Musika

badok

2018.04.20

badok

Borreroak 25 urte: iritziak (III)

Gaur duela 25 urte argitaratu zen Borreroak baditu milaka aurpegi, askorentzat Negu Gorriak-en eta euskal rockaren lan biribilenetakoa den diskoa. Astean zehar diskoa gogora ekartzeko eskainitako artikulu sortari amaiera ematen diogu Asier Leoz, Garbiñe Ubeda, Arkaitz Biain eta Keu Agirretxearen oroitzapen eta gogoetekin.

Negu Gorriak Borreroak

Negu Gorriak, ‘Borreroak baditu milaka aurpegi’ diskoaren promozioko argazkian (1993).

ASIER LEOZ (Euskadi Irratiko ‘Portobello’ saioko gidaria)

Neurriz kanpoko diskoa —70 minutuko iraupena— sormenari mugarik ez ipintzea lehentasun hartuta. Esana zeukaten argi asko aurreko Gure jarrera hartan: “rock, rap, reggae”. Haiek ziren eta haiek dira zutabeak. Baita hirugarrena izan zen ekarpen honetan ere. Hemen, ordea, jasotako eragin haiek nabarmen sofistikatu ziren, mezua (oraindik gehiago) findu eta amorrua –ez gorrotoarekin nahastu– norabide bakarrean bideratuta, borreroak aurpegi desberdina izaten du eta. Koloretsua, azalaren beltza halakoa izanda ere, edo, akaso, horrexegatik. Spotify garaiari aurrea hartuta, NG zen preskriptorea, “selektah” delakoa, hamarkada bat atzerago Kortatu izan zen bezala: The Clash, Linton Kwesi Johnson, Fugazi, RHCP… ideia zabaldu. Streaming korronte geldiezina. Lehen zartakoa diskoa hasi orduko dator (“Bi doberman beltz”) eta, handik aurrera, erritmo eta tonuak etengabeko dantzan. Aldarrikatzaileak batzuk, bizitza ospatu nahian sortuak besteak. Nabarmentzekoa, “Itxoiten” bikainak helarazten zuen arnas falta hura. Garaile, dena dela, maitasuna. Gauza guztien gainetik “Hemen izango bazina” sentikor hartan. Hogeita bost urteren buruan, denborak eman dio benetako dimentsioa Borreroak… diskoari. Baita azaleko bi aizkora haiei ere. Gurutzatuta 1993an, gaur etzanda. Esan beharra dago. Eta ozenki.

GARBIÑE UBEDA (Kazetaria eta idazlea, ‘Negu Gorriak. Ideia Zabaldu Tour 95′ liburuaren egilea)

Ideia Zabaldu Tour-eko kontzerturik gogoangarrienetako bat Berlinen eskaini zuen Negu Gorriak taldeak. Europan segida handia zuten ordurako, eta kontzertura bildutako musikazale eta lagunek plater gogokoenari bezala jarraitzen zioten abestien zerrendari, hasieratik beretik. Gogoan dut antolatzailea, tipo jantzi eta karismatikoa, piztu egin zela kontzertuaren erdialdera, “Itxoiten”-en txanda heldu zenean. Abestirik maiteena, zalantzarik gabe, hura zuela aitortu zidan, besteek ez bezalako eboluzioa zuelako, apal hasi eta amaiera ezin indartsuagoa, hitz bikainak… Arrazoirik kendu ez nion arren, harrigarria egin zitzaidan aitortza, Borreroak baditu milaka aurpegi-k dena baitzuen ona eta kasik gorena gure orduko begietara, eta nik neronek, abestiak mila bider entzunak izanagatik ere, lanak izaten nituelako bakar bat hobesten.

Denbora gupidagabeak ez ditu gauzak aldatu. 25 urte eta gero, badakit zein izan litezkeen atzean utzi ditudanak, baina nekez esan dezaket bospaseiren artean abestirik gogokoena zein dudan: “Bi doberman beltz”, “Hipokrisiari stop”, “Itxoiten”, “Kolore bizia” edo“Pistolaren mintzoa” ote den… Diskoa benetan antologikoa den seinale. Hala ere, bakar bat entzuteko aukera besterik izango ez banu, “Pistolaren mintzoa” aukeratuko nukeela uste dut.

ARKAITZ BIAIN (Anger taldeko abeslaria)

Diskotzar honek mende laurdena bete duela konturatzeak harriduraz (eta beharbada kezkaz) harrapatu nau. Hogeita bost urte? Adinean aurrera goazenaren beste adierazle bat… Oraindik ez nituen hamabi urte Negu Gorriak-en harribitxi hau kaleratu zenean, eta Euskal Herriak eman duen talde garrantzitsuenetako baten fan borrokatua zen (garai hartan) haur batentzat, oso momentu berezia izan zen disko hau lehen aldiz entzutea. Aurreko bi diskoetan entzun, ikusi eta irakurritakoa zartatu zuen (bai, Negu Gorriak-en diskoak entzun, ikusi eta irakurtzeko modukoak iruditzen zaizkit). Diskoaren azaletik hasita, koloreak taldearen arima musikal beltza margotzen zuen; kasu honetan aurreko lanetan oinarrietako bat zen rapetik, askotariko estilo, erritmo eta sonoritateetara (ska, funk, reggae, dub, …) naturaltasun osoz eta konplexurik gabe jauzi eginez. Kolore beltz horrek era berean, diskoan zehar aurretik aipatutako estiloekin maisuki nahastutako hardcorearen eta rock gogorrenaren iluntasun, zorroztasun eta urgentziari ere erreferentzia egiten zien. Eta diskoaren azal beltzak, milaka erreferentziaz josi eta bustitako garaiko hitz kritiko, gordin eta konprometituak islatzen zituen.

Adin horretako neskato-mutiko batentzat ez ziren oro har erraz ulertzeko gai, ideia edota izenak, baina gehiago jakin eta deskubritzen jarraitzeko hariak ziren: etxean galdetzeko, egunkari edota aldizkarietan irakurtzeko, liburuetan bilatzeko… Entzun eta irakurri genitzakeen erreferentzia ezberdinei esker ezagutu genituen Luis Mariano, Rollins Band, Malcolm X, Angela Davis, Lucrecia Perez edota Anton Reixa bezalako izen propioak.  Eta batez ere, internet, Spotify eta Google-ik gabeko kaseteen aroan, 70 minutuz milaka doinu, erritmo eta mezu barnebiltzen zituen soinu bandaz gozatzeko abentura zen (eta izaten jarraitzen du) Borreroak baditu milaka aurpegi entzutea.

Hogeita bost urte pasa diren arren, lan honetan modu bikainean jasotzen den soinu eta kultura mestizaiak, eta borroka eta eraldaketarako beharrak, inoiz baino gehiago, bizirik diraute gaur egun ere.  Mila esker Negu Gorriak afro euskaldunon oinarri ideologiko eta musikalean tamainako ekarpena egiteagatik.

KEU AGIRRETXEA (Musikaria)

“Hator, hator” singlea izan zen nire lehen kontaktua taldearekin 1990. urtean, zazpi hazbeteko biniloa. Kuadrilakoekin Hilobi taldea osatu genuen eta asko entzuten genuen garai hartan Akeita tabernan. Pare bat urte pasatu ziren eta zuzenean ikusi nituen Mutrikuko Venezia diskotekan Mano Negra taldearekin batera, sekulakoa izan zen, uste dut 1992an izan zela (sarrera gordeta dut).

Bi urte beranduago beraiekin agertokia konpartitzeko aukera izan nuen, maiatzaren 7an Usurbilgo frontoian. Nire debuta izan zen Etsaiak taldearekin, eta itzela izan zen lehen kontzertua Negu Gorriak-ekin izatea. Borreroak baditu milaka aurpegi diskoko hainbat kantu jo zituzten, sekulako giroa izan genuen gau hartan. Estilo asko fusionatzen zituen taldea zen eta zuzeneko indartsuak eta energikoak egiten zituzten.

Bi urte beranduago Oiartzunen, 1995. urteko urriaren 28an, berriro elkarrekin jotzeko aukera izan genuen Hitz egin jaialdian. Gau hori ahaztezina izan zen, 12.000 pertsona batu ziren. Dut, Bap!!, Anestesia, Su Ta Gar, Kashbad, Etsaiak, Negu Gorriak… Erretinan geratzen diren gau horietakoak.

Beti presente izan dudan taldea izan da, gehienbat taldekide bakoitzaren proiektu paraleloak eta aurreko taldeak ere gustuko izan ditudalako. Denak batzen zirenean talde konpaktua osatzen zuten, bai estudioan baita zuzenekoetan.

1997an Zaldibian izan zen eszenatokia konpartituko genuen azken aldia. Negu Gorriak, Dut, Zebda, Body Count, La Polla, Su Ta Gar, Deabruak Teilatuetan eta Etsaiak aritu ginen.

Oroitzapen ederrak izan genituen orain dela urte batzuk Fermin Muguruza Ondarroako Beikozini antzokira etorri zenean eta Neguren abestiren bat berriro zuzenean entzun genuenean.

“Bi doberman beltz” kantua aukeratzen dut.

ETIKETAK:Arkaitz BiainAsier LeozDeabruak TeilatuetanDiskoakEtsaiakGarbiñe UbedaKeu AgirretxeaNegu Gorriak