogorarazten duenez.

portada 300 dpi

Jose Ordorikak egin du diskoaren azala.

Fernando Saundersek baxua jo du kantu gehienetan, eta horretaz gain, AEBetako beste hainbat musikari proiektura erakartzea lortu du: Mike Rathke (gitarra), Jane Scarpantoni (biolontxeloa), Dalibor Mraz (bateria), Pete Min (gitarra), Oliver Lee (gitarra), Adam Armstrong (bateria), Duke McVinnie (gitarra)… Haiekin batera, Euskal Herriko izen ezagunak ageri dira kredituetan: Arkaitz Miner, Rafa Rueda, Javi Pez, Iñigo Muguruza, Joseba Tapia, Xabier Leturia, Txus Aranburu, Karlos Aranzegi… Saundersekin batera, Paco Loco musikari eta soinu teknikari espainiarra izan da Jonan Ordorikaren beste laguntzaile nagusia proiektuan. Hainbat kantutan hartu du parte Paco Locok, eta ekoizpen lanak egin ditu Saunders eta Ordorikarekin batera.

LOU REED - RUPER ORDORIKA

Lou Reed eta Ruper Ordorika, Tolosan, 2006. urtean. (Imanol Garcia)

Kantuen hautaketa Jonan Ordorikak egin du, eta bakoitzari egokitu dio kantari bat. Honako hau da kantu eta kantarien zerrenda:

  • Romeo had Juliette (Ruper Ordorika): New York diskoa irekitzen duen kantuak ematen dio hasiera omenaldiari. Ruper Ordorikari ezin hobeto datorkion kantua da eta jatorrizkoari jarraitzen dion bertsioa egin du oñatiarrak. Hain zuzen, jatorrizkoa grabatu zuen gitarristak, Mike Rathkek, parte hartu du moldaketa honetan. Oliver Lee, Dalibor Mraz, Saunders eta Arkaitz Minerrek laguntzen diote.
  • Walk on the Wild Side (Andoni Basterretxea): Lou Reeden kanturik ezagunenaren irakurketa pertsonala egiteaz arduratu dira Javi Pez eta Saunders. Haienak dira moldaketak eta programazioak —jatorrizkoa belztu egin dutela esan daiteke—, eta Andoni Basterretxeak (Delirium Tremens) bere kantatzeko eraren xarma erantsi dio.
  • Smalltown (Txuma Murugarren): Tapia eta Leturiaren azken formazioa (Txus Aranburu eta Arkaitz Minerrekin) berriz elkartu da diskoko moldaketarik harrigarriena —eta biribilenetakoa ere— ontzeko. Songs from Drella diskoko kantua herrixka batean girotu eta trikitiaren esparrura eraman dute.
  • A Gift (Santi & Alvaro El Inquilino Comunista): Getxo Sound-aren talde ikurraren buruek Coney Island Baby diskoko klasiko bati heldu diote. Ahoskatze arazoak gorabehera, bertsio apal baina atsegina egin dute.
  • The Blues Mask (Petti): gordina eta basa da, testuarekin bat eginez, Pettik Blue Mask diskoko kantuari emandako interpretazioa.
  • I’ll Be Your Mirror (Maddi Oihenart): The Velvet Undergrounden lehen diskoko kantu mitikoari darion magia eta denboraz kanpoko izaera eraberritu du kantari zuberotarrak. Merituaren zati handi bat Rafa Ruedaren gitarrari zor zaio.
  • Who Am I? (Gorka Urbizu): diskoko une gorenetako bat. The Raven diskoko kantu honen testu luze eta pertsonala —Lou Reeden “testamentua” da, Pedro Elias Igartuak promozio orrian dioenez— abesteko ahaleginari heldu dio Gorka Urbizuk, eta onik atera da tour de force horretatik. Zirraragarria.
  • Real Good Time Together (Evaristo): Paco Loco eta La Pollako kantari ohiaren artean egosi dute diskoko bertsio rockanrollero eta freskoena.
  • NYC Man (Gari): groove handia du Saundersen baxuak eta Txus Aranbururen rhodes teklatuak ehundutako koltxoiak, eta haren gainean oso dotore abestu du Garik.
  • Sad Song (Anari): Berlin diskoa ixten duen kantuak osatzen du bertsio sorta —ondoren, Paco Locok sortutako instrumental laburrak ematen dio azkena diskoari—. Jatorrizkotik nabarmen urruntzen da Duke McVinniek ondutako bertsioa. Gitarrek, txeloak eta bateriak giro trinkoa saretzen dute, eta Anarik asmatzen du ahotsa bikoiztuz dagokion tentsioa adierazten.

ETIKETAK:AnariAndoni BasterretxeaGariGorka UrbizuJonan OrdorikaMaddi OihenartPettiRuper Ordorikatxuma Murugarren