Musika

badok

2018.04.18

badok

Borreroak 25 urte: iritziak (I)

Borreroak baditu milaka aurpegi diskoaren 25. urtemugari eskainitako artikuluekin jarraituz, Negu Gorriak-en lan horri buruz galdetu diegu hainbat musikariri, eta diskoko kantu bana aukeratzeko eskatu. Guztira 12 dira bildutako iritziak, eta hiru multzotan emango ditugu gaurtik ostiralera bitartean. Lehen atalean, Jurgi Ekiza, Gorka Suaia, Eneritz Furyak eta Ander Pikowskyk kontatu digutena irakur dezakezue. 

Negu Gorriak Lauga Baiona

Negu Gorriak-ek Baionako Lauga aretoan eman zuen azken emanaldiko irudia, 2001. urtekoa.

JURGI EKIZA (Willis Drummond taldeko kidea)

Behin baino baino gehiagotan aipatu dut Negu Gorriak-ek ene bizitzan izan duen garrantzia… Talde horrek sentiarazi zidan euskaldun izatearen sentimena, zerbait zehaztezinaren parte izatearen sentimen hori, edo hobeki errateko, hitz batzuk jarri zizkion sentimen barneratu horri. Hitz batzuk… eta soinu banda bat, distortsioan murgildua. Garai hartan hitz hauek ezin nituen ulertu, baina CDek eramaten zuten liburuxketan jarri zituzten hitz eta itzulpen guziak… Horren bidez berriz sortu zen ene harremana urteetan zehar galdu nuen euskararekin… Zenbait urte berantago izena eman nuen AEKn, ene txandan hasteko kantak idazten ere bai. Bai, euskararen ateez gain, Neguk (eta beste batzuk, haien artean nagusiki Nirvana…) musikaren ateak ere ideki zizkidatelako. Ehunka ditut talde honekin oroitzapenak, bakarrik kasko batekin buru gainean, lagun batzuekin Poloniako logela batean 14 urterekin “Hipokrisiari stop!” oihuka kantatzen, Baionako Lauga gelan ene lehen benetako kontzertua bizitzen, eta pentsatzen “hau da egin nahi dudana”, ala Donostiako belodromo betean, Galindoren aurkako garaipena ospatzen, pixka bat triste, bagenekielako hainbeste itxaron genuen momentu horrek, Negu Gorriak-en berrosatzeak, erran nahi zuela ere zuzenean ikusteko azken aukera izanen zela!

Borreroak baditu milaka aurpegi istorio horren kapitulu garrantzitsua izan zen. Ikusten genituen lehendabiziko euskarazko bideoklipak ziren, bere fusioa-ren hoberenean zen seguraski taldea, rapa nagusitzen zen piskanaka bertan, testuak oso onak ziren, eta deskubritzen nuen posible zela gauza militanteak, pertsonalak eta poetikoak nahastea…

Kanta bakar batekin egon behar banaiz, “Itxoiten” izanen da. Entzun nuen lehen alditik hunkitu nau, eta hitzak ulertu nituenean gainera, are eta hobeto iduritu zitzaidan… Komiki hartan inspiratutako letra horren bidez, nerabe nintzelarik oraino, ohartu nintzelako emazteek bizitzen zuten injustiziaz haien bizitza osoan… Gaur egun, ene bakarkako kontzertuetan “Itxoiten”-en bertsione bat jotzen dut. Musikalki garaikidea geratzen da enegatik, eta gaia, nola ez, zentzu batean, aktualitatekoa da oraindik, maleruski.

GORKA SUAIA (Reggae eta hip hop abeslaria, Ama Rebel taldeko kidea)

Hamar urte nituen Borreroak baditu milaka aurpegi argitaratu zenean. Baina urte batzuk igaro ziren Negu Gorriak-en musikarekin lehenengo kontaktua izan nuen arte: auzoan hip-hopean hasi berriak ginen, eta etxeko tokadiskoan anaiaren Gure jarrera biniloa jarri eta, Grandmaster Flashek egiten zuen moduan, eskratxeatzen hasi nintzen, oh yeah!

Egia esan, hau ez da Neguren nire diskorik kutunena, baina hitz itzelak ditu: 90eko hamarkadaren hasieran murgiltzen laguntzen diguten zuri-beltzeko hogeita bi argazki. Badirudi gauzak aldatu direla, baina funtsean… ez da ezer aldatu.

Hurrengo paragrafoak, adibidez, ederki islatzen ditu gaur egungo adierazpen askatasunaren aurkako azken erasoak:

“Hitzez kondenatua
Hitzez epaitua
Hitzez-hitz zigortua
Hitzez-hitz antzua
Munduko hiztegi oro ari da negarrez
Aditzak beldurtuak geldi-geldi daude”

Bukatzeko, Fermin Muguruzak zoritxarrez oraindik abestu behar izaten duen kantu bat aukeratzen dut: “Kolore bizia”. Plaza guztietan entzun dadila!

ENERITZ FURYAK (Kantaria)

Diskoa bere osotasunean ez dut askotan entzun: etxean ez zegoen disko hori ez kasete ez CD formatuan; baliteke Negu Gorriak-en besteren bat edo batzuk LP formatuan izatea aitak, baina ez nago oso ziur, eta bera ere ez (Muguruza anaien, oro har, oso zalea izanagatik, kontzertuetara joaten ziren bi lagunetatik punk, rock eta rap zalea bere laguna zelako, eta bera, aldiz, folkia).

12-15 urterekin Emuletik jaitsi nituen diskoetako bat ere ez da Borreroak baditu milaka aurpegi, nahiz eta esango nukeen nire lehen MP3an “Kolore bizia” eta, batez ere, “Itxoiten” kantuak bazeudela. MP3? Emule? Demontre, hain gazte, eta dagoeneko dinosauroa dirudit. Baina 25 urte ez dira hain gutxi disko batentzat, eta galdetu didate: heldu al da zure belaunaldiarengana disko (askorentzat ezinbesteko) hau? Nola bizi duzue?

Eta kuadrilako WhatsApp taldera jo dut, elkarrizketan gauden zazpi neska irundarron iritziak biltzeko (ni naiz taldeko gazteena, 1993koa, baina besteek ez dute adin alde handirik nirekiko): ahizpa bikiei osabak jartzen omen zien bazkalosteetan ikastolara joan baino lehen; beste batek dio ez zuela atsegin, baina nerabezaroko disko “mitiko” bat izan zela; beste batek tabernetan entzun izan duela dio, Irungo Mosku plazakoetan. Eta azken horren erantzunarekin ohartu naiz taberna eta txosnetan entzun dudala gehienbat disko hori, eta oraindik jartzen dutela (onerako eta txarrerako, egon baitaude azken hamar urteetan, gutxienez, kantu zerrenda bera larunbatero jarri duten tabernak).

Aldiz, erabat ziur nago, Irunen behintzat, nire adinekoen ehuneko handi batek ozta-ozta jakingo duela nor den Fermin Muguruza, ez baita oso fidagarria nire ikerketako lagina (WhatsApp elkarrizketa). Elkarrekin euskaraz aritzen diren zazpi neska. Non, eta Irunen. Eta Moskun ibiltzen gara, nahiz azken aldian giro askorik ez dagoen eta nahiko aspertuta gauden. Eta politikoki eta alardeari dagokionez… Orain esan ez duela batere zerikusirik, ja! Eskolan ez genuen Irunen sortutako euskal musikaren berri izan ia, ez bazen ikasleon arteko kontrabandoari esker, eta suposatzen dut hori ere ez dela askorik aldatu. Nolabait, ordea, borrero hitzak zer esan nahi zuen ikasi genuen guk ere. Ez da gutxi.

ANDER PIKOWSKY (Aizkorak Zorroztu taldeko kidea)

Negu Gorriak maite dut. Ez dut inoiz sinetsi betirako amodioan, baina lehen egunean maite nuen bezala maite dut oraindik ere Negu Gorriak.

Taldeak desegitera zihoala iragarri baino hilabete batzuk lehenago ezagutu nuen eta momentu hartatik aurrera Negu Gorriak-en disko guztiak orden kronologikoan entzuten hasi nintzen. Lehenengo diskoa ehunka aldiz entzun nuen, hainbeste buelta eman zituen walkmanean bertan puskatu zela. Gertakari horrek eraman ninduen taldearen hurrengo diskoak entzutera.

Borreroak baditu milaka aurpegi lehen aldiz entzun nuenean, ez ninduen aurreko diskoek beste bete, aurreko diskoek zituzten osagaiak faltan botatzen nituen. Disko honetako soinua eta moldaketak askoz ere landuagoak ziren aurrekoak baino. Estilo eta erritmo desberdinen irabiagailu bat da, musikan ezagutzeko geratzen zitzaidan mundu berri bateko ateak ireki zizkidan. Lehen Negu Gorriak bakarrik maite nuen, baina momentu horretan musika maitatzen hasi nintzen! Denborarekin nire disko gogokoenetariko bat izatera pasa da.

Une magikoz beteriko diskoa da, abesti bakoitzak une magiko batera eramaten zaitu, Tarantinoren pelikuletako eszenek bezalaxe.

Abesti bakar bat aukeratzea oso zaila egiten zait, momento bakoitzean edo daukadan beharrizanaren arabera abesti bat entzutea gustatzen zait. Baina bat aukeratzekotan “Kolore bizia” aukeratuko nuke. Fermin Muguruzak Nola? diskoan New Orleanseko bandarekin egin zuen bertsioa ikaragarria da.

Negu Gorriak, gurea da garaipena!

ETIKETAK:Ander PikowskyDiskoakEneritz FuryakFermin MuguruzaGorka SuaiaJurgi EkizaNegu Gorriak