Musika

Disko kritika: ‘Bidaia’ (Zingira)

zingirazala

Iñigo Ibarrondo oñatiarra asko estimatzen dut Sharon Stonerrekin 13 taupada disko zoragarria atera zuenetik. Haren ahotsak bereizgarri bihurtu zuen hirukoa, eta lan bakoitzeko eginiko urrats musikalak haren bakarkako bidearen hasieran egin du eztanda. Zingira izen berriarekin ateratako Bidaia lehen lana udaberriko lorea da. Naturala, hasi eta buka. Hezea bezain psikodelikoa, paradisu txiki baten isla. Hostoak” kantua sarean aurreratu zuenetik zur eta lur geratu nintzen. Zortzi minutuko pieza batek hala harrapatzen bazaitu, zer izango da ondoren datorrena? Maila berekoa, zinez. Ipar Haizea”-k izaera progresiboa azaleratzen du; Sandaili” instrumentalak, berriz, folk sinfonikoa aldarrikatzen du. King Crimson, Errobi edo Opethen azken bi lanen eragina usaindu dut. Suediarren kamiseta soinean duela, gustura ikusiko nuke Iñigo eta banda bilduma berezi hau oholtzan eskaintzen.

(Berria egunkarian, 2016ko martxoaren 27an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakErrobiHemerotekaSharon StonerZingira